Berastegira, txapelen bila

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 27a, 17:00

V. Ataria Pilota Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Berastegiko Ipuliño pilotaleku berrituan, 10:00etan hasita; eskuz nahiz gomazko paletarekin jokatuko dira partidak, zazpi guztira.

Bi hilabetez aritu dira pilotan V. Ataria Pilota Txapelketako parte hartzaileak, eta iritsi da txapelak banatzeko unea. 316 pilotari hasi ziren bi jokamoldetan, guztira zazpi mailatan banatuta, eta 14 bikote iritsi dira Berastegiko finaletara. Ekainaren 29an, larunbata, 10:00etatik aurrera hasiko da aurtengo zazpi finalak jokatuko diren jaialdia, Ipuliño pilotaleku berrituan. Urtero finala herri ezberdin batean jokatzen da, eta horren arrazoia txapelketari eskualde ikuspegia eman nahi izatea da.

Txapelketak Tolosaldeko 12 herri bisitatu ditu. Palaz, maila guztiek Bidaniako frontoian jokatu dute. Eskuz, benjamin B mailakoak Albizturren, Anoetan eta Villabonan aritu dira; benjamin A mailakoek Asteasun, Ibarran, Berastegin eta Alkizan jokatu dute; alebinak, Altzon, Zizurkilen eta Ikaztegietan lehiatu dira, eta infantilek Amezketan jokatu dituzte partida guztiak.

Berastegiko finaletan, beraz, eskuz lau final jokatuko dira. Gomazko paletaz hiru final jokatuko dituzte, eta hemen 12 pilotariak neskak izango dira, alebinak, infantilak eta kadete-jubenilak. Txikienak hasiko dira jokatzen, eskuz, eta gero gomazko paletako eta eskuzko partidak tartekatuko dira. Azken lehia 14:00ak baino lehen bukatuko da, aurreikuspenen arabera, eta sari banaketa ekitaldiarekin emango zaio bukaera jaialdiari, eta bide batez, txapelketari.

Aurtengo txapelketaren inguruan «gustura» hitz egin du Luis Galarraga antolakuntza taldeko kideak: «Arduradunek bere lana oso txukun egin dute herri bakoitzean, eta baita ere pilota elkarte bakoitzeko arduradunek pilotariak partidetara bideratzerakoan. Orokorrean, beraz, bereziki gustura txapelketaren martxarekin».

Aurtengo txapelketan, iazkoan bezala, 300 parte hartzailetik gora izan dira eta kopuru hori nabarmendu du Galarragak: «Tolosaldean hainbeste pilotari mugitzea, pilota maite dugunontzako, izan daitekeen albisterik aberatsena da, azken finean».

Mailari dagokionez, eskuzko modalitatean, benjamin eta alebin kategorietan mantendu egin da. Infantiletan behera egin du azken urteetan. «Alebinak bitarte eusten diote pilotan jokatzeari, eta infantil mailara iristerakoan, ikusten da utzi egiten dela, eta kopuru aldetik, beraz, jaitsi egin da. Kopurua jaisterakoan, maila ere normalean jaitsi egiten da», azaldu du Galarragak.

Gomazko paleta modalitateari dagokionez, txapelketaren bidez nesken artean pilotarako grina zabaltzen ari dela ikusten du Galarragak: «Parte hartzea txukuna da, eta kopurua igotzen ari da azken urteetan. Nagusitan maila handiko pilotariak daude eskualdean, hasi Maider Mendizabaletik eta egun nabarmentzen ari den Miren Larrarteraino, eta ikusten da atzetik maila duten pilotariak datozela. Parte hartzaile kopurua igotzen bada eskualdean, pixkana maila ere igotzen joango da eta hori sortzea pozgarria da Ataria Pilota Txapelketarentzat».

IRRATIAN, ZUZENEAN

ATARIA irratiak larunbateko zazpi finalak zuzenean eskainiko ditu 10:00etatik aurrera. Kontaketa jarraitzeko bi modu daude. Bata, 107.6 fm-ren bidez, eskualdetik entzunez gero. Bestea, edozein lekutatik, ataria.eus webgunearen bidez, bertatik ere irratia entzuteko aukera baitago. Finaleko protagonistak, antolatzaileak eta harmailetan giroa jarriko duten ikusleak bertan izango dira, kontaketaren parte eta laguntzaile. Berastegira larunbatean joan ezin duenak, beraz, ez du finalak jarraitzeko arazorik izango.

 

ANTOLATZAILEAK:

'Tolosaldeko Ataria' eta Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Sendi Ekintza (Ibarra), Tolosa CF Aurrera (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa), Ziotza (Zizurkil) eta Kuku (Anoeta) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Larraul eta Tolosako pilota eskolak.

 

EKAINAK 29, LARUNBATA

10:00etatik aurrera, Berastegiko Ipuliño pilotalekuan.

Benjaminak B, eskuz

Lanzeta-Iraola
Ruiz-Eizagirre

Benjaminak A, eskuz

Gonzalez-Plaza
Otaegi-Mayoz

Alebinak, gomazko paletaz

Juanena-Beobide
Sarasola-Navarro

Alebinak, eskuz

Insausti-Lopetegi
Murua-Elola

Infantilak, gomazko paletaz

Arretxe-Tejeria
Otegi-Aranburu

Infantilak, eskuz

Gorostidi-Mujika
Tejeria-Tolosa

Kadete-jubenilak, paletaz

Agirre-Murua
Iturrioz-Aranburu

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!