Irailetik entrenatzen aritu ondoren, asteburuan hasi ziren lehiaketekin Tolosaldeko Arraun Klubeko batelak. Hamar batelekin hasi dute denboraldia, horietako zortzi neskena eta bi mutilena. Kike Mokoroa klubeko ordezkariak azaldu duenez, «guk pentsatzen dugu klubean dauden guztiek dutela lehiaketetan parte hartzeko eskubidea. Guztioi gustatzen zaigu lehiatzea, nahiz lehen, bigarren edo hirugarren taldean egon».
Infantil nesketan eta kadeteetan hiruna ontzi atera dituzte, eta bi jubenil nesketan. Mutilei dagokienez kadeteetan ontzi bat eta jubeniletan beste bat atera dute. «Jardunaldi honetan ezin izan dugu mutilen infantil mailakoa atera, baina ikusiko dugu aurrerantzean zehar egin dezakegun», esan du Mokoroak, eta gaineratu: «Oso pozik gaude orokorrean, beste taldeak ikusita, ontzi gehien ateratzen dugun kluba garelako».
Gipuzkoako Ligaren lehen jardunaldia jokatu zuten igandean, eta emaitzei dagokionez, infantil nesketan Tolosaldea A bigarren izan zen, Tolosaldea B bederatzigarren eta Tolosaldea C hamabigarren; kadete nesketan Tolosaldea A hirugarren izan zen, Tolosaldea B zazpigarren eta Tolosaldea C hamaseigarren; jubenil nesketan Tolosaldea A bigarren izan zen eta Tolosaldea B hirugarren; kadete mutilek lehen postuan helmugaratu ziren eta jubenil mutilak bigarren izan ziren.
ENTRENAMENDUAK, TOLOSAN
Mokoroak gogora ekarri duenez, «iazko urtea oso gogorra izan zen guretzako, presarekin gorabeherak izan ziren eta. Ez da berdina Tolosan ibaian entrenatu edo iaz ibili ginen bezala egunero Trintxerpera joatea». Zentzu horretan «esfortzu handia» suposatu zuela iazko denboraldiak esan du: «Trintxerpera joanda gehiago nekatzen zara, ez duzu hainbeste entrenatzen, buruz ere moral baxuarekin egoten zara, eta ez da berdina». Iaz lortutako emaitzak «nahiko kaskarrak» izan zirela gaineratu du, eta aurtengo denboraldiko lehen jardunaldiko emaitzak ikusita, iaz Trintxerpera entrenatzera joan behar izateak bere eragina izan zuela adierazi du.
Bestalde, aurten alor teknikoan aldaketak egin dituzte, eta Tolosaldea traineruko entrenatzailea den Ramon Erostarbe kirol koordinatzaile moduan ere ari da lanean. «Iruditzen zitzaigun egokiagoa zela horrela, eta interesgarria zela irizpide berdinak erabiltzea eta sistema bera erabiltzea», zehaztu du Mokoroak. «Erabaki horren onura pixkana ikusi dugu, eta hori da gure helburua, klub sendo bat izatea, eta ondo funtzionatzea bai barrura begira eta baita kirol arloan ere».
Gipuzkoako Batel Ligak hamar jardunaldi inguru izango ditu, eta ondoren iritsiko dira Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Gipuzkoakoa apirilaren 15 eta 16an izango da, Pasai Donibanen; Euskadikoa apirilaren 22 eta 23an, eta Espainiakoa apirilaren 29an eta 30ean.
Azken urteetan Espainiako Txapelketara TAKek «ontzi dezente» eraman dituela ekarri du gogora Mokoroak. «Espero dugu aurten ere ontzi bat edo bi Espainiako Txapelketan lehiatzeko aukera izatea, baina ikusi egin beharko dugu beste taldeak nola dauden», azaldu du TAKeko ordezkariak. «Guk gure maila ematen badugu, ontziren bat Espainiako Txapelketara iristeko aukera izango dela uste dugu».