FINALAREN KRONIKA

Iguaranek final ederra eginez, bosgarren amaitu du

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abe. 14a, 21:40

Lehen aldiz, lau emakume eta lau gizon aritu dira kantuan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Beñat Gaztelumendi izan da onena, eta Agin Laburu izan da bigarren. Oihana Iguaran amasarrak bosgarren postuan amaitu du txapelketa. 6.000 bertsozale bildu dira, gaur, Donostia Arenan.

Finala hasterako giro beroa zen nagusi Donostia Arenan (Ilunben). Ez zen gutxiagorako. 6.000 lagun inguruk bete baitituzte bertako harmailak. Bertsolariak lehen aldiz oholtzara igo diren momentua izan da aipagarrienetakoa. Txalo zaparrada ozena entzun baita bertan.

Zozketak hala erabakita, seigarren eserlekuan esertzea egokitu zaio Iguarani. Ion Zaldua Brit billabonatarra aritu da gai-jartzaile lanetan. Ondorengo ordenean kantatu dute, lehen fasean, zortzi bertsolariak: Jon Maia, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi.

Lehen ariketan, zortziko handian, Beñat Lizasorekin aritu da kantuan. Lan txukuna egin dute biek, batez ere amasarrak. Bertsoaldi hasieran aritu da fin, eta gero eutsi egin dio. Hauxe zen beraien gaia: Bikotea dira. Eskiatzera joan nahi dute, baina ez dute dirurik. Beñatek gurasoei eskatu nahi die dirua; Oihanak, ez. "gurasoei eskatzea da, niretzako aproposa / zer pasa beharko degu, inbidia edo lotsa?", esan dio Lizasok. "hobe murriztu aurrekontua, astindu aurretik aita / edo fondoko eskia egin, askoz merkeagoa baita", erantzun dio Iguaranek, umoretik eta ironiatik. "Ta gurasoei eskatu behar, ia ohitura da hori / Aitak sarritan esaten digu / zorrak zor-lepoa lodi", esan dio Lizasok. "Erori eta zutitzearena, bada zuk daukazun funtsa / ezin diozu aitari eskatu / zu altxatzeko laguntza", atzetik Oihanak. "Baina zergatik baztertzen dezu /nik jarritako aukera / geldituz gero joan beharko, degu bertso finalera", aipatu dio Lizasok. "Baina plan hori eginez gero, baietz gustura gastatu / ta hobe gure aisialdia, aurrekontura prestatu / ta hobe dirua larrialdi bat, degun unean eskatu", botaz amaitu du Oihanak.

Ondoren, zortziko txikian aritu da, Ane Labakarekin. Bertsoaldi ona izan da, nahiz eta Labakak gehiago asmatu duen. Hauxe zuten gaia: Egunean Behin aplikazioan, kuadrillako kideek talde bat osatu duzue. Anek, egunero hamar galderak asmatzen ditu; Oihanak, berriz, hiru. "Adikto egin gara, ta ze ikuskizun / nik hiru baino gehiago, ondo ezin erantzun / zuk beti hamar eta, segundutan entzun / jada uste det galderak, idazten dituzun", aipatu dio Iguaranek. "Oihana ulertzen det, zuk ni mirestea / ta noski ulertzen det, daukazun eskea / gaur hala eduki det, hobe aurkeztea / goizez final bat eta, atsaldez bestea", erantzun dio Labakak. "Hainbeste brilo noiztik / daukazu buruan / urte askoz egon naiz, zure inguruan / guztiak asmatzea, ezin da munduan / guztiak erantzunda, hamar segunduan", esan dio Oihanak. "Hamar segundu hartuz, ni ez naiz edozein / noizbait failatu nuen, esango dizut zein / hala pasa zitzaidan, ta zalantzak erein / zure adina gaizki,  jarri nuela behin", umorez aipatu dio Anek. "Gazte kontserbatzen naiz, ta da enbarazu / hogei milagarren ni, ta hirugarrena zu / sorteoa ederki, joaten bazaizu / Getari(a)ra zurekin, eraman nazazu", gonbita bota dio Iguaranek. "Elkanora joanda, biok bero ro / plana egin dezagun, on da honezkero / horrela ordaintzea, bait det nik espero / txarrenak onenari, afari bat edo", apustua botaz amaitu du Labakak.

