2018ko urtekaria

Sokak, luzeak eta tenkatuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urt. 1a, 16:53

Urtea hasterako, Tolosaldea Buseko eta Asuncion klinikako langileen grebek hartua zuten kalea, gerora, hilabetetan luzatzeko; urte amaiera, berriz, Voitheko eta egoitzetako langileen lerro artean doa. 2018ak ere eman ditu langile gatazkak, soka luzeak eta oso tenkatuak.

Asuncionen, hitzarmen baten atzetik

2017. urte amaierak bat egin zuen Tolosako Asuncion klinikako langileen borroka hasierarekin. Soldata izoztuak eta lan baldintza «prekarioak» salatu zituzten hasieratik, eta langile batzordeak argi zehaztu zuen bere jomuga: lan hitzarmen duina.

Sei-zazpi urtean klinikako zuzendaritzarekin konponduezinetan aritu eta gero, negoziazio mahai batean lehertu zen egoera, ELAko eta LABeko langile ordezkariek Tolosaldeko Atariari azaldu ziotenez: «Azaldu ziguten puntu askoren inguruan hitz egiteko prest zeudela, baina ezinezkoa izango zela diruaz eta orduez negoziatzea. Aldebakartasunez erabaki zuten, gure soldatei %1eko igoera aplikatzea, jakinda, 2016an KPIa %1,6koa izan zela. 2013an soldata jaitsi nahi izan ziguten, klinikaren egoera ustez bideragarria ez zelako. Azkenean, ordea, epaileak arrazoia eman zigun. Beraz, zergatik sinetsi behar diegu orain, soldatak igotzeko zailtasunak dituztela?».

Aldarri nagusi horrekin batera, gehiegizko lan-karga eta osasun sareko gainerako ospitaleekin ratioen desoreka ere gaitzetsi zituzten Asuncioneko langileek, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak salatutakoekin bat eginez.

Kontuak horrela, 60 langile inguruk eskutik ekin zioten, egun osoko greba, lanuzte, elkarretaratze eta manifestazio errenkadari. Lehen hitzorduak urtarrilaren 10ean amaitu zituzten, manifestazio batekin, eta «haserre» azaldu zuten beren burua, zuzendaritzak eskainitakoa nahikoa ez zela iritzita.
Hurrengo asteetan, beraz, Asuncion klinikako grebalariek ahalik eta ate gehien jo zituzten beren eskaerak mahai gaineratu, eta protesta egiteko: Osasun Sailak Donostian duen ordezkaritzara bertaratu ziren, Asuncion klinikako gatazkan esku har zezatela eskatzeko; Jon Darpon Osasun Sailburuarekin elkartu ziren otsailean, eta agerraldia egin zuten Legebiltzarrean.

Ordea, klinikako langileen eta zuzendaritzaren arteko auziak krisi egoeran jarraitzen zuen otsaila amaieran: langileek jakitera eman zuten, bi asteko ultimatuma emango ziotela Asuncioneko zuzendaritzari.
Osasun zentroko langileek protestek ezinbestean bat egin zuten, azken zortzi urteotan eskualdea bete duten ospitale publiko baten aldeko aldarriekin. Horrela, Tolosako Udalak batzar ireki bat antolatu zuten, martxoan, TOPAren eskariz, Asuncion klinikaren egoera hizpide zela. Bilkura hartan, PPk eta PSE-EEk bat egin zuten EH Bilduren eta Podemosen iritziarekin, eta Tolosaldeko osasun mahaia sortzearen aldeko jarrera azaldu zuten; udal gobernuko PSE-EEk, dena den, atzera egin zuten erabakian.

Langileak, beren aldetik, hitzarmen duinaren aldeko eskaerak zabaldu, eta klinikaren bueltako afera beren protesten erdigunean jartzen hasi ziren. Modu horretan, salatu zuten «negozioa» dela Jaurlaritzaren eta udalaren helburua eta, apirilaren 25ean, blokeo egoera gainditzeko ezintasuna plazaratu zuten agerraldi jendetsu batean. Ordurako, lau hilabete zeramatzaten greban eta mobilizazioetan.

Eta, azkenean, maiatzak eman zion argi, Asuncion klinikako lan gatazkari: langileek jakitera eman zuten, greba bertan behera uztea erabaki zutela, akordiorik ez izanagatik, jarreren gerturatze bat sumatu zutelako. Horrela, maiatzaren 21ean, Asuncion klinikako langileak pozik azaldu ziren komunikabideen aurrean, iragarriz, sei urte eta gero, lan hitzarmena sinatzea lortu zutela.

