Koronabirusa

"Konfiantza aurrez aurreko salmentak ematen du"

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 1a, 19:58

Villabonako Kale Nagusiko 29. zenbakian kokatuta dago Basajaun liburu denda. Egunotan goizez bakarrik zabaltzen du Aitziber Cenzanok (Amasa-Villabona, 1974). Osasun krisiak zulo handia utziko duela uste du.

Zein segurtasun neurri hartu dituzue liburu dendan koronabirusaren kutsatzea ekiditeko?

Mostradorean manpara batzuk jartzeko asmoa dugu. Dendan ezin dira bi pertsona baino gehiago sartu eta jendeak oso ondo erantzuten du, bere txanda itxaroten du. Garbitasuna ere areagotu egin dugu.

Jendaurreko zerbitzua mugatu egin al duzue?

Bai. Orain goizez bakarrik zabaltzen dugu denda, bezeroaren segurtasunagatik alde batetik, baina guregan pentsatuta ere bai. Egun osoan jendaurrean egonda esposizioa handiagoa baita. Orain 10:30etik 13:30era egoten da denda irekita.

Zer saltzeko baimena duzue?

Aldizkariak eta papertegiko materiala saltzeko baimena dugu. Gainerako guztia ez. Gauza kuriosoa da, liburuak edo jokoak ez dira oinarrizko zerbitzu bezala kontsideratzen. Horiek etxeetara banatu ditzakegu soilik. Kultura lehentasun gisa ez hartzea gogorra egiten zaigu.

Banaketa egiteko webgunea baliatzen duzue.

Bai. Gure webguneak martxan jarraitzen du eta han egin daitezke eskaerak. Oso ondo funtzionatzen du. Bezeroak WhatsApp bidez egiten du eskaera eta guk etxeraino eramaten diegu. Villabona eta Zizurkilen egiten dugu banaketa. Dendan dagoen material guztia saltzeko aukera ematen digu horrek. Hemen Villabonan boluntario sarea eratu da, nire iloba ere badabil bertan eta berekin moldatzen gara arratsaldez banaketak egiteko, beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

Osasun krisialdia hasi zenetik salmentak igo edo jaitsi egin zaizkizue?

Denbora laburragoan egoten da denda zabalik eta hortaz jaitsi egin dira salmentak. Egia da hilabete honetan eutsi egingo diogula, batez ere, etxez etxeko salmentari esker. Guk bezero berriak Internet bidez sumatu ditugu batez ere, etxeetarako zerbitzu hori eskaintzen dugunetik. Herri txikietako jendeak, hala ere, badu joera gertuko komertziora gerturatu eta galdetzekoa. Konfiantza hori aurrez aurreko salmentak ematen du.

Egunotan zer da gehien saltzen duzuena?

Umeek denbora pasatzeko zerbait behar izaten dute eta oso ondo saltzen ari dira kartoi meheak, tenperak, pintzelak, plastilina eta horrelakoak. Tenperak, adibidez, falta zaizkigu, asko saldu direlako egunotan. Orain arte banatzaileek dena zerbitzatu digute, baina joan den astelehenetik gure banatzaile nagusiak, Elkarrek, ateak itxi ditu. Beste biltegietan dagoenarekin moldatzea espero dugu, edo bestela, dendan daukagunarekin.

Kolpe handia izan al da hau?

Bai, izugarria. Guretzat diru laguntzak egongo direla esaten digute, baina guk ez ditugu ikusten. Gainera aurreko hiruhilekoan baino %75 salmenta gutxiago duzula justifikatu behar duzu laguntza jaso ahal izateko. Informazio guztia nahasgarria da. Merkatarioi deia luzatzen digute esku dirutan ez kobratzeko, baina gero txartel bidezko salmentengatik komisioak kobratzen dizkigute.

Zein dei zabalduko zenuke herritarren artean?

Gerturatzeko guregana, hemen gaudela eta eduki gaitzatela kontuan. Orain banaketa plataforma handien bitartez egiten dira erosketak eta geroz eta toki gehiagotara iristen ari dira. Gure kalterako. Nik galarazita daukat liburu bat dendan saltzea, baina zuk Amazonen gaur eskatu eta bihar etxean izan dezakezu. Ikusten dugu, nola hemen Malkar plazan elizaraino bitarteko ilarak sortzen diren supermerkatu handi batera sartzeko. Dendari txiki asko daude, barazkiak eta frutak saltzen dituztenak eta horiek ere goxatu egin behar ditugu.

Erlazionatuak

Txikiak, baina ezinbestekoak

Irati Saizar Artola 2020 api 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!