Noketan aritzen zarete zuen artean. Noiztik?
Axun Lopetegi:Pentsatzen dut ezagutzen garenetik izango dela. Zenbat urte ditun?
Maixabel Zubillaga: Uf, asko, asko! Beharbada... 40 urte Axun!
40 urte elkarrekin noka eginez. Lankideak zarete, baina, horren aurretik ezagutzen zineten?
M.Z.:Gau eskolan hasi gineneko kontuak dira, eta 16-18 urterekin hasi ginen lanean, pentsa.
Etxetik jaso duzue jakintza hori?
A.L.:Nik bai. Belauntzakoa eta baserrikoa naiz, gazteena, nire anai-arreba guztiek haien artean hika egin izan dute beti, eta gurasoek haiei ere hika. Nik hori jaso dut etxean, eta hori ikasi dut.
M.Z.:Nik, berriz, etxean ez dut ezagutu hika edo noka hainbeste erabiltzea. Gure etxean zuka hitz egiteko ohitura zen. Mutilek bai, anaien artean hika, baina gurekin ez. Egia da, batez ere, Axunekin eta beste lankide batzuekin hasi nintzela hitanoa erabiltzen, lotsa pixka bat ematen zidalako, beste guztiak hika aritzea eta ni zuka aritzea. Eta, horren ondorioz, batzuekin beti egin izan dut hika, baina honezkero urteak dira.
A.L.:Ez hik hire ahizparekin?
M.Z.:Ez, beti zuka egin izan dut haiekin. Nik gehienbat euskaltegiko lankideekin egin izan dut. Amezketan bertan ere, kinto bazkariak egiten ditugu, eta bertako mutilek hika hitz egiten dute beren artean, baina neskoi zuka egiten digute; ondorioz, guk haiekin ere bai. Bat edo beste bada haiei ere hika erantzuten diena, baina denek ez. Izan ere, zuk norbaiti hika egin, eta besteak zuka erantzuten baldin badizu, salduta geratzen zara.
A.L.:Oso kuriosoa da. Nik, adibidez, kuadrillan, neska batzuekin noka hitz egiten dut, eta beste batzuekin zuka. Zergatik? Ba ez dakit, ezagutu nituenean hala hasi ginelako, seguru aski. Beste batzuekin, berriz, zuka egiten dut hasieratik. Oso selekzio naturala da, hasi bezala jarraitzen duzu. Lantokian ere gauza bera gertatzen zait; ez dut sekula pentsatu zergatik egiten dudan horrela.
M.Z.:Baina, askotan, parekoaren erantzunak ere zerikusia izaten du. Nahiz eta zu hika hasi, gero berak zuka egiten badizu... Hik esan dunan bezala, naturalki, aldatu egiten dun.
Herri txikitakoak zarete biok. Gazteak zinetenean, alderik nabaritzen zenuten Tolosako jendearekiko, ohitura horretan?
A.L.:Nik Tolosako lagunak berandu egin ditut, eta hasieran ezagutu nituenetako asko erdaldunak ziren. Baina, gaur egun, tolosarrak direnekin hika hitz egiten dudala esango nuke, ez bada ni baino askoz ere zaharragoak direla.
M.Z.:Bai, garai hartan, gehiago egiten zuten erdaraz. Nik Tolosako jende gutxirekin egiten dut hika, egia esan.
A.L.:Pentsatzen jarrita, egia da ni baino gazteagoei, hurrengo belaunaldikoei, zuka hitz egiten diedala. Beraien artean hala egiten dutelako izango da.
Eten bat ikusten duzu ohitura horietan?
A.L.:Bai. Semeei hika egiten diet, baina esaldi motzetarako bakarrik. «Etorri ai» eta «intzak». Baina, hortik aurrera, ez; berdin mutil, berdin neska. Badira harremana zuka hasi, baina gerora harremana hika berrartzen dutenak. Nik ezin izan dut horrelakorik egin; behin harreman bat hasita, horrela jarraitzea ateratzen zait.
M.Z.:Niri hori etxean pasatu zait, esaterako. Seme-alabek esan izan didate hika ikasi nahi dutela, eta proposatu hika hitz egiten hastea. Baiezkoa eman nien, eta ekin genion, baina hain egiten zitzaidan artifiziala... Azkenean, zukara pasatu eta hor gelditu dira gure hika ikastaroak, bai alabarekin, bai semearekin.
Badira zenbait erabilera kode ere, adinarekin eta harremanarekin lotuta; idatzi gabeko legeak, nolabait. Zuek nola bizi izan duzue hori?
A.L.:Gaur aitona zena ez zen gurekin bizi, hurrengo baserrian bizi zen. Baina, gogoan dut, gure etxera etortzen zenean, aitonak bere alabari nire amari eta niri, bioi, hika egiten zigula. Baina, nire amak aitonari berorika egiten zion, eta nik aitonari zuka. Elkarrizketa berean, hiru formak erabiltzen genituen: hika, zuka eta berorika. «Ze nahi du? Kafea hartuko du, ba? Exei bei hor» esaten zion amak. Eta aitonak, bueltan: «Hau earra zeon, hi». Eta nik: «Attona, ze nahizu?». Eta aitonak niri: «Emaian pixkat, bai, on ingo zian da». Baina oso naturala zen, eta aitona hil zenean galdu zen.
Gaur egun ez da horrelakorik ezagutu duen jende askorik izango.
A.L.:Ez dakit, baina gure etxean hala egiten zen aitona hil bitarte. Eta amonari ere berdin egiten zitzaion. Oso presente daukat hori.
Gizonekin hika aritzen zarete?
