Baina ez gaitezen engaina, Martxoak 8 egunero da, egunero-egunero dagoelako sistema aldatzeko beharraz hitz egiten digun gertaeraren bat; erailketak, bortxaketak, indarkeria, zapalkuntza, bazterketa...
Egoera iraultzeko, iraultzarako, tresnak biltzen ari gara; Emakumeen Etxea eta eskualdeko asanbladaren sorrera dira, beharbada, ageriko aldaketarik nabarmenenak, baina eguneroko aktibatzea eman da, eta hori da garrantzitsuena. 2018a emakumeon urtea izan omen da, hori diote lerroburuek. Eta Tolosaldeko Ataria-k prestatutako 2018ko urtekarian presentzia eman nahi izan diogu horri. Transbertsala baita emakumeon borroka, gizartea parekidetasunean oinarritzen bada izango baita justua, edo ez da izango. Ez da kasualitatea Asuncion klinikan lan baldintzarik makurrenak jasan dituztenak emakumeak izatea, nagusiki; ez da kasualitatea eskualdean eman diren indarkeria kasurik bortitzenen protagonistak emakumeak izatea, batez ere; ez da kasualitatea omenaldiak jaso ahal izateko emakumezkook lan gehiago egin behar izatea... ez, ez da kasualitatea.
Tolosaldeko Ataria-ko lan taldeak lanean jarraituko du baita 2019an ere zuri, Atarikide, gertutako informazioa helarazteko. Eta lanean jarraituko dugu 2019ko egun guztiak ere parekidetasunaren gainean eraikitzen laguntzeko. Eskerrik asko urte honetan eskualdeari begira gure eskutik jarri zareten guztioi. Hemen duzue azken hilabeteek utzi dutenaren errepasoa. Gozatu, irakurle.
Zuri esker, Atarikide
Urteak eman dituen gai nagusiak bildu ditugu hemen edota gai nagusienak jarraian:
Feminismoa: Edo ez da izango
Euskara: Euskaraldia eta beste 354 egun euskaraz
Lan gatazkak: Sokak, luzeak eta tenkatuak