Trainerua, arraunlarien helburu

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 14a, 08:58

Ilusioz daude Tolosaldea traineruko arraunlariak eta entrenatzailea proiektuaren hirugarren urtean murgilduta. Aurten San Pedro klubak utzitako azpiegitura eta materialak erabiltzen ari dira uretan entrenatzeko.

Hirugarren denboraldia martxan da Tolosaldea traineruarentzat. Tolosaldeko Arraun Klubak egindako apustuari jarraipena ematen ari dira, eta gogoz daude aurtengo ETE ligan zer egiteko gai diren ikusteko. Horretarako, baina, ekainera arte itxaron beharko da. Oraingoz, neguko zenbait estropadetan parte hartu dute, eta «sentsazio oso onak» izaten ari dira, Malen Oiartzabal arraunlariak azaldu duenez: «Lehiaketan muturra sartzen hasi gara, eta neguko lana islatzen ari da. Negua gogorra doa, baina gure kasuan ikusten ari gara emaitzak badoazela, eta ilusio hori pizten ari zaigu. Uda urruti dagoela dirudi, baina ohartzerako hementxe dugu».

Patxi Frances entrenatzaileak gaineratu duenez, «otsaileko balorazioak dira, baina ikusi dugu orain arte ondo lehiatu garela, eta gure ligan egongo diren traineruen gainetik sailkatu gara». Hori bai, arraunlariak zein entrenatzaileak zuhurtziaz begiratzen diote ETE ligan gertatu daitekeenari. «Badakigu zein diren aurkariak eta badakigu bere maila emango dutela uretan. Neguko estropadak negukoak dira», esan du Oiartzabalek. «Goiko postuetan egoteko moduan egon gaitezke, baina hankak lurrean izanik, eta jakinik aurkariak ez direla jolastera joango. Azkenean, akats gutxien egiten duena ibiliko da goian. Gu bide onetik goaz, eta ez da gutxi».

Francesek garrantzia ematen dio uretan egin dezaketen prestaketari aurreikuspenak osatzeko: «Gehiago elkartu behar gara uretan entrenatzeko, ikusi egin behar dugu zenbat kilometro egiten ditugun, eta horrek markatuko du lehenengo estropadetan nola ariko garen. Saiatu behar dugu taldea ondo landua egoten, eta arraunlariek gozatu dezatela estropada bakoitzean». Bestalde, harrobiko arraunlariekin lan egiten dutela nabarmendu du entrenatzaileak: «Beste talde batzuek egin izan dituzte azken orduko fitxaketak. Orain arte irabazi egin diegu gure ligakoei, baina ez dakigu zer-nolako mugimenduak izango diren hemendik ekainera bitartean beste klubetan fitxaketei dagokionez».

Aldaketak taldean

Guztira zazpi baja izan dituzte aurreko denboralditik, horietatik lau titularrak zirenak, eta hauetatik bi Arraun Lagunak taldera joan dira. «Ez gara honetatik bizi, eta bakoitzak ikusten du zer bide hartzen duen. Bajak izan ditugu eta taldekide berriak ditugu, maila txikietatik igo diren batzuk. Kontua da bizkarrezurra mantendu egin dugula. Aldaketak egon dira, baina talde sentimendua hor dago», esan du Oiartzabalek. Traineruaren proiektua sendotzeko eta goraka jauzia egiteko, «arraunlari guztien beharra» dagoela esan du Francesek.

Talde giro oso ona dutela diote. Francesek azaldu duenez, arraunlariei esaten die «oso gustura» dagoela aurten, eta irrikan egoten dela ostirala iristeko entrenatzeko beraiekin. «Sekulako taldea daukagu eta oso elkartuta dago», gaineratu du. Oiartzabalek baieztatu egin du giro hori: «Aurten ez dakigu zer gertatzen zaigun, baina oso giro ona dugu taldean. Denbora luzez ezagutzen dugu elkar, beheko mailetatik gatoz, eta taldekideak izateaz gain, lagunak gara, eta horrek asko eragiten du gero».

TAKek beste kluben laguntza behar du entrenatu ahal izateko. Iaz Zarautz klubaren azpiegiturak eta materialak erabiltzen zituen eta Orion aritzen ziren entrenatzen, eta aurtengoan San Pedrorenak erabiltzen ditu eta Pasaiako badia du uretan prestatzeko eremu. «San Pedron oso ondo hartu gaituzte, oso gustura gaude, eta ea paisaia aldaketa horrekin ontzia nola doan», esan du Oiartzabalek. Talde nomada bat direla gaineratu du entrenatzaileak. «Denboraldi honetarako bidaia lagun on bat dugu San Pedrorekin. Ni pozarren nago, benetan errazten digutelako lan guztia».

