Ohitura bihurtu da Tolosan arraunlariak ikustea, Oria ibaian gora eta behera. Tolosaldeko Arraun Klubeko (TAK) gazteak dira, entrenatzen. Aurtengo denboraldian TAKeko 16 batel ari dira lehian Gipuzkoako Ligan, 120 arraunlari inguru. Infantiletan nesken hiru batel dira, eta bi mutilenak. Kadeteetan bost batel dira neskenak, bi mutilenak, eta jubeniletan nesken eta mutilen bina batel daude.
«Aurtengoan nesken batel gehiago daude mutilenak baino, iaz kopurua orekatuagoa egon zen», azaldu du Sabino Alijostes TAKeko lehendakariak. «Batetik futbolak-eta asko eragiten du mutilek zer kirol egin erabakitzerakoan. Halere, gero eta neska gehiagok ere jokatzen dute futbolean. Nik uste dut eragin handia duela klubean nesken trainerua izateak, Tolosaldea izenean ateratzen da, eta horrek nahiko bultzada ematen die».
Senior mailan ez dute batelik ateratzen, ez mutiletan ezta nesketan ere. «Mutiletan trainerurik ez dugunez, senior izatean bakoitza nahi duen klubera joaten da. ACTko ligan dauden zenbait klubetan badaude hemendik ateratako arraunlariak», esan du Alijostesek. «Gehienek fitxa gurekin egiten dute, baina gero utzita joaten dira beraiek nahi duten klubera. Ez dugu arazorik jartzen». Bestalde, 2018an traineruen ETE liga hasi zenetik, senior mailako neskak klubean aritzen dira. Jubenil mailakoek traineruan ere aritu daitezke, eta iazko denboraldian zenbaitzuk egin zuten jauzia. «Garbi dago harrobia atzetik datorrela, eta bateletan dauden neskek ikusten dute hortxe badagoela aukera traineruan aritzeko».
«Oso ondo» doa liga
Urtarrilean hasi zen Gipuzkoako Liga, eta emaitzei begira, «oso ondo» doazela dio lehendakariak. Sei estropada jokatu eta gero, infantil neskak aurrena doaz, infantil mutilak hirugarren, kadete neskak bigarren doaz, kadete mutilak laugarren, jubenil neskak aurrenak doaz eta jubenil mutilak hirugarren. Liga bukatzeko bost jardunaldi falta zaizkie infantil eta kadete mailakoei, eta hiru jardunaldi jubenilei.
Ligaren ondoren etorriko dira Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Iaz Espainiako Txapelketara lau ordezkari eraman zituen klub bakarra izan zen TAK. Horietatik bi finalera sartu ziren, kadete mutilak eta jubenil neskak, eta azken hauek txapeldunak izatea lortu zuten. Infantil neskak eta mutilak finalera ezin izan ziren iritsi, baina kontsolazioko finalean lehen eta bigarren postuan sailkatu ziren.
«Euskadiko Txapelketan iaz sei taldeak, guztiak, finalera sartu ziren, eta horietatik lau Espainiakora sailkatu ziren. Emaitza oso onak dira horiek», nabarmendu du Alijostesek. Aurten emaitza horiek errepikatuko ote diren aurreratzea ez dela erraza gaineratu du: «Oraingoz, Gipuzkoako ligan, sei mailatan lau aurrenekotan goaz. Gero, ikusi egin beharko da Bizkaiko batelek duten maila».
Tolosako Zerkausiaren azpian dute azpiegitura guztia TAKekoek. Egun 12 batel dituzte bertan. «Orian entrenatzeko ondo moldatzen gara, baina gero arazoa izaten da estropadara joaterakoan, batel guztiak atera behar baititugu ostiraletan», esan du Alijostesek. «Eta gero berriz ere Zerkausiaren azpira eraman behar dira batel guztiak. Nahikoa lan izaten da mugimendu horiek guztiak egitea».
Emakumezkoen Tolosaldea traineruak klubarentzako garrantzia duela dio Alijostesek: «Jendearentzako eta komunikabideentzako erregina da». Arraunlari guztiak harrobikoak dituen talde bakarra dela nabarmendu du: «Beste inon ez da hori gertatzen. Hori bai, gero arraunlariek eskarmentu pixka bat hartzen dutenean, hurrengo denboraldiari begira maila pixka bat igo dezakegunean, talderen batek arraunlariak kentzen dizkigu eta berriro ere ia zerotik hasi egin behar izaten dugu. Aurten bi arraunlari joan dira, eta horrek bere eragina du taldean».
Oria batelez betetzekoa zen
Martxoaren 15ean, bihar, Gipuzkoako Ligaren jardunaldia jokatzekoa zen Tolosan, Oriako uretan, infantil eta kadete mailetan. Koronabirusaren hedapena geldiarazteko ekintza-protokoloa betez, honako jarduera ere bertan behera geratu da.