A.L.:Bai, hiru anaiekin hika egiten dut, nahiz eta beraiek niri zuka egin; dezente gazteagoa naiz, eta etxean beti zuka egin izan didate. Eta berdin ilobekin: mutilak diren ilobei hika egiten diete, pentsatu gabe, eta iloba neskei zuka. Hala jaso izango zuten: gazteagoa eta neska izanda, zuka egin behar zela. Kuadrillan ere, esan dut emakume batzuekin noka eta besteekin zuka egiten dudala; gizonekin, denekin hika, ez dakit zergatik. Eta, gaztetan ere, mutilak ezagutzen genituenean-eta, hika egiten genuen beti. Ohikoa zen guretzat.
M.Z.:Nire kasuan, beharbada, gizonekin gehiago aritzen naiz. Esango nuke, emakumeen artean, gehiena euskaltegian eta Amezketan egiten dudala. Baina, eremu horietatik kanpo, zenbait mutilekin errazago ateratzen zait.
Pentsatu duzue inoiz, zergatik izan daitekeen hori?
A.L.:Izango da gizonen arteko zerbait. Aitak niri zuka hitz egiten zidan, eta amak noka. Eta, zalantzarik gabe, hor bereizketaren bat bada.
M.Z.:Ni konfiantza aipatzera nindoan, baina senideen artean konfiantzarik ez da falta.
A.L.:Etxe barruan, garbi dago: aitak mutilei hika, baina neskei ez. Eta amak denei egiten zigun hika. Hika gizonen kontua zela, inpresio hori dut nire haurtzarotik.
M.Z.:Bai, nesken artean noka aritzea itsusitzat jotzen zen.
A.L.:Eta hirira edo herri handira jaitsi eta hika aritzea arlotea zen, nolabait.
M.Z.:Bai, baina, aldi berean, gure amen garaian beren artean noka aritzeko ohitura zuten. Alde batetik ez zen ondo ikusia, baina, gero, beren artean hala aritzen ziren.
Emakumeek espazio pribatuan bakarrik egiten zuten?
M.Z.:Hori da, bai.
A.L.:Bai, gure amak ahizparekin erabat noka egiten zuen; anaiekin ere bai.
Zer du hikak, zukak ez duenik?
M.Z.:Gertutasuna, konfiantza, beste zerbait du.
A.L.:Hika askoz ere bihurriagoa da, beste txispa bat dauka niretzat. Gertukoagoa eta jostalariagoa da.
Zer iruditzen zaizkizue zuka hasitako harremanak, gerora hika jarraitzeko ahaleginak?
M.Z.:Niri oso zaila suertatzen zait jende ezezagunarekin hika egitea, baina ezagunekin kontrolpean izaten dut guztia: norekin egin behar dudan eta norekin ez. Konfiantzarik ez baldin badaukat, beraz, ez zait hika sekula aterako. Zuk egiten baldin badidazu, nik egingo dizut, baina lehenengo pauso hori ematea gehiago kostatzen zait.
A.L.:Niri gertatu izan zait, gizonezkoekin ni neu hika hasi, eta gero zukara pasatzea, fuerte samarra edo iruditu izan zaidalako. Edo, saiatu hika egiten, baina gero ezin, eta zukara pasatu, gizonezko horiek niri zuka erantzuten didatelako. Kasu horietan ez dut asmatzen nola jokatu.
Biok Aitzol Udal Euskaltegiko langileak zarete. Euskarara datozenek, badute hikaren berri?
M.Z.:Mailaren arabera izaten da. Goi mailatakoek bai, baina behe mailetakoak galduta ibiltzen dira. Batzuetan, esan dute: «Badago beste modu bat, hi erabiltzen dena...». Eta, orduan, zuk azaldu behar diezu pixka bat, eta gehienek erabakitzen dute bestela ere badutela nahikoa lan.
A.L.:Nik ikasle hasiberriak ditut, eta urtero esaten diet, beraien hizkuntzan bezalaxe, euskaraz ere badaudela forma desberdinak. Gaur egun ditudan ikasle gehienak latinoamerikarrak dira eta, beraz, gazteleratik datoz. Ohitura handia dute ustederabiltzeko, eta nik duela gutxi azaldu nien, euskaraz ere bereiz litekeela hori, zueta hierabiliz; bereizketa hori ez dela errespetuagatik edo adinagatik bakarrik egiten. Bigarren pertsona adierazteko bi forma ditugula.
Gertatu zaizue ikasleren bat trebatzea eta ikasten hasteko saiakera egitea?
A.L.:Duela urte batzuk hika ikastaro bat antolatu zen, eta ikasle batzuk animatu ziren.
M.Z.:Baina ez da harago joaten, hor geratzen da.
A.L.:Nokatik edo hikatik zukara aldatzea zenbat kostatzen den ikusterakoan, beti pentsatzen dut erdaratik euskarara aldatzearena antzekoa izango dela. Guk ikasleei esaten diegu egin behar dutela, eta askotan pentsatzen dut: «Begira niri zenbat kostatzen zaidan zuka hasitako harreman bat hikara aldatzen». Emozio kontu bat ere bada. Orduan, pentsa, euskara ikasten ari direnek zein esfortzu egin behar duten, beren ingurukoekin erabat erdaraz aritu eta euskarara pasa behar dutenean.
M.Z.:Izan ditugu bertso munduan sartu diren ikasleak, oso gustuko dutelako, eta hika ulertu eta nola-hala erabiltzera pasatu direnak.
A.L.:Ikasle gizonezkoek lantokian giro euskalduna baldin badute, eta hika hitz egiten duen jende talde bat baldin bada, ikasle horrek, trakets, baina ikasiko du. Trakets egiten dute, eta emakumeoi gizonei bezala hitz egiten digute; ez dute kontrolik. Horrek belarriko mina ematen du, baina izan dira horrelako kasuak.