"Noka beti egon da gaizki ikusia, eta tokari baino balio gutxiago eman izan zaio"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 17a, 06:00

Amagandik jaso zuen noka hitz egiteko ohitura, eta hala egiten du beti, jende jakin batekin: harreman berezia duen edonorekin, edo konfiantzazko jendearekin. Gizonezkoekin ere hika aritzen da Ane Urkizu (Berastegi, 1992), baina haiek sarri toka erantzuten diotela eta deseroso sentitzen dela dio. Pozez begiratzen die noka hitz egiten hasten saiatzeko talde eta egitasmoei.

Noketan aritzeko ohitura duzu.

Bai, hori da. Uste dut etxetik jasotako ohitura bat dela noka hitz egitea; amarengandik jasotakoa, batik bat. Eta, ohitura horri esker, noka hitz egiten jarraitzen dut, jende jakin batekin.

Jende jakin batekin aritzen zara.

Bai. Ez dakit zergatik den, baina, nik uste dut, bai noka eta bai toka, harreman berezia daukazun jendearekin hitz egiten duzula normalean. Nik hala egiten dut.

Konfiantza esan nahi du zuretzat?

Bai, hori da. Konfiantza mailak edo harreman motak eragiten duela uste dut, hizkera bat edo bestea erabiltzea.

Eta, jende horrekin, betidanik egin izan duzu horrela?

Baietz esango nuke. Beharbada txiki-txikitatik ez, baina, behin 12 urteak betez geroztik edo, baietz uste dut. Ezin dut adin zehatzik esan, egia esan, baina hortxe ibiliko da.

Beraiek ere hala erantzuten dizute?

Normalean bai, nik hika hitz egiten diedanean, beraiek ere hala erantzuten didate.

Berastegiarra zara, herri txiki batekoa. Zentzu horretan, eta eskualdetik atera gabe, alderik nabaritzen duzu Tolosako hizkera ohiturekiko?

Berastegin ohitura handiagoa dago noka aritzeko, baina Tolosan noka egiten duen oso gutxi ezagutzen dut nik. Toka hainbestean, baina noka oso gutxi.

Ez dira asko izango, zu bezala eta zure adinean, berez eta ohituraz aritzen direnak.

Ez dut uste. Nik, adibidez, badut lankide tolosar bat, eta berak noka egiten dit. Baina horrela hitz egiteko aukera dudan tolosar bakarretakoa izango da.

Mutilekin ere toka aritzen zara?

Bai, mutilekin ere toka aritzen naiz, baina, askotan, haiek ez dute noka erantzuten; toka baizik. Saiatzen naiz beraiei adierazten, baina ez da erraza.

Nola sentitzen zara kasu horietan?

Deseroso sentitzen naiz; ez da samurra erantzuna mutilen hizkeran jasotzea. Erosoagoa da noka erantzuten dutenean, eta asko eskertzen da, egia esan.

Beste emakume batzuekin partekatu al duzu sentipen bera?

Bai, nik uste dut hori gehienon arazoa dela. Ohitura hori baldin baduzu, mutilei hika hitz egiten diezu, baina beraiek ez daude noka erantzutera ohituta, edo ez dakite noka erantzuten. Orduan, beraiek modu errazean erantzuten dute, baina guretzat egoera deseroso bat sortzen da.

Hori zergatik gertatzen dela iruditzen zaizu?

Ez dakit. Ohitura falta bat dela uste dut. Kalean ere ez da entzuten noka, eta beraiek toka hitz egiteko ohitura badutenez, noka ez dira eroso sentitzen eta, ondorioz, ez dute egiten.

Zuk amaren aldetik jaso duzu, baina toka askoz ere gehiago entzuten dela diozu. Zergatik galdu da emakumeen hizkera hori, gizonezkoena baino gehiago?

Noka beti egon da gaizki ikusia, eta tokari baino balio gutxiago eman izan zaiola uste dut. Neska fin batek nola hitz egingo du, ba, noka? Askotan entzun izan den zerbait da. Horrek eragin handia duela uste dut, eta horregatik ez dugu kalean noka gehiago entzuten. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa galdu da, zuk entzuten ez baduzu, zaila delako erabat noka hitz egitea. Ez gaude hain ohituta, eta elkarrizketa labur bat izateko edo gauza alai bat kontatzeko erabiltzen duguna, kosta egiten da kontu serioagoekin erabiltzea.

Familian badituzu noka aritzen diren emakume helduagoak?

Bai. Amak izebekin dena noka hitz egiten du. Nafarroa aldekoa da ama, eta han ohitura handiagoa dute emakumeek elkarren artean noka hitz egiteko.

Noka egiteko ohitura hartu nahian, bada, nolabait, zuka hasitako harremanak nokara aldatzen saiatzen ari den jendea, taldean-eta. Zer iruditzen zaizu?

Polita dela uste dut. Harreman bati balio berezi bat ematen dio, konfiantza puntu bat. Pertsona batekin noka aritzen zara, gustura sentitzen zarelako eta berarekin eroso sentitzen zarelako. Orduan, artifizialki izanda ere, euskarari bultzada handia ematen zaiola uste dut, eta hizkuntza aberasteko modu bat dela. Oso ondo iruditzen zait eta, dudarik gabe, bultzatuko nuke.

Erlazionatuak

Ari ditun

Itzea Urkizu Arsuaga 2019 aza 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!