Koronabirusa

"Plaza zeharkatzen duen ilara sortzen zaigu maiz"

Irati Saizar Artola 2020ko api. 1a, 19:59

Besteetan baino «isilago eta kezkatuago» ikusten ditu herritarrak dendara sartzen Maite Zubillagak. Berastegiko Denda Berri saltokian egiten du lan, eta ahalik eta zerbitzu osatuena ari dira eskaintzen. Esaterako, dei bidez jasotzen dituzten eskariak etxez etxe banatzeaz arduratzen dira.

Orokorrean, zer moduz ari zarete lanean?

Ondo esango nuke, baina nabaritzen da jende gehiago datorrela. Esaterako, Berastegiko herritar asko lanera kanpora joaten dira, eta lanetik bueltan beste herriren batean dute ohitura erosketak egiteko. Orain, ordea, horiek ere herriko dendara datoz.

Egunerokotasunetik gaur egunera zer aldatu zaizue?

Esaterako, lehen arratsaldeetan haur asko etortzen ziren, eta orain ez da umerik sartzen dendara, soilik helduak datoz. Jendea, gainera, isilago dator, ikaratuta eta errespetu handiagoz. Kezka nabaritzen dut, bai egungo egoeragatik, baina baita gero etorriko denagatik ere.

Zer neurri hartu dituzue dendan?

Lehenik eta behin, dendan bertan daukagun kafetegiko eremua itxi behar izan genuen; eramateko kafea soilik eskaintzen dugu. Eta bestalde, denda barruko neurriak ere hartu ditugu: hiru lagunek baino gehiagok ezin dute barrura sartu, eta guztiak eskularruekin sartu behar izaten dute. Barruan, gainera, segurtasun tartea mantentzeko eskatzen diegu. Eta saltzaileok ere beharrezko neurriak hartu ditugu. Uneoro eskuak garbitzen ari gara, eta lana bukatzean, ukitzen ditugun gauza guztiak desinfektatzen ditugu.

Jendeak errespetatzen ditu neurriak?

Jendea, orokorrean, kontzientziatuta dago. Ilaran dagoen norbaitek presa badu abisatu egiten digu eta momentuan kasu egiten diogu. Jendea, ordea, egia esan, ondo ari da erantzuten.

Izan ere, eguneko hainbat momentutan ilara luzeak sortuko zaizkizue.

Plaza osoa zeharkatzen duen ilarak sortzen zaizkigu askotan. Baina, horrelakoetan, uste dut saltzaileok urduriago jartzen garela bezeroak baino. Jendeak behar bezala errespetatzen du.

Produktu aldetik, zer saltzen duzue gehien egunotan?

Lehen egunetan, komuneko papera, eskuetako xaboiak, lixibak eta desinfektatzaileak amaitu zitzaizkigun. Eta ondoren, adibidez, dilistarik gabe geratu ginen. Asko saldu ditugunak postreak egiteko produktuak izan dira: hostorea, gurina, jogurtak, esnea... Nik uste etxeetan dagoen jendea postreak egin eta egin ari dela.

Egunero joaten diren bezeroak dituzue, ala gutxitan eta erosketa handia egitera joaten direnak?

Gazteak direnak astean bi aldiz etortzen dira eta erosketa handia egiten dute. Helduagoa den jendeak lehengo ohiturari eusten dio. Etxetik ateratzeko aitzakia ere izan daiteke askorentzat.

Hornitzaile aldetik eta arazorik izan duzue?

Hornitzaile bakarrak esan digu, oraingoz, ez duela lanik egingo, gainerakoak, beti bezala ari dira. Kontua da, zenbait produktu inork ez dituela, esaterako, eskuetako xaboia. Biltegietan ere agortu egin zaizkie.

Neurria erraz hartu al diozue egoerari?

Hasiera hartan lanak gain hartu zigun. Urte asko daramatzat dendan lanean eta sekula ez zait horrelakorik pasa. Baldak bete eta ordubeterako hutsuneak ikusten genituen, baina egunak pasa ahala neurria hartu diogu.

Etxeetara eramateko zerbitzua ere eskaintzen duzue.

Bai, ogia banatzen aritzen denak lehen ere eramaten zizkien erosketak hainbati. Eta orain ere jendeak deitu egiten du eta behar dutena etxeetara eramaten die. Eta gainerakoan, whatsapp mezu bat edo bidaltzen didate zerrendarekin, eta ni arduratzen naiz lanetik ateratzean etxeetara eramateaz.

Erlazionatuak

Txikiak, baina ezinbestekoak

Irati Saizar Artola 2020 api 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!