Ari ditun

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 15a, 12:21

Emakume finaren irudiari ukatutako hizkuntz trataera izan da, historikoki, noka. Ezarritako genero rolek hizkuntzaren erabilerari ere zuzenean eragiten diote, eta espazio pribatuko kontua bilakatu zen, aspaldi, emakumeen artean hitanoa erabiltzea. Gaur egun, ia anekdotikoa da belaunaldi gazteetako emakumeak noka entzutea, baina Tolosaldean badira ahalduntze horretan murgildu, eta nokaren balizko arnasgune bilaka litezkeen emakumeak.

Solaskidea kontuan hartzen duen hizkuntz trataera da hitanoa, definizioz; lagun arteko hizkeratzat hartua, eta genero gramatikalak bereizten dituena. Horrela, izen eta forma desberdinak hartzen dituzte gizonen arteko hitanoak toka eta emakumeen artekoak noka.

Baliteke hitanoaren erabilera orokorra urtetan jaitsi izana, baina nokaren galera kontu nabarmena da, tokaren aldamenean. Eta ez da kasualitatea. Ez, behintzat, gaiaren bueltan azken aldian ondutako ikerketa lanen ondorioei begira.

Onintza Legorburu antzuolarrarena da horietako bat. Nokaren galerari buruzko gradu amaierako lana osatu zuen, hainbat lekutako fenomenoa bere herriaren neurrietara ekarriz, eta, besteak beste, erdietsi zuen genero rolek eragin zuzena zutela nokaren galeran.

Hika hitz egitera ohituak dauden eremuetan ere, badirudi emakumeen arteko lagun arteko hizkerak badituela muga sozialak eta adinezkoak, eta 50 urtetik beherako emakumeek ez dutela hizkuntz trataera hori bere egiten.

Errealitate horren aurrean, eta lagun arteko hizkera baten jabe izatea ere ahalduntzea dela barneratuta eta sinetsita, hainbat norbanako, emakume talde eta talde feminista noka hitz egiten hasteko saiakera politikoan murgiltzen ari dira azken urteotan, era antolatuan edo norbere ekimenez. Tartean badira komunikabideetan oihartzun handiagoa izan dutenak Oñati, Gabiria, Antzuola, Hernani,..., eta baita lagun artean sortutako asmoak ere. Oihana Iguaran eta Eli Pagola bertsolariek elkarren artean hasitakoa izan liteke horren adibide: Hika egingo al dinagu? mahai ingurua eskainiko dute, azaroaren 28an, Larraulgo kultur astearen barruan, eta saioaren ondoren hika-poteoa egingo dute.

Tolosako Asuncion klinikako erizain talde bat ere asmo berean ari da, azken hilabeteotan. Lan eta laguntasun harremana noka berreraikitzeari ekin zioten, ia zerotik, baina horrek ez ditu beren iritziak gehiegi aldentzen, noketan aritzea berezkoa duten Ane Urkizu, Axun Lopetegi eta Maixabel Zubillagaren ikuspegietatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!