Koronabirusa

"Salmentak gora egin du dendan, jendeak herrian erosten duelako"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko api. 1a, 19:57

Goizeko lehen orduetatik nabari da mugimendua Alegiako kalean, eta jendeak erosketak egiteko ilarak errespetatzen ditu pertsonen arteko tartea mantenduz.

Alegiako Aikur natur dendan egiten du lan Maider Elorza Ariznabarretak, eta lanez lepo badabil ere, tarte bat hartu du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin egoera berriaz hitz egiteko.

Zer moduz ari zara lanean egun hauetan?

Ba etxetik ez ateratzeko agindua eman zutela koronabirusagatik hamabost egun badira, eta lana bikoiztu egin zait. Nik bakarrik kudeatzen dut denda, eta salmentak asko igo dira. Jendeak herrian erosten du orain.

Jendeak, beraz, orain herrian egiten ditu erosketak?

Ez dakit lehen zer gertatzen zen edo zer egiten zuten, baina badakit orain zer gertatzen den. Nik ederki nabaritu dut. Salmentak gora egin du jendeak herrian erosten duelako.

Hornitzaileekin arazorik baduzu?

Ez. Alde horretatik lehengaiak jasotzen jarraitzen dugu, eta baita espezifikoak direnak ere. Inongo arazorik gabe. Beti dago non aukeratu, eta hornitzaileak lana egiten ari dira. Bai txikiak eta gertukoak direnak, Larreta, Behieko, Aldaba, Sasiain edota Zelaieta, esaterako. Barazkiak, fruituak, esnekiak, arrautzak.. horiekin ez dago arazorik, ezta kanpotik datozen osagaiekin ere.

Egoera honekin, erosketa egiterako garaian, batik bat lehengaiei toki gehiago egiten diegu, eta agian, kutixiak edo bigarren edo hirugarren mailakoak diren horiek ez ditugu behar.

Jendea lasai dator erosketak egitera edo sumatu duzu kezkarik?

Jendearen artean distantzia dago. Distantzia handia. Batzuk maskararekin datoz, beste batzuk eskularruekin, eta beste batzuk ezer gabe. Hasiera batean beldur itzela nabaritzen nuen, eta orain poliki-poliki ari gara mantentzen, eta elkar zaintzen, baina uste dut beste lasaitasun batekin, egoera pixka bat hausnartuta, ez baitakigu noiz arte iraungo duen.

Zuk hartu dituzu neurri bereziren batzuk?

Bai, guztiok bezala.

Jaso duzu nolabaiteko agindu edo gomendiorik?

Ez. Pixka bat kanpotik guztiok jaso dugun hori. Idatziz edo ez dut ezer jaso.

Jendea diruarekin dator dendara edo txartela da erabiltzen dutena?

Denetarik dago. Hor ikusten da ezjakintasuna edo ez ulertzea; ulertzen dut txanponak ez erabiltzearena kutsadura ekiditeko dela, baina txartelarekin ere kontuz ibili behar dugu. Datafonoa ezin da garbitu, eta hor, norberaren eskularruak ez badaude kutsatzen jarraitu dezakezu. Baina nik uste dut, zentzuz eta ondo ari garela.

Egun hauetan bada zerbait deigarria egin zaizuna?

Bai. Ama eta alaba bat metro eta erdiko distantziara hitz egiten aritzea bata besteari. Pentsatze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait. Beldurrak nola eragiten digun. Ez kutsatzeko, norbera babesteko eta besteak babesteko eman dizkiguten neurri horiek nola hartu ditugun ikusteak baloratzera eta hausnartzera eramaten nau.

Bezeroen joan etorria ez da bukatzen. Nola moldatzen zara?

Ez dut atsedenerako tarterik, baina jarraitu egin behar da lanean. Era berean, lasai hartzen dut, eta disfrutatzen ari naiz. Ez da hau dagoen arazo bakarra, jendeak arazo pila bat izaten jarraitzen du munduan, eta tokatzen den da bezeroekin hitz egitea, entzutea eta gomendioak ematea.

Erlazionatuak

Txikiak, baina ezinbestekoak

Irati Saizar Artola 2020 api 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!