Sekulako giroa izan da goiz guztian zehar Donostiako zirrikitu guztietan, baina batez ere, portu inguruan. Bertan, kolore guztietako kamisetak edota zapiak ikusi ahal izan dira, baina gaurkoan bi kolore nabarmendu dira gainontzekoen baimenarekin, edo behintzat, arrosez eta berdez jantzita joan direnak izan dira gehien poztu direnak. Hain zuzen ere, San Juan eta Hondarribiko zaleak.
Hala ere, kostaldeko bi talde horietan, eta baita gainontzekoetan ere, eskualdeko zenbait ordezkari izan dira. Bost tolosarrek defendatu dituzte Batelerak eta Ama Guadalupekoa ontzietako koloreak: Ioana Alijostes, Irati Larrañaga eta Nerea Perezek alde batetik, eta Endika Lopez eta Jon Lizarraldek bestetik. Hauek, taldekideekin batera, 2018ko Kontxako Bandera astintzeko aukera izan dute.
Gainontzean, Donostiarran, Naroa Urkola anoetarra eta Olatz Lopez tolosarra aritu dira, Myrian Aizpurua irurarra eta Ohiane Iraola tolosarra Orion, eta Joseba Alustiza, Jon Ander Agirre eta Mikel Lasa, berriz, San Pedron. Azken hauek, ez dute animo faltarik izan arrapalan, eta sekulako giroa jarri dute Libia ontziko zaleek. Ikusgarria izan da. Eskualdeak, beste behin ere, arraunerako maila bikaina duten kirolariak dituela erakutsi du.