"Emakumeek finak izan behar dute, eta fintasun horretan hika ez da ondo uztartzen"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 17a, 06:02

Lankide baten gogoak bultzatuta, Asuncion klinikako erizain talde honek denbora darama beren arteko harremana noka elikatuz. Maitane Oterminek (Azkarate, Nafarroa, 2001), Uxoa Elustondok (Amasa-Villabona, 1986), Onintze Hartsuagak (Tolosa, 1988) eta Mari Karmen Gallurraldek (Amezketa, 1957) badute halako taldetxo gehiago sortuko direnaren itxaropena.

Zuen artean noketan aritzeko saiakerari ekin diozue. Nolatan?

Mari Karmen Gallurralde:Uxoa buru-belarri aritzen da, lankideon artean, bai euskarari begira, eta baita kasu honetan ere.

Uxoa Elustondo:Ez daukat oso garbi kontua nola sortu zen. Euskal Filologia ikasten hasi nintzenean, gelakide batek eta biok erabakia hartu genuen, elkarri hika hitz egiten saiatzeko. Berarekin hasi nintzen, eta gero beste batekin, eta pixkana zabaltzen joan zen nire asmoa: hika aritzeko gutxieneko nozio bat zuela iruditzen zitzaidan jendearekin ere hasi egin nintzen. Gogoan dut lankide batekin hizketan hasi nintzela eta, harekin hasi eta gero, egunen batean Mari Karmen parean tokatu zela. Berak etxetik jaso du, anai-arrebekin hika aritzen da, eta oso barneratuta dauka, eta niri noka hitz egiteko eskatu nion, nik ere berarekin erabiltzeko, eta berak dakiena jasotzeko. Aurrerago Onintzerekin hasi nintzen, eta pixkana-pixkana noka zabaltzeko saiatzen ari gara lankideen artean.

Maitane Otermin: Ni duela gutxi hasi nintzen praktiketan, eta ikusi nuen batzuen artean noka egiten zutela. Uxoak animatu ninduen, baina nik, Azkaratekoa izanik, beste noka egiteko modu bat entzun izan dut.

U. E.:Banekien Koldo Zuazo dialektologoak bailara horretako euskara aztertu zuela, eta liburu hori eskuratu nuen liburutegian. Bertan nokako eta tokako aditzak jasota daude, eta fotokopiak pasatu nizkion Maitaneri.

Onintze Hartsuaga: Gure familian, aitonak, amaren aitak, bere bi semeei hika hitz egin izan die beti, baina bere bi alabei ez. Bi osabek elkarren artean ere hika egin izan dute, baina arrebei ez diete sekula hika egin izan. Eta, noski, zure aurreko belaunaldiari inoiz ez zaio hika egin behar.

Ezagutu berri duzuen norbaitekin, nola erabakitzen duzue hika edo zuka aritu?

M.K.G.:Nik lehenengo momentuan zuka egiten dut beti, eta gero hika hitz egiteko joera ateratzen baldin bada, segituan pasatzen naiz. Dena den, kosta egiten da. Gure kuadrillan, adibidez, badira beti elkarrekin hika hitz egiten dutenak, baina akaso besteren bati zuka egiten diotenak. Eta hori ez dago aldatzerik; batekin zuka ohitu baldin bazara, automatikoki zuka ateratzen da.

Zentzu horretan, zuen artean noka hasi zaretenean, nolakoa izan da bat-batean kodea aldatze hori?

M.K.G.:Kosta egiten da, eta esfortzua edo saiakera egin behar da, ohitura kontua baita. Gainera, sekula entzun ez dutenak harrituta geratzen dira; hika belarrira oso gogorra egiten zaio jende askori.

O.H.: Nik bi sentsazio izan ditut. Alde batetik lotsa, sekula ez nuelako noka hitz egin. Beti entzun izan dut, baina egin inoiz ez, eta kosta egiten zait. Baina, Uxoari ere antzeko zerbait gertatzen zaionez, biok herrenka-herrenka aritzen gara; lotsa handiagoa ematen dit Mari Karmenekin aritzeak, berak kontrol handiagoa duelako. Bestetik, ohitura falta dut. Egia da denekin zuka egin izan dudala beti, orduan, lehenengo hitza oraindik ere zuka ateratzen zaidala.

U.E.:Guk noka entzun dugu, baina, guk ez badugu hitz egiten, hurrengo belaunaldiak entzun ere ez du egingo. Beraz, nire lotsa edo ahultasun guztiekin, zer edo zertan hasi egin beharra daukat, ahalduntze bide horretan. Nire ustez, pribilegio handia da Mari Karmen aldamenean izatea, hika horrela jaso duen eta hain natural erabiltzen duen norbait. Pertsona batek bere barruan hori naturaltasun horrekin bizi duenean, transmititu egiten da, hika bere baitan bizirik dagoela sentitzen dut. Indarra ematen dit horrek. Onintzerekin ere gustura aritzen naiz, baina biok euskaldun berriak gara, nolabait: saiatzen gara, baina guretzat artifiziala da oraindik ere; ez da berez gure erraietatik ateratzen den zerbait. Hala ere, lotsarik ez dut sentitzen. Egia da, lanean zenbaitekin hasi naizela noka, baina beraiek deseroso ikusten ditudala; horrek atzera eginarazten dit. Hika hitz egiteak onarpena eskatzen du beste mintzakidearekin aldetik.

Konfiantzazko hizkera bat iruditzen zaizue?

O.H.: Bai, edo elkar ezagutzea behintzat.

