«Zorionak eta eskerrik asko eskualde osoaren izenean»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 9a, 22:20

Tolosako kaleetan kalejira egin ondoren, Plaza Zaharrean zuten hitzordua Tolosaldea Arraun Klubeko neskek. Bertan, eskualdeko zenbait udaletako ordezkariak zituzten zain, harrerarako, baita bertaratu diren zale ugari ere.

Ederra izan da. Bandera bat irabazi balute bezala. Egiari zor, bandera bat irabazi dute historikoa izan den denboraldi honetan. Hala ere, Enbata ontziko arraunlari eta ordezkariek gaur jaso duten harrera, oso berezia izan da. Denboraldi osoan zehar egin duten lanari, esker oneko hitzak besterik ez dizkiete azaldu Tolosara hurbildu diren eskualdeko zenbait alkatek.

Olatz Peon eta Josu Amilibia, Tolosa eta Adunako alkateek, neskak zoriondu dituzte, Pasaian bandera irabaztea "ikaragarria" izan dela, eta Kontxako estropadak jokatzeko sailkatzeak "eskualdeari indar handia eta poz izugarria" eman diotela aipatuz. Tolosaldeako neskek, esker oneko hitz horiei erantzunez, eskerrak eman dizkiete hilabete hauetan zehar jaso duten babes eta laguntzagatik.

Familia argazkia atera ondoren, binaka, balkoira atera dira arraunlariak, eta Pasaian lortutako bandera astindu dute. Aurretik eta ondoren, Kalean txaranga aritu da herriko kaleak musikaz alaitzen, eta egunari festa giroa jartzen. Hauek, Donostian ere izan dira goizean. Ea ba datorren urtean ere horrelako irudiak ikus ditzakegun, eta zaila izango bada ere, emaitza hobeak lortzen dituzten. Behin denboraldiari agur esanda, bulegoetan lan egitea egokitzen da berriro.

Erlazionatuak

Tolosako bost arraunlari, Kontxan txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 ira 09 Tolosa

Historia egin dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 ira 09 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!