Autobus gidariak: 11 hilabeteko bidaia akordiorantz

Asuncion klinikako langileen ia bide beretik ekin zioten, Tolosaldea Bus enpresako langileek ere: 2017tik 2018rako zubian. Autobus gidariak 2014az geroztik soldata igoera eskatzen ari ziren eta, aldarri horri, lan baldintza duinena eta egutegi hobe batena gehitu zitzaion. Hastapenetan hitzordu gutxi batzuk iragarri zituzten, baina, krisi egoera konpontzen ez zela-eta, hiru usteko lanuzteari ekin zioten segituan.
Inauteriek ekarri zuten auziaren bigarren krisialdia: autobus gidariek erabaki zuten, gaueko zerbitzurik ez eskaini eta grebari jarraipena ematea. Erabakiaren aurrean kexu azaldu zen Eusko Jaurlaritzak eta, bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bi jarreren tartean kokatu zuen bere burua: greba egiteko eskubidea onartuagatik, inauterietako gaueko zerbitzuaren garrantzia ere azpimarratu zuen.

Tolosaldea Bus enpresako langileen borrokak bere horretan jarraitu zuen Inauteriak amaituta ere, gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskainiz; enpresako 26 langileetatik 18k greban jarraitzen zuten artean. Horrela, agerraldi baten bitartez, «prekarietatea finantzatzea» leporatu zieten  Tolosako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, kontuak eskatuz.

Tolosaldea Bus enpresako langileen grebak hiru zerbitzuri eragin zion, iraun zuen 11 hilabeteetan: eskaripeko autobus zerbitzuari, Tolosako Hiribus edo urbanoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko linea zerbitzuari. Horrela, gatazkak bi bide egin zituen, azken bi zerbitzuetan.

Hiribusaren kasuan, zerbitzua Tolosako Udalak kontratatutakoa izaki, Tolosako hainbat auzotako bizilagunek bat egin zuten, beren erabiltzaile kexak plazaratu, eta langileei elkartasuna azalduz. Batzorde bat sortu zuten, eta Olatz Peon alkatearekin bildu ziren. Hiribusaren soka, ordea, hasi besterik ez zen egin. Izan ere, grebak urbanoaren zerbitzuan zuen adarra konpontzear zela zirudienean, are gehiago korapilatu zen guztia.

Ekainean, udalak iragarri zuen esleipendun berria izango zuela Hiribus zerbitzuak; lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarra, Cuadra. Baina, esleipena publiko egin eta sinatu bitarteko epean, Cuadra enpresak atzera egin zuen zerbitzua hartzeko erabakian, lan gatazka konpontzeko zegoela-eta. Ondorioz, Tolosako Udalari zailtasun handiak sortu zitzaizkion, urbano zerbitzua eskaini ahal izateko.

San Joan jaien atarian heldu ziren gertakari horiek guztiak eta, inauterietako egoera errepika ez zedin, Tolosako alkateak urgentziazko agerraldia eskaini zuen komunikabideen aurren, behin-behinean Hiribus zerbitzua udalak bere gain hartuko zuela jakitera emanez.

ELA sindikatuak eta Tolosaldea Buseko langileek gogor kritikatu zuten udalaren erabakia, ekainaren 27an, argudiatuz, «alde batera» utzi zutela ordura arte zerbitzu horretan aritutako langilea.
Uztailaren 12an, azkenik, Hiribuserako «akordio ona» lortu izana iragarri zuen ELA sindikatuak; Cuadra enpresak hartu zuen esleipena, eta bi langile kontratatu zerbitzurako.


Linea zerbitzua, kolokan azarora bitarte
Tolosako urbanoaren afera konponbiderantz zihoala, Gipuzkoako autobus lineako gatazkak bere horretan jarraitzen zuen eta, hilabete horietan guztietan, Tolosan nahiz Donostian, mobilizazioak izan ziren langileen eguneroko.

Urriaren 3an, bilera batean eseri ziren aferaren bueltako eragile guztiak eta, hasiera batean, blokeo egoera gainditzeko pausoak irudikatu zituzten arren, egun gutxian iragarri zuen ELAk, negoziaketak eten zituztela.
Bitarte horretan, EH Bilduko 20 alkatek agerraldia egin zuten, autobus zerbitzua bere osotasunean martxan jartzeko eskatuz.

Azkenik, azaroaren 14an heldu zen akordioa. Ia urtebete eta gero, Tolosaldea Buseko langileek bertan behera utzi zuten greba mugagabea, lau urtean %15eko soldata igoera hitzartuz: %8,4 2018an; %5,1 2019an; KPIa 2020an eta KPIa + %1,5 2021ean. «Garaipen handi bat» lortu zutela erdietsi zuten gidariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!