Koronabirusa

"Zuk jarri behar dizkiozu mugak zeure buruari, eta hori pixka bat zaila da"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko api. 7a, 12:04

Batxilergoko bigarren ikasturtea egiten ari da Tarba Dedah ikaztegietarra. Selektibitatea egin beharko du uztailean, eta azken asteetako gorabeherekin kezka puntu batzuk baditu, eta ikasleen artean ere aurkitu du laguntza. Medikuntzari lotutako ikasketak egin nahi lituzke.

Etxean zaudete ikasleak eta irakasleak. Nola moldatzen zarete?

Orixeko ikaslea naiz, eta irakasleek izugarrizko lan handia egin dute guri laguntzeko. 24 orduz egon dira ordenagailuaren aurrean, eta lanak bidali dizkigute. Edozein zalantzarekin idatzi diegu, eta prest egon dira guri azalpenak emateko. Batzuk ariketak bidali dizkigute azalpenak eman gabe, eta zalantzak izanez gero galdetzen joan gara. Beste batzuk aldiz, zer irakurri behar genuen eta zein ariketa egin behar genituen esan, eta hurrengo egunean erantzunak bidaltzen zizkiguten. Beste batzuk saiatu dira bideo bidez azalpenak grabatzen, baina oraindik ez dugu jaso bideorik, baizik eta power point bidez.

Gustura ari zara?

Beste lagun batzuekin hitz egin dut, eta beraiei bideo deiak egiten dizkiete. Eskola ordutegia errespetatuz, 08:00etarako jada etxeko lanak bidali dizkigute, eta saiatu dira eskolako ordutegia errespetatzen. Matematika edota kimika moduko ikasgaietan eskertuko nuke bideo deia, baina ez digute egin. Aldiz, hautazko irakasgaietan bai izan dugu aukera deiekin zalantzak galdetzeko.

Faltan bota dituzu, beraz, ikasgai batzuetan?

Bai, baina esan bezala irakasleak asko ari dira saiatzen. Kimikako irakasleak arbela eta dena erosi du, baina oraindik ezin izan dugu deirik egin. Bat-batekoa izan da, eta inor ez zegoen prest honetarako. Irakasleak saiatu dira ahal duten guztia egiten eta guri gauzak errazten. Badirudi, Aste Santua eta gero horrela jarraituko dugula, eta gauzak aldatuko direla iruditzen zait.

Zer moduz moldatzen zara etxean ikasteko?

Ohituta nengoen liburutegian ikasten. Herrian dugu liburutegia, eta giltza dugunez aukera daukagu nahi dugunean erabiltzeko. Izugarrizko aukera da hori, eta horretara ohituta nengoen. Etxean bost anai-arreba gara, eta guztira zazpi pertsona bizi gara. Ikasteko giroa ez da erraza.

Egunerokoa ez da erraza?

Lehen egunero seietan jaikitzen nintzen, eta orain aukera dut zortzietan edo bederatzietan jaikitzeko, baina ez badaukazu diziplina bat zeure buruari esateko hauek ez direla oporrak, jai daukazu. Irakasleak edo gurasoak ez dira zure gainean egongo 24 orduz. Zuk jarri behar dizkiozu mugak zeure buruari, eta hori pixka bat zaila da egiten da.

Selektibitatea egin behar duzu. Urduri zaude?

Bai. Itxialdia baino lehen azterketa batzuk egin genituen, eta zoritxarrez irakasgai bat ez nuen gainditu. Errekuperazioko azterketa egin behar nuen, eta orain galdera asko ditut. Noiz egingo dut, egin ahal izango dut, bai edo ez... Hirugarren ebaluazioko azterketak izango ditugu eta dena pilatu da. Batzuk esaten dute oso lasai daudela.

Orain, oporretan zaude?

Bai. Lanak ez dizkigute bidali, baina esan digute gure lanekin jarraitzeko, eta ez gehiegi erlaxatzeko. Edozein zalantza izanez gero, beraiek hor egongo direla esan digute.

Selektibitatea uztailean: denbora gehiago ikasteko, opor gutxiago.

Bai, oporrak galduko ditugu, baina esan dudan moduan, ona da, errekuperazioak ditugunontzat. Denbora gehiago izango dugu. Aldatu egingo dute, gainera, ikasgai guztiak ez ditugulako eman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!