M.O.: Eta parekoa seguru sentitzea. Beharbada, deseroso dauden horiek ez dira seguru sentituko, berez noka hitz egin nahi dutelako baina ateratzen ez zaielako.

M.K.G.:Hika galtzerik nahi ez duen jende asko dago, baina kosta egiten zaie pauso hori ematea. Niri, adibidez, semeak beti galdetzen dit zergatik ez ote nion hika hitz egin txikitatik. Berak hikak bizirautea nahi du, eta orain seme-alabei hala egiten die.

Emakume eta gizonen artean desberdintasunik ikusten al duzue?

M.K.G.:Ni amezketarra naiz baina Anoetan bizi naiz, eta neska kuadrillek dena zuka hitz egiten dute; mutilek, berriz, denek hika. Neskek mutilei zuka egiten diete, eta mutilek neskei hika. Tolosan, berriz, hika oso gutxi entzuten da.

O.H.: Gu kuadrillan neskak gara denok, eta zuka egiten dugu. Nire anaiak-eta, batzuren artean hika egiten dute, eta dantza taldeko mutil batzuek ere bai haien artean. Nire mutil lagunaren kuadrillan ere, mutil gehienek hika egiten duten beraien artean.

U.E.:Ni, kontzientzia hori hartu nuenez geroztik, neska kuadrillan hika hitz egiten saiatzen naiz, eta batzuen jarrera oso baikorra izan da. Uste dut nahikoa dela pertsona bat zipriztin bat botatzeko, eta taldearen erdia zertxobait mugitzen hasteko. Garrantzitsuena hastea da, neskon artean hika ez delako naturala; ia arrotza da gaur egun. Emakumeok hika ez dugu gure sentitzen, ez gara gai sentitzen eta ez gaude ahaldunduta horretarako. Gure adineko mutilek, berriz, zuka hitz egiten zuten gehienek, baina inguruko herri txikietako jendearekin kuadrilla berean ibiltzen hasi zirenean, ohitura hori aldatzen hasi ziren, eta orain hika egiten dute gehienek.

Ahalduntzea aipatu duzu, euskaldun bezala eta emakume bezala. Zer dauka hikak zukak ez daukanik?

M.K.G.:Grazia du, bihurriagoa da, jostalariagoa; ez dakit nola esan.

U.E.:Berez, lagunarteko trataera bat da. Askotan esan izan da, euskarak falta izan duela gazte hizkera bat, eta nik hikari hori ikusten diot. Gaztetasuna eta lagunartekotasuna transmititzen du, eta hori da zukak ez daukana.

O.H.: Ni euskaldun berri sentitu naiz, lehen aldiz, lankideekin noketan saiatzen hasi naizenean. Nire ama hizkuntza euskara da, baina esfortzuaren eta lotsaren sentsazio hori daukat hika hitz egin nahi dudanean.

Euskara ikasten ari direnekiko enpatia handiagoa duzue orain?

O.H.: Bai, bai.

U.E.:Nik ere, hika hasten naizenean, batzuetan sentitzen dut gizartearen kontra ari naizela, Tuterako euskaldun bat bezala sentitzen naiz. Hika hitz egin nahi duzu, baina ingurune guztia zuka ari da, eta irla txiki bat zara itsaso zabalean. Guneak sortu behar ditugu hika hitz egiten hasteko.

M.O.: Ni orain hika hitz egitera pasatzen naizenean, gaztelerara pasatzea bezala da, nolabait. Hasten zara, baina, lotsagatik edo huts egiteko beldur horrengatik, betikora bueltatzen zara.

Saiakerarekin hasi zinetenean, eguneko momentu jakin bat aukeratu zenuten edo erabat hasi zineten?

O.H.: Zerotik ehunera hasi ginen, edo horretan saiatu. Egia da, beti esparru berean elkartzen garela, lantokian. Baina, bai, adostasuna zegoela ikusita, aurrera egin genuen.

U.E.:Gogoan dut zuk nola esan zenidan, Onintze, noka hitz egiten lotsagabeagoa sentitzen zarela. Baina elkarren arteko adostasun hori lortu genuen, beraz, lantokian edo bertatik kanpo, bion artean noka hitz egingo dugu beti. Gertatzen zaigu hika hasi eta zuka bukatzea, edo alderantziz.

O.H.: Bai, edo esaldi oso bat bota, eta handik 20 segundora zeure burua zuzentzen hastea... Baina hori prozesu natural bat da.

Aukerarik ikusten duzue, zuek hasi zareten bezala jende gehiago has dadin?

M.O.: Ni herri txikian bizi naiz, eta lagunei proposatuko banieke, uste dut zerbait lortuko nukeela.

M.K.G.:Herri txikietan bizirik dago hika, eta ez zait iruditzen galduko denik.

U.E.:Bai, baina herri txikietan ere mutilen artekoa bakarrik dago bizirik, eta mutilek neskei zuka egiten diete edo, bestela, toka. Ez dakit nola, baina emakumeok bildu egin behar dugu. Lotsagabe izaera hori gizonei bakarrik baimendu zaie gizartean, emakumea nola izango da ba lotsagabea? Emakumeek finak izan behar dute, eta fintasun horretan hika ez da ondo uztartzen. Iruditzen zait emakume taldeetatik ari dela hori iraultzeko gogo bat, eta hortik zerbait atera daitekeela uste dut.

Erlazionatuak

Ari ditun

Itzea Urkizu Arsuaga 2019 aza 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!