Koronabirusa

Txikiak, baina ezinbestekoak

Irati Saizar Artola 2020ko api. 1a, 11:56

Osasun alarma dela eta, zeregin jakin batzuetarako soilik atera daiteke etxetik. Horietako bat da beharrezko produktuak erostera ateratzearena. Irekita daude premiazko produktuak saltzen dituzten dendak, baina Covid-19ak eragindako egoeretara moldatu behar izan dute saltoki horiek, eta zeresanik ez saltoki txikienek.

Erosketak egiteko ezinbesteko denbora soilik erabili behar da, eta hori bete ahal izateko etxetik hurbilen dauden saltokietara joatea gomendatu dute. Eta ahal bada, astean behin soilik egitea. Herri txikienetan behintzat, hurbilen daudenak saltoki txikiak dira. Ohikoa denean baino bezero gehiago dituztela nabarmendu dute saltzaile gehienek, eta hasieran kosta egin bazitzaien ere, egunak aurrera joan ahala, lanari neurria hartzen ari direla baieztatu dute.

Saltoki bakoitzak bere neurriak hartu ditu egoerari aurre egiteko. Kontuan hartu dute metro bat baino gehiagoko distantzia mantendu behar dela bezero baten eta bestearen artean, eta hori bermatu ahal izateko, zehaztu egin dute zenbat pertsona egon daitezkeen momentu berean denda barruan. Horrez gain, eskuak garbitzeko produktuak ere jarri dituzte sarreretan, eta batzuetan eskularruak ipini behar dira. Ordutegiari dagokionez, hainbat saltokik aldaketak egin dituzte, eta batzuek goizez soilik zabaltzea erabaki dute.

Gobernuak zehazu duenez, honako dendak soilik egon daitezke zabalik: janari eta edari dendak, farmaziak, optikak, ortopediak, drogeriak, kioskoak, gasolindegiak, estankoak, teknologia eta telefono dendak, animalientzako jatekoa duten dendak, urruneko salmenta bidez funtzionatzen duten saltokiak, besteak beste, telefonozkoak, postazkoak edo Internetezkoak, tindategiak eta garbitegiak, eta albaitaritza klinikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!