Bosgarren urterako ere 300 pilotari baino gehiago

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 3a, 09:15

Abian jarri da V. Ataria Pilota Txapelketa. Ohi bezala, eskuz eta palaz jokatuko dituzte partidak, eskualdeko hainbat frontoitan. Bi modalitateak kontuan hartuta, guztira, zazpi maila izango dira. Finalak ekainaren 29an izango dira, eta aurten Berastegiko pilotalekuan jokatuko dituzte.

Infantil mailako pilotarien partidek eman zioten, atzo, hasiera V. Ataria Pilota Txapelketari. Tolosaldeko pilotari gaztetxoak biltzen dituen lehiaketan, aurten ere hirurehun pilotaritik gora izango dira, 316 hain justu. Binaka da lehiaketa, baina, zenbait parte hartzailek hiruko taldea osatuko dute. Hori horrela, guztira 146 bikote eta hirukote ariko dira lehian.

Eskuz zein palaz jokatuko dituzte partidak. Palaz jokatuko duten guztiak neskak izango dira, eta eskuz mutilek zein neskek parte hartuko dute. Hiru mailatan banatu da pala modalitatea: alebinak, infantilak, eta kadete-jubenilak. Lau mailatan, berriz, eskuzkoa: benjamin B, benjamin A, alebinak eta infantilak.

Txapelketaren helburuetako bat eskualdean pilota zaletasuna zabaltzea da, eta, horregatik, hainbat herritan jokatzen dira partidak. Aurten hamabi izango dira herriak. Palaz, maila guztiek Bidanian jokatuko dute. Eskuz, benjamin B mailakoek Albizturren, Anoetan eta Villabonan jokatuko dute; benjamin A mailakoak Asteasun, Ibarran, Berastegin eta Alkizan ariko dira; alebinak, Altzon, Zizurkilen eta Ikaztegietan, eta infantilak Amezketan. Ostegun, ostiral eta larunbatetan jokatuko dituzte partidak, maila eta herri bakoitzaren arabera.

Parte hartzea bermatuz

Ligaxka moduan jokatzen dira partidak Ataria Txapelketan, eta horrek ere badu bere arrazoia: parte hartzaileek partida bat baino gehiago jokatzeko aukera izatea. Batez ere, txikienei pilota partidak jokatzeko aukera eskaini nahi da, eta baita eskualdeko beste pilotariak ezagutzea eta elkarrekin aritzea ere.

Asteburu honetan ari dira txapelketako lehen partidak jokatzen, eta finalak Berastegin izango dira, ekainaren 29an. Hasieratik, txapelketaren asmoa izan da finalak herri ezberdinetan jokatzea, egitasmoak duen eskualde izaeraren adierazle. Aurretik, eta, hurrenez hurren, Tolosan, Villabonan, Alegian eta Amezketan jokatu izan dira finalak. Egun berezia izaten da, festa kutsua hartzen baitu, eta Tolosaldeak berezkoa duen pilota zaletasuna islatzen da bertan.

Aurreko urteetan parte hartzaile guztiei kamisetak banatzen zizkieten finalen egunean, baina, aurten, berrikuntza moduan, aurretik jaso dituzte pilotariek. Hori horrela, pilotariek txapelketaren kamisetekin jokatuko dituzte partidak. Aste honetan egin da, hain justu, kamiseten banaketa, eta V. Ataria Txapelketaren aurkezpen gisa baliatu da.

Materialen aldetik, erabiliko dituzten pilotak adin tarte bakoitzerako pentsatuak izan dira. Eskuz, pilota goxoekin ariko dira infantil mailara bitarte, azken horiek pilota mistoa erabiliko baitute. Palan, berriz, maila bakoitzerako Pilota Federazioak izendatuak dauzkanak erabiliko dituzte.

Txapelketaren antolakuntzak ere eskualde izaera du, Tolosaldeko pilota eskola eta elkarteek parte hartzen baitute, TOLOSALDEKO ATARIA komunikabidearekin batera, bai prestaketan eta baita txapelketaren martxan ere. Ezinbestekoa da pilota eskolen eta elkarteen laguntza, txapelketaren arrakastari eusteko. TOLOSALDEKO ATARIAk, noski, txapelketaren berri emango du. Batetik, www.ataria.eus webgunean, jardunaldi bakoitzeko emaitzak txertatzen joango da, horretarako sortu den atal berezian. Bestetik, papereko edizioan, emaitza horiek erakutsi, eta hurrengo jardunaldiko partiten berri emango du. Tolosaldeko pilotaren topaketa hasi da bere lehen pausoak ematen, eta Berastegin izango du bere helmuga, ekainaren azken asteburuan.

Parte hartzaileak, partidak, emaitzak eta sailkapenak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!