2018ko urtekaria

Edo ez da izango

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urt. 1a, 13:36

Historikoa», «mugarria», «abiapuntua», «aldaketa» eta beste hainbat hitzen oinarri izan zen, 2018ko Martxoaren 8a. Emakumeek planto egiteko deialdia zabaldu zuten nazioartean, eta hitzorduak erantzun bakarra izan zuen: uholde bat. Zalantzarik gabe, 2018ko agendan feminismoak markatutako albiste garrantzitsuenetakoa izan da grebarena.

Parekidetasunaren aldeko oihartzun horrek Latinoamerikan zituen aurrekariak, Ni Una Menos (Ezta bat gutxiago ere) mugimenduaren eskutik. Argentinan sortu zen 2015ean, feminizidioa salatzeko, eta inguruko herrialdeetara zabaldu zen, denbora gutxian. Bide beretik, Amerikar Estatu Batuetan Me too (Ni ere bai) mugimendua sortu zuten, 2017an, Hollywoodeko hainbat gizonezkori egindako sexu abusu salaketen harira. Hemen ere bazen nahikoa arrazoi, ozeanoz bestalde emakumeek hartutako kaleak betetzeko, eta Manada kasua eta epaiketaren inguruan sortutako polemika txinparta bat gehiago baino ez ziren izan, M8an su morez pizteko.

Horrela, Euskal Herriko mugimendu feministak Emakumeok* planto! leloa aukeratu zuen Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio eta protesta deialdiak izendatzeko. Emakume terminoaren aniztasun osoa bildu nahi izan zuen mugimendu feministak, jatorri, sexualitate, arraza eta generoei begira; guztia, «basakeria honi ezetz» esateko. Hala, hainbat argudio zehaztu zituzten, emakumeak Martxoaren 8ko grebara batu zitezen.

«Ez, egun bat ez da nahikoa, baina nonbaitetik hasi beharra dago. Eta ikusarazi behar zaio jendeari, ordaindu gabeko lana hor dagoela»

Batetik, eredu ekonomikoak emakumeak zapaltzen dituela defendatu zuten. Indarkeria matxista ere planto egiteko arrazoi indartsuenetako bat izan zen; 2010-2015 urteen artean, Hego Euskal Herrian 33 emakume erail zituzten. Bide beretik, greba deialdiak gogoan izan zituen beren jaioterrietatik beste zenbait lurraldetara migratu behar izaten duten emakumeak ere, horrek dakartzan bazterkeria, eraso matxista eta indarkeria egoerekin. Azkenik, kultura patriarkala bera gaitzetsi zuen Euskal Herriko mugimendu feministak, azalduz, emakumeak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen dituela.

Emakumeek lanuzteetara batuz, mobilizazioetan parte hartuz, amantalak balkoietatik eskegiz, kontsumo greba eginez, grebaren berri inguruan zabalduz, zaintza lanak utziz edo besoko morea jantziz egin zuten bat, nazioarteko greba feministarekin. Egia da, greba deialdiak berak izan zitzakeen kontraesan zenbait azaleratu zituztela deitzaileek eurek; gehienak, zaintzarekin lotutakoak. Ez da kasualitatea, ez: parekidetasun errealera bidean, sistemak ezarritako oztopo nagusienetakoa da zaintzarena.

Greba, bide luzeago baten hasiera

Tolosaldean, Martxoaren 8ko grebaren antolakuntza herriz herri prestatu zuten emakumeek: aldarri berberak, baina nork bere herrian. Horrek, dena den, ez zion tarterik kendu eskualdeko mobilizazio ikusgarrienetako bati: eguerdian, Tolosan elkartu ziren eskualdeko emakume guztiak, manifestazio historiko batean. Pozak irabazi zion, planto egitea eragiten duen guztiari, eta hainbat ahotsek feminismoaren laugarren olatua hizpide dute honezkero.

Tolosaldeko greba mamitu zuen batzordeak Tolosaldeko Ataria-ri eskainitako elkarrizketa batean, «errealitatea kudeatzeko pausotzat» aurreikusi zuen aurtengo Martxoaren 8a: «Ez, egun bat ez da nahikoa, baina nonbaitetik hasi beharra dago. Eta ikusarazi egin behar zaio jendeari, ordaindu gabeko lan hori guztia hor dagoela, eta baloratu eta errekonozitu egin behar dela. Hori ez da feministon lana bakarrik; gizarte osoak egin beharreko lanketa da».

Jomuga horretarako bidean, gainera, belaunaldi arteko trukea gako garrantzitsua izan zen Tolosaldean ere: 16 urtetik 70 urtera bitarteko emakumeen bat egin zuten foro eta hitzordu berberetan, nor bere errealitatetik, eta denak zapalkuntza beraren aurka.

Eta, hein batean, indar metatze horrek erein zuen, Tolosaldeko Asanblada Feminista sortzeko lehen hazia: «Martxoaren 8ko greba feminista oso indartsua izan zen, bai Euskal Herrian, bai Tolosaldean, eta sekulako indar erakustaldia egin genuen kalean. Geroztik, asanbladak indarra hartu du, eta gero eta emakume gehiagok parte hartzen dute bertan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!