Zorionak gaur lortutako bosgarren postuarengatik, eta batez ere, egindako saioagatik.
Eskerrik asko!
Nola sentitu zara oholtza gainean, saioa hasi denetik amaierara bitarte?
Orokorrean, oso-oso pozik. Egun polita zen, ingurukoekin partekatzekoa. Taldean oso giro ona izan dugu uneoro. Oso eskertuta nago zortzikotean sortu den giroagatik. Baina, zortzikoteaz gain, gai-jartzaileek ere lan handia egin dute, eta guztiak izan gara talde bat. Oholtzan, izan ditut nik nahi nukeen bezala atera ez diren uneak. Hala ere, egia esateko, orokorrean hartuta, gozatu egin dut. Asko gozatu dut, baita bertsokideei entzuten ere. Uste dut, guztiek utzi dutela perlaren bat edo beste. Ni ere, egindako gauza batzuekin pozik geratu naiz. Hobeto egin nezakeen, baina oso kontentu nago.
Nolako finala bizi izan duzu barrutik? Agian, behetik gora joan den saioa bezala kalifikatu daiteke?
Izan daiteke. Agian, zortziko txikian, pisu samarrarekin hasi gara, eta guztiok geunden umorearen zirrikituaren zain. Jendeak ere eskertu du hori, zortziko txikian zertxobait pizten joan garelako. Gero, hamarreko txikian, gai pisutsuagoak eta sozialagoak izan arren, bertsoaldi oso oso onak izan direla, eta bakarka ere, bertso oso desberdinak eta oso onak entzun ditugu. Entzule bezala, niri gauza asko gustatu zaizkit gaur.
Bertsolari eta entzule modura, momentu jakin batekin geratzekotan, zerekin geratzen zara?
Bakarkako ariketan, esaterako, gaia entzun orduko, batzuetan pentsatu dut: "ze gai polita, honi buruz abestu nahiko nuke". Hamarreko txikia, opari bat izan da. Gaia jarri dugunean, Beñatek (Gaztelumendik) eta biok sentitu dugu salaketa bat egiteko, gainera, positibotik. Oso polita izan da, publikoak ere gozatu duelako.
Azkenean, buruz burukora, Agin eta Beñat bera heldu dira buruz burukora. Espero zenuen?
Egia esateko, Alaiaren izena tartean nuen. Oholtzatik ez da erraza neurtzen, eta guztia ere ez da berdin entzuten. Agini, gainera, saiotik ateratzeko esaten genion. Bera enpeinatuta zegoen bere "hanka-luzearekin", eta nik esaten nion, kontuz ibiltzeko, orain arteko saioetan ikusitakoagatik. Gero oso ondo ari zen bera, eta beraz, asko poztu naiz bere izena entzutean. Gero, gainera, saio ederra egin dute berak eta Beñatek. Oso ondo ikusi ditut.