Gero, puntuari erantzunez, hiruna bertso bota behar izan dituzte zortzi bertsolariek. Lehenengoan asmatu du gehien Iguaranek, eta hirugarrengoan, puntuan esandakoari eutsi dio erantzunean. Honakoa izan da jarri dioten gaia: Postalak. "Jasotzen genituen, eskuz idatzita", bota dio Ion Zalduak lehen puntua. "Ta lagunek egiten, ziguten bisita / e-maila azkarrago, heltzen da kasi ta / gauza aspaldi dago, aldatzen hasita", erantzun dio Iguaranek. "Whatsappak baino xarma, gehiago zeuzkaten", bota dio hirugarren puntuan. "Nik whatsappez sei posta, jaso ditut aurten / eta paperak ez dit inbiri(ri)k ematen / gaur postal digitalek, gozatu dezaten" esan du Oihanak.

Ondoren, berriro binaka aritu dira, gaia emanda, hamarreko txikian, bertsolari bakoitzak hiruna bertso kantatuz. Iguarani, Beñat Gaztelumendirekin kantatzea egokitu zaio.  Honela zioen beraien gaiak: Pailazoak zarete. Oholtza iskinatik, aretoa pixkanaka betetzen ari dela ikusten duzue. Bikaina izan da bertsoaldia, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pertsonaien tokian jarri dira biak. "Pixkana doaz sartzen, ume eta heldu / denen ilusioa, suma dezakegu / emanaldi onena, eskainiko degu / jendeari eskerrak, indartsu gaude gu / Udalak hustu zu(e)na, herriak bete du", esan du lehenean Iguaranek, eta honela erantzun dio Gaztelumendik: "Anaiatasuna bete, degu hola hola /, lehenengo filan hau bat, baba dariola / hango musugorria, ta horko pottola / nahiz ta aulkitan ez den, ikusten inola / ziur Enrike Maia, begira dagola". Bigarrenean, jarraipena eman dio Oihanak: "Akaso egongo da, gordeta ordea / gure emanaldia, ikustea hobea / ze lehendik faltan dauka, berak umorea / eta gure hizkuntza, nahi luke gordea / ea kutsatzen zaion, gure kolorea". "Ez zaiozula jarri, horrela zepoa / kontu berezia da, udaletxekoa / berez behar lukena, gure antzekoa / euskalduna haientzat, beti ertzekoa / haien mundua baita, zuri beltzekoa", erantzun dio Beñatek. Hirugarrenarekin berriz, biek borobildu dute lana. "Marrazkiak bidali, genitun aurrena / ea pixkat argitzen, zitzaion barrena / ez det neregain hartzen, mahaiaren errena / zuk begira jendeak, ze poz dakarrena / haurren irriparra da, mendeku ederrena", aipatu du Oihanak. "Mendeku mota hontan, a ze bi aditu / ume denak txaloka, aditu aditu / nahi zuen gurea gelditu / OPUSi ohi diote, erraz obeditu / ta sudur gorri batek, ikaratzen ditu" esanez bukatu du Gaztelumendik.

Azkenik, bakarka, gaia emanda, nahi zuten doinu eta neurrian, hiruna bertso kantatu dituzte bertsolariek. Gaia guztientzat desberdina zen. Ondorengoa izan da Iguarani jarri diotena: Bikotekide atzerritarra duzu, oporrak dituzuen aldiro, haren familia bisitatzera joan behar izaten duzue. Lan fina osatu du amasarrak. "Marrokiarra da nire senarra, ta ez da aukera murritza / bizitza hemen hautatu gendun, ta hori da nere ditxa / tarteka hara joatea da, hark jarri zidan baldintza / eta geroztik nik udararo, betetzen det nere hitza / biren munduak konpartitzea, delako elkarbizitza / ta etortzea nahiko nuke nik, kontua aldrebes balitza" bota du lehen bertsoan. "Aldiro geunden erdi urduri, bidaia prestatzen lehenik / baina geroztik ilusiotan, ez zaigu falta kemenik / ta ez det uste honen pareko, aukera asko daudenik / bere herria eta kultura, nereganatu nahi det nik / ez det eskatzen bertan baimenik, ta noski ez barkamenik / ta ez det uste bi herrirena, hain aukera txarra denik", berriz, bigarrengoan. "Bi ume txiki dauzkagunetik, nahiz logistika den muga / sekula ez da gugan gailendu, hara joateko duda / pentsatu hango aiton-amonak, zai dauzkagula gustura / eta umeak iristen dira, aita hazi zen lekura / gurean gisan jasoko dute, hizkuntza eta kultura / bikotearen herria zena, lauon etxen bihurtu da", esanez borobildu du bertsoaldia, Ilunben bildu diren bertsozaleen txalo eta oihu artean.