Orain gutxi arte larunbat eta igandetan aritu dira Pasaian entrenatzen, eta orain ostiraletan ere ari dira. «Ostiral arratsaldetan entrenatzeko zain egon gara egun-argi gehiago izan arte, Pasaiako badian hainbat ontzi ibiltzen baitira, eta zailagoa da mugitzea». Astean zehar Tolosan elkartzen diren arraunlariak, Uzturpeko gimnasioan aritzen dira lehorreko lanak egiten.

Hirugarren denboraldia du Tolosaldea traineruak. «Orain bost urte, jubenila nintzela, elkarrizketa batean esan nuen Tolosaldea trainerua sortzea amets batean geratuko zela, baina ez, ametsak ere errealitate bihurtzen dira», esan du Oiartzabalek. Atzera begiratuta, «oso irakurketa positiboa» egiten du arraunlariak: «Asko ikasi dugu. Ni hasieratik nago hemen sartuta, eta nabaritzen da esperientzia pilatzen ari garela. Gainera, ikusi besterik ez dago atzetik datorren harrobia, zein ondo ari diren eta zer ondo prestatuta dauden. Badakizu traineruak segida izango duela, eta horrek sekulako segurtasuna ematen dio proiektuari aurrera begira».

Bere aldetik, bigarren denboraldia osatzen ari da Frances entrenatzaile moduan. «Bigarren urte hau modu errazagoan eramaten ari naiz. Ni entrenatzeko beste modu batetik nator, jendearengana zuzentzeko beste modu batetik. Aurreko urtean oldarkorrago etorri nintzen, beste modu batera atera nahi bainituen gauzak, eta orain ari gara maila horretara iristen baina beste modu batera. Ni neu pixka bat birziklatu egin naiz, eta nire aldetik oso gustura nago». Zuzendaritzaren eta arraunlarien «babes osoa» duela gaineratu du Francesek.

Klubean egiten den lana goraipatu du, bide batez, entrenatzaileak: «Pasada bat da nola egiten duten lan, hor Zerkausiaren azpian, eta izugarrizko balioa du. Mugimendu orokor bat izaten ari da emakumezkoen kiroletik tira egiteko, eta TAKekoek serio hartu dute: neska arraunlari gehien dituen kluba da gaur egun, maila guztiak kontuan hartuta. Barnealdeko eskualde bat izanik, horrek asko esan nahi du».

TALDEKIDEAK 

 

· Aiora Sorozabal Maioz (patroia). Orexa, 2002.

·Andrea Zumeta Lakunza. Tolosa, 1998.

· Ane Zelaia Mendizabal. Alkiza, 2003.

· Ane Egues Kerexeta. Elduain, 2001.

· Arene Portularrume Iruretagoiena. Aia, 2002.

· Eider Zubeldia Albeniz. Amezketa, 2001.

· Estibaliz Segurola De La Canal. Tolosa, 1990.

· Irati Hernandez Aierza. Tolosa, 2001.

· Irati Lizeaga Agote. Tolosa, 2002.

· Itsaso Aizpurua Saizar. Zizurkil, 2000.

· Izaskun Sarasola Areizaga. Asteasu, 2001.

· Laiene Izagirre Askarai (patroia). Berrobi, 2003.

· Maddi Urdapilleta Rodriguez. Amasa-Villabona, 2003.

· Malen Oiarzabal Arretxe. Tolosa, 1999.

· Mireia Vicente Arana. Anoeta, 1998.

· Naroa Becerril Iraola. Tolosa, 2001.

·Naroa Leonet Tadeo. Tolosa, 2000.

· Uxue Zuriarrain Roteta. Amezketa, 2001.

· Uxune Urkia Sein. Idiazabal, 1997.

· Francisco Frances Irastorza (entrenatzailea). Donostia, 1958.

Aurreko postuetan, neguko estropadetan

 

Lau estropadetan lehiatu dira orain arte Tolosaldea trainerukoak. Hondarribiko jaitsieran hirugarren postuan amaitu zuten, Eusko Tren ligako lau ontzien artean sartuta. Orioko jaitsieran ETE ligan aurkari izango dituztenen aurretik helmugaratu ziren, Eusko Tren ligakoen atzetik, baina ez distantzia handira. Larunbatean jokatutako San Pedroko estropadan ere bere ligako beste ontzien aurretik iritsi ziren, laugarren eginez. 

Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketan ere parte hartu zuten. «Arazo teknikoak tarteko, ez zen izan gure estropada biribilena, eta laugarren bukatu genuen azkenean. Beti ere hobea da akatsak orain egitea eta ez gero liga hasten denean», zehaztu du Oiartzabalek. Bere aldetik, Frances gustura dago estropadetan ikusitakoarekin: «Ligan 2.700 metrotako estropadak izango ditugu, eta orain 4.000 metrokoak izan dira. Arraunlariak oso ondo doaz teknikoki arraunean, eta teknika hori erabiltzen dugu neskak bukaeraraino egoteko estropadan». 

Erlazionatuak

Batelak dira oinarria

Imanol Garcia Landa 2020 mar 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!