2018ko urtekaria

Euskaraldia eta beste 354 egun euskaraz

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 1a, 20:33

Hamaika egun ariketa bat egiteko, hamaika egun hizkuntza ohiturak aldatzeko, baina gainerako egunak, han ikasitakoa praktikan jartzeko.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egin den ariketa sozialak, hizkuntza ohituretan eragitea izan du helburu: euskaraz dakienak lehen hitza euskaraz eginda, eta ulertu soilik egiten duenak euskaraz entzuteko prestatuta; betiere, komunikazioa euskaraz josiz. Tolosaldeko, eta bereziki Euskal Herriko argazki soziolinguistikoa aldatzeko pausoa izan da.

Euskaraldiak Tolosaldea batu du Galtzaundi Euskara Elkartearen eskutik. Hark emandako datuen arabera, parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenen %20ak hartu du ariketa egiteko konpromisoa. Hau da, Tolosaldean euskara ulertu eta 16 urte baino gehiago dituzten 10 lagunetatik 2k egin dute ariketa.
Eskualdeko biztanleen %74a da euskaraz komunikatzeko gai. Euskaraz hitz egiten jakin gabe ongi ulertzeko kapaz direnen kopurua are handiagoa da, eskualdeko herritarren %84a. Beraz, erraz aurki daiteke euskaraz komunikatzeko solaskidea eskualdean zehar. Ahal den guztietan euskaraz aritzeko ohitura hartzea da Euskaraldiak sustatu nahi izan duena, ez baita beti pasatzen: Tolosaldeko 28 herrietako Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketek azaldu dutenez, eskualdeko kaleetan izandako solasaldien %56a baino ez da euskaraz.

Prestaketa lanak
Euskarari buruzko kezka badagoela erakutsi du Euskaraldiak, eta jendea konpromisoa hartzeko eta eragiten hasteko prest dagoela. Horregatik heldu diote erronkari eskualdeko hamaika lagunek, Euskaraldiaren Hamaikakoa osatu dute. Izen ospetsuak nahiz anonimoak animatu dira, besteak beste, Iker Galartza, Elixabet Azpiroz, Kike Amonarriz, Tarba Dedah, Armando Roca, Garbiñe Biurrun, Unai Mendizabal, Ane Urkola, Jokin Altuna, Axun Lopetegi eta Mila Canseco.

Tolosaldean euskara ulertu eta 16 urte baino gehiago dituzten 10 lagunetatik 2k egin dute ariketa soziala

Euskaraldiaren harira, Biziprest tailerrak eman dira eskualdeko herri askotan eta Uemako teknikari den Imanol Harok eman ditu azalpenak. Besteak beste, estres linguistikoaz hitz egin du: «Egoera jakin baten aurrean euskara edo gaztelera erabili ez dakigunean sentitzen dugun urduritasuna da». Estres egoera horietan beti euskarari eustekoa konpromisoa hartzearen aldeko mezua zabaldu nahi izan du. Ahobizi izan direnen kasuan, euskaraz egiteko konpromisoari, eta Belarripresten kasuan, euskaraz jasotzekoari.

Ondorioak
Hamaika egunek eman dute zer pentsatua, baita zer ikasia ere. Galtzaundik «esker hitzak» besterik ez ditu eskualdeko herritarrei eskaintzeko: «Euskaraldia ez da amaitu, hasi baino ez da egin. Hemendik 30 urterako eszenatokirako prestatzen hasi zarete. 30 urte barru, D ereduari eskerrak Euskal Herri osoan ulertuko baita euskara eta orduan hasiko baitzarete Ahobiziok benetako partida jokatzen. Azken hamaika egunei eskerrak badakizue nola jokatu behar duzuen eta egunero-egunero praktikan jartzeko ordua heldu da». Hilabete ere ez da pasa Euskaraldia amaitu zenetik, eta ageriko emaitzak ikusteko garaia da. Hala ere, seguru dute Galtzaundikoek modu batean edo bestean eragina izan duela: «Esperientziak erakusten du hamaika egun nahikoak direla hizkuntza ohiturak aldatzeko eta, adibidez, Lasarten funtzionatu zuela. Han, inkestetako datuek diote hizkuntza ohiturak aldatu dituela antzeko ariketa batek. Egia da Tolosaldeko eta Lasarteko egoera soziolinguistikoa ez direla berberak. Hala ere, gure itxaropena da gaztelaniara jotzen duten horiei kontzientzia piztea, eta aurrerantzean aldatzen saiatzea».  

Antolatzaileak 2019ko ariketa prestatzen hasi dira: erakunde eta entitateei begirako urtea izango da datorrena


Datorrena
Euskaraldia ez dute hasteko eta bukatzeko sortu, hizkuntza ohiturak aldatzeko lanetan jarraitzea da asmoa eta antolatzaileak 2019ko ariketa prestatzen hasi dira dagoeneko: erakunde eta entitateen urtea izango da datorrena.

Euskaraldiaz gain, eskualde mailako hizkuntza politika definitzeko helburuarekin, Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortzeko bi biltzar egin dira urte honetan, eta jarriak dituzte begiak datorren urtera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!