Koronabirusa

"Orain gurasoak dira ikasleen ardura dutenak"

Irati Saizar Artola 2020ko api. 7a, 12:22

Legorretako Ugaro ikastetxeko irakasleak dira Xabi Martinez (Tolosa, 1991) eta Leire Garmendia (Tolosa, 1991). Ikastetxeak ixteko erabakiaren ondotik, etxeko mahaia dute lantoki berria. Tutoreak dira biak; 5. mailakoena da Martinez, eta 1. mailakoena Garmendia.

Zer moduz daramazue etxetik lan egitearena?

Leire Garmendia: Goizetan hartzen dugu horretarako tartea. Ordenagailu aurrean jarri eta eskolako lanak egiten ditugu. Biok LHko irakasleak izanik, ondo daramagu. Badakigu, ordea, beste hainbat ziklotako irakasleak estuago dabiltzala.

Plataformaren bat edo erabiltzen duzue lanerako?

Xabi Martinez: Kontua da, adin ezberdinetan hainbat ezberdintasun daudela. Guk horretan nahiko zorte txarra eduki dugu, izan ere, 5. eta 6. mailakoei aurten ginen jartzekoak posta elektronikoa, baina hau guztia etorri da eta momentuz, posta elektronikorik ez dute. Aste Santutik bueltan, ordea, ikasleekin plataforma digitalak erabiltzen hastea da asmoa: Drivetik lanak igo, Hangoutsetik taldeko bideo deiak egin... Orain arte gurasoen posta elektronikoa izan da zubia. Guk lanak bidaltzen dizkiegu mezu batean, eta haiek bueltan erantzuten digute.

L. G.: Asteko plangintza bat egitea erabaki dugu eskolan. Beraz, astelehenetan mezu bat bidaltzen diegu gurasoei, aste horretan egin beharko luketena zehazteko.

Ikasgai bakoitza nola lantzen duzue?

X. M.: Ikasle bakoitzak bere ordutegia du. Bakoitzak badaki astelehen goizetan, esaterako, euskara, matematika eta ingelesa dituela. Orduan, mezu bidez, ikasgai bakoitzerako jarduera ezberdin bat bidaltzen diegu. Zer gertatzen da? Azken batean, autonomia eta kontzentrazioa mantentzeko maila ez dela berdina 11 urteko ikasle batean edo 6 urteko batean. Beraz, nik bosgarren mailan ematen dudanez, saiatzen naiz eskolako ordutegia mantendu dezaten.

L. G.: Gure funtzionamendua pixka bat desberdina da. 1. 2. eta 3. mailetan berezilari moduan egiten dugu lan. Hau da, ni 1. mailako tutorea naiz, baina era berean hiru maila horietako euskarako irakaslea ere banaiz. Beste tutoreak ere gaztelania eta matematikako irakasleak dira hiru mailetan. Nik, beraz, 2. eta 3. mailetarako prestatutako euskarako jarduerak beste tutoreei bidaltzen dizkiek, haiek mezu bidez ikasleei bidali diezazkieten, eta gauza bera egiten dute haiek nirekin.

Hainbat familiek baliabiderik ez dute etxean Internet izateko. Baduzue kasurik?

X. M.: Bai, bakarren bat. Orain arte ikastetxera joateko aukera izan dute lanak fotokopiatzera. Hau luze doa, ordea, eta udalarekin harremanetan jartzea pentsatzen ari gara, aukerak aztertzeko.

Zeregin faltarik ez dute behintzat ikasleek.

X. M.: Ematen dizkiegun lanez gain, saiatzen gara material gehigarria ere ematen. Izan ere, 24 ikasle dauzkat gelan eta bakoitzak bere erritmoa du. Baina garbi utzi duguna da etxe bakoitzak baloratu behar duela ea ordutegi guztia bete behar duen edo ea gehiegi iruditzen zaien.

L. G.: Bai, egoera kaotiko honetan, argi utzi nahi izan genien gurasoei beraiek direla ikasleen ardura dutenak, beraz, beraiek balora dezatela zer egin eta zer ez. Ez da derrigorrezkoa guk bidaltzen duguna egitea, orientatzeko zerbait besterik ez da. Izan ere, badakigu etxe guztietako egoera ez dela berdina, eta ez dakigu gurasoek laguntzeko aukerarik ere baduten.

Klaseetara bueltatzeko esperantzarik baduzue?

L.G.: Nik egia esan badaukat. Era berean, ondo gaude etxean baina, faltan ere botatzen dut.

X. M.: Pena izango litzateke ikasturteari itxiera bat eman gabe amaitzea. Denok elkartzeko egun batzuk izatea ondo egongo litzateke, uda aurretik agurtzeko behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!