Etxean zaude, baina ikasten jarraitzen duzu. Nola?
Unibertsitatean klaseak arratsaldez izaten ditut. Eta etxean, ordu horiek errespetatuz, klase birtualak izaten ditugu. Gure klase gehienak arbelean klerarekin idatzita eman ohi ditugu, eta egunotan, arbelean idatziko luketena ikus dezakegu ordenagailu bidez, eta bitartean, irakasleek klasea ematen dute audio bidez eta guk jarraitu egiten ditugu. Aurrez aurreko klasea izango balitz bezala da. Edo bestela, irakasle batzuk bideoak bidaltzen dizkigute, apunteak aurrean dituztela klasea emanez. Guk ariketa horiek aurrez egin, eta ondoren, klase orduetan, zalantzak argitzen ditugu.
Eta materia guztia ematen duzue horrela?
Ikasgai bat kendu digute, laborategian egiteko praktikak baitira. Gainerakoak, ordea, normaltasunez egiten ditugu.
Bertaratzea kontrolatzen al zaizue?
Ez gaituzte kontrolatzen. Gure ikasketetan ere ez dute kontuan hartzen klaseetara joan zaren edo ez. Soilik praktiketara goazen edo ez begiratzen dute.
Zein bide ibiltzen duzue lan egiteko?
Plataforma bat daukagu, egela deritzona. Horra igotzen dizkigute apunteak. Baina berez ere horrela funtzionatzen dugu. Egia esan, ez zaigu gehiegi aldatu.
Baina pantailaren alde banatan egonda, berdin-berdin aritzen zara?
Galdera edo zalantzaren bat edo dudanean da desberdinena. Aurrez aurrekoak laguntzen du horrelakoetan. Zalantzak eta esplikatzea gehiago kostatzen zaigu ordenagailuz, bai.
Zein harreman duzue irakasleekin?
Tutoretza birtual eta pertsonalizatuak edukitzeko aukera daukagu. Klase orduez gain aukera ematen digute beraiekin hitzordua egiteko. Emailez zerbait bidaliz gero ere beti erantzuten dute. Egia esan, oso prest ikusten ditugu irakasleak denerako.
Ordu gehiago sartzen ari zarete etxetik arituta?
Ez dut uste. Goizak ikasteko aprobetxatzen ditut bai Bilbon eta bai hemen, eta arratsaldeetan klaseak izaten ditugu. Klase osteak ere pixka bat ikasteko erabiltzen ditut. Ahal dela Bilboko ordutegiak mantentzen saiatzen naiz. Ez da erraza, izan ere, buruan daukagu egun asko ditugula aurretik etxean egoteko eta horrek zaildu egiten du.
Azterketak, berez, laster izango dituzue.
Maiatzeko azken bi asteetan hasiko ginateke partzialekin. Gero, ekainean izango genituzke ohiko azterketak eta ekain amaieran ez ohikoak. Baina, momentuz, ez daukagu berririk.
Pertsonalki, nola daramazu etxetik ikastearena?
Ikastearena oso ondo, bestela ere gure graduan asko ikasi behar izaten baitugu. Bestelako gauzen falta sumatzen dut: klasera joate hutsa, klaseko kideekin egotearena... Harremanak orokorrean.