Buruz burukoan, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi

Bertsozale askoren harridura eta pozerako, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira buruz burukorako. Lehenik, seiko motzean aritu dira biak. Hauxe izan da gaia: Urruneko planeta bateko biztanleak zarete. Zuen planeta suntsitzear dela eta, bizitzeko toki bila, Lurrera heldu zarete. Agini egokia iruditzen zaio bizitzeko, Beñat ez dago horren ziur. "Konkista dugu bertute / bizirautearen truke / hau konkistatu behar degunik, ez al duzu uste? / nik hala egingo nuke / eta hobe dezu zuk e / ze gainontzean eurek bakarrik suntsituko dute", bota dio lehena Laburuk. "Ai nire Agin pikaro / besten odolari trago / hauen planeta galtzea ez zen izango arraro / Trump bertatik da igaro / beste asko bezela klaro / espazioan ez al geundeke, askoz lasaiago", erantzun dio Gaztelumendik. "Trumpek sortzen du ikara / begiratuz begitara / eta Lurra da portzelana fin-finezko kikara / espazioa ez da traba / baina Beñat hara hara / zuk lasai bizi nahi dezu baino, aspergarria da", bota dio Laburuk bigarrenean. "Espazioko ospela / aspergarria ez dela / zerorrek ere badakizu Agin, neronek bezela / futbola eta txapela / dena lehia ta txepela / esango nuke estralurtarrak beraiek direla", umoretik aritu da Gaztelumendi. "Futbolistak bertsolari / nola txiki ala handi / espezie hori desagertuta, entzun zazu adi / poztuko dira ugari / zergatik ez hortan ari / ta fabore bat egingo diot unibertsoari", bota du azkena Aginek, eta bertso eder batekin amaitu du Gaztelumendik: "Unibertsoa hiltzera / nahi duzuna horixe da / halare lurra ez da guretzat, moduko aukera / gu lurrera azaltzera / joan aurretik atzera / Esne Bidera joan gaitezen, trago bat hartzera".

Eta seiko motzeko ariketan zehar, puntukako ariketako gaia aurreikusi dute bi bertsolariek. Hain zuzen, honela zioen gaiak: Realaren eta bartzelonaren arteko partida ikustera etorri diren bi futbolzale katalan dira Beñat eta Agin. Anoetara joan ordez, deskuidoan, Ilunbera sartu zarete. Bertsolariak ondo hasi dira, umoretik noski. Oholtza gainekoak futbolariekin irudikatuz, baina tiki-taka horrek ez du gehiegi iraun. Izan ere, bertsoaldia aurrera joan ahala, behera egin du mailak. Gainera, zazpi bertso kantatu, eta etenaldi txiki bat egin dute, zortzigarrena abestu aurretik, ustez bukatu zutelakoan.

Azken bertsoaldiak, berriz, Kartzelako ariketakoak izan dira. Honela zioen gaiak: Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute. Agin Laburu hasi da. "Ta beti baietz esanagatik, entzun ez balu bezela", izan da lehen bertsoan bota duen azken ideia, autismoa duen bere haurrari kantatuz. Bigarren bertsoa benetan ederra izan da. "Ez dakit nahita edo nahigabe, baztertu gaitu munduak / eta etxean sentitzen gara, gizartetik urrunduak / ez dira igualak etxean eta, gobernuko helburuak/ arbelak ta liburuak / ez baitira seguruak / ingurunera egokitzeko, lan egiten du buruak / baino umera egokitzeko, zer egin du inguruak?". Azkenekoan ere behetik gorako bertsoa bota du Laburuk. Hasiera onekoa, eta bukaera hobeagokoa. "Baino jende ona badira / joan gabe urrutira / ondoren errugbi inklusibora, joaten da Hernanira / ta irrifar bat ateratzen zait, harmailetatik begira".

