«Ez dago faborito argi bat Eusko Tren ligan»

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 14a, 08:57

Berriro ere ontziratu dira Ioana Alijostes (Tolosa, 1988) eta Irati Larrañaga (Tolosa, 1991). Oraingoan Eusko Tren ligan lehian ariko den Kaiarriba elkarteko Donostiarra traineruan. Tolosaldea Arraun Klubean hasi ziren bateletan, eta gero hainbat trainerutan aritu dira, beti batera: Getaria-Tolosa, Zumaia eta San Juan. Klub berrian Naroa Urkola anoetarra eta Olatz Lopez tolosarra ere badaude.

Nolatan eman zenioten baiezkoa Donostiarra traineruan sartzeko gonbitari?

Ioana Alijostes: Maialen Arrazolak, bere garaian gure taldekide eta entrenatzaile izan zena San Juanen, deia luzatu zigun orduko taldekideei, eta hortik etorri da dena. Momentu guztian taldekide bezala baloratu dugun gauza bat izan da, eta erabakia bera ere talde bezala hartu genuen, guretzako plus bat zelako taldekideekin batera arraun egitea.

Dagoeneko hilabete batzuk daramatzazue, ezta?

Irati Larrañaga: Urri bukaeran edo azaroaren hasieran eman genion baiezkoa Maialeni, eta pixkana hasi ginen entrenatzen. Eta bai, dagoeneko hilabete batzuk daramatzagu entrenatzen, estropada batzuk egiten, eta pixkana martxan hartzen.

Eta asko kostatu zaizue berriro traineru batean sartzea?

I.A.: Beti kostatzen da pixka bat urtebete utzita izan ondoren berriro hastea. Baina arraun egiten ez da ahazten. Gehiago kostatzen dena entrenamenduen martxa hartzea da, astean sei aldiz entrenatzea, sortzen duen lotura… Gorputzari bere denbora eman behar zaio berriro dinamika horretan sartzeko, eta pare bat hilabete kostatzen da martxa hori hartzea, baina gero segituan jartzen zara berriro prest.

I.L.: Nik Ioanarekiko ezberdintasun txiki bat izan dut. Bera aurretik izan zen urtebetez geldirik, baina niretzako lehenengo aldia izan da geldirik egotearena, hamar urte arraunean aritu ondoren. Hasieran bertigo pixka bat ematen dizu, baina gero badakizu behin entrenatzen hasten zarenean segituan jartzen zarela: badakizu nola diren entrenamenduak, badakizu negua gogorra izaten dela. Egia esan gustura ari gara entrenatzen eta ez da oso zaila izan berriro martxan jartzea.

Beraz, ez zarete damutzen hartutako erabakiaz.

Biak: Pixka bat berandu da horretarako (kar, kar).

I.A.: Normalean gogorrenak lehenengo hilabeteak dira, urria, azaroa… Gero, neguan ere uretara joateko lehenengo egun horiek, iluna dagoela, euria, eguraldi txarra. Baina hemendik aurrera badakigu denak hobera egiten duela, uretara gehiago joaten gara, eta taldea gero eta landuago doa.

Nolako giroa daukazue traineruan?

I.L.: Egia esan oso giro ona daukagu. Erabakia hartzeko garaian buelta asko eman genizkion gai honi. Ez genuen joan nahi San Juaneko arraunlari bezala, ezer inposatuz edota lekua kenduz. Guk erabakia hartu aurretik esan genuen prest egongo ginela bertara joateko, baldin eta taldearen onarpena bagenuen. Bide horretatik joanda, beraiek oso ondo hartu gaituzte, eta gu azkenean gogo askorekin joan gara eta oso giro ona daukagu. Jende jatorra bilatu dugu. Beraiek jauzi bat eman nahi zuten eta gu horretarako prest joan gara, gure eskarmentutik laguntzeko. Taldea elkartuta dago eta oso ondo funtzionatzen ari gara talde bezala.

Emaitzen aldetik nola ikusten duzue orain artekoa? Besteak beste Distantzia Luzeko Txapelketa irabazi duzue.

I.A.: Oraingoz oso ondo hasi gara denboraldia. Oraindik oso goiz da ezer esateko, eta denok dakigu garrantzitsuena ekaina bukaeratik aurrera datorrela, baina beti ematen dizu indar puntu eta ilusio puntu bat entrenatzen jarraitzeko.

Nolako borroka aurreikusten duzue ligan? Iazkoa ikusita, Orio da faborito?

I.L.: Oraindik denbora falta da. Hondarribiak goraka egin duela ikusten da, Arraun Lagunakek ere taldea indartu du, Oriok iaz erakutsi zuen irabazteko gaitasuna duela, eta guk ere erakutsi dugu irabazteko gai garela. Hemendik uda bitartean laurok dugu asko hobetzeko, eta uste dut oso borroka polita izango dela, eta ligak ikuskizun handia emango duela. Ez dut ikusten faborito argi bat dagoenik.

I.A.: Iritzi berekoa naiz. Denboraldi-aurreko estropadetan ikusi da berdintasuna badagoela. Uda begira, egunaren arabera ere izango dira emaitzak: bakoitzak zer apustu egiten duen, zer sasoi puntu dituzun, zer jende jartzen duzun, zer kale tokatzen zaizun, itsasoaren baldintzak...

Tolosaldeko Arraun Klubarekin harremana izaten jarraitzen duzue?

I.A.: Beti izan dugu harremana, eta beti esan dugu kariño berezia diogula klubari, hor hasi ginelako, Orian ordu asko sartu ditugulako, arraunlari bezala eta gero entrenatzaile bezala ere. Iaz traineruko neskei laguntzen aritu nintzen, eta jendearekin konfiantza dugu, beti oso ondo zaindu izan gaituzte, eta traineruko neskekin ere harremana dugu.

I.L.: Tolosa beti izan da gure etxea eta joaten garen bakoitzean beti ditugu ateak zabalik, beti hartzen gaituzte besoak zabalik. Eta guk, joaten garen lekura joaten garela, beti esaten dugu Tolosako arraunlariak garela.

Erlazionatuak

Trainerua, arraunlarien helburu

Imanol Garcia Landa 2020 mar 14 Tolosaldea

Batelak dira oinarria

Imanol Garcia Landa 2020 mar 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!