Ondoren, Gaztelumendiren txanda izan da. "Hogeita hamabi urte beteta, bizi honetan ze talai / hamasei urte beteta hasi, ginen parrandetan alai / ta izan ginen gure karrera, ahal bezela lortzeko gai / asko lanean, hasi ginen ta, askok oraindik han darrai / nik bikoterik ez det ordea, nere etxean nere zai / aurretiazko eskemak beti, izan dira nere etsai / kuadrilakoei esaten diet, ta ez dute entzuten ai! / nik ez dudala beraiek bizi, diren bezela bizi nahi", bota du lehen bertsoan. Bigarrenean, bere egoera azaldu du zoriontasunetik: "Askotan hala esaten dute, ea noiz zentratzen haizen / ta gauza gutxik naute zentratu, hitzak adina gogaitzen / zentratzea da bukatu nahia, alokairu bat ordaintzen / galdera asko egin gabe ta, hiru ume txiki zaintzen / larunbat gauez tabernek naute, goxatzen eta alaitzen / gaztetan bizi nintzen bezela, horrelaxe det jarraitzen / ez nintzen molde horretan sartu, niretzat estua baitzen / ta ezin duzue imajinatu, ze zoriontsua naizen". Hirugarrenean, bigarrenari jarraipena eman dio Gaztelumendik, bertsoaldi borobil bat osatuz: "Gazte bizitzak noiz arte ote du, jarraitzen eta irauten / nereak behintzat gaur arte badu, nik adina biziraupen / nahiz ta umetzat, satelitetzat, askotan hartu ohi nauten / nik nere lanak beraiek bezain, ondo egin ditut aurten / afal ostetan lan kontuetan, gehiegi ez det jarduten / baina bizitzaz ea nork daukan, nik adina ezagupen / eta berdin zait nik diodana, besteeek entzuten duten / nik nahikoa lan badaukat eta, nerea burua entzuten".

Gaztelumendi txapeldun

Azkenean, Beñat Gaztelumendi izan da txapeldun, 940 punturekin. Agin Laburuk 916 puntu eskuratu ditu. Aurtengo irabazleari, gainera, bere aita Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, borondatez egindako lanagatik, merezimenduaren aitortza gisa.

Hauxe izan da amaierako sailkapena:

  1. Beñat Gaztelumendi: 940 puntu
  2. Agin Laburu: 916 puntu
  3. Alaia Martin: 576 puntu
  4. Nerea Elustondo: 565,5 puntu.
  5. Oihana Iguaran: 560 puntu.
  6. Ane Labaka: 552 puntu.
  7. Beñat Lizaso: 541 puntu.
  8. Jon Maia: 533 puntu.

Eta hemen, ariketa bakoitzean, bertsolariek lortutako puntuazioak:

    Zortziko Handia Zortziko Txikia Puntu-erantzunak Hamarreko Txikia Bakarka Seiko motza Puntuka Kartzela Guztira
Beñat Gaztelumendi Arandia   113.50 113.00 111.50 123.50 128.00 111.50 116.00 123.50 940.50
Agin Laburu Rezola   108.50 121.50 117.50 117.50 112.00 117.00 121.00 101.00 916.00
Alaia Martin Etxebeste   114.00 113.00 110.00 120.50 118.50 576.00      
Nerea Elustondo Plazaola   117.00 117.50 105.00 114.00 112.00 565.50      
Oihana Iguaran Barandiaran   115.00 107.00 101.50 119.50 117.00 560.00      
Ane Labaka Mayoz   104.50 107.00 102.50 122.50 115.50 552.00      
Beñat Lizaso Alberdi   106.00 106.50 112.50 116.00 100.00 541.00      
Jon Maia Soria   105.50 101.00 103.50 105.00 118.00 533.00      

Gaurko finalean, Amaia Otxotorena, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda aritu dira epaile lanetan. Idazkariak, berriz, Joxemari Altuna, Silvia Etxaniz eta Gorka Segurola izan dira.

Erlazionatuak

«Asko gozatu dut, baita entzuten ere»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 abe 14 Amasa-Villabona

Amaierako agurretan, emozio patsetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 abe 15 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!