Lehen bandera lortu du Tolosaldeak

Mikel Iraola 2018ko uzt. 23a, 10:11

Asteburu borobila izan du Tolosaldeko Arraun Klubak: ETE ligako bere lehen bandera eskuratu du Pasaian.

Egun historikoa izan zen atzokoa Tolosaldeko kirolarentzat. ETE ligako lehen bandera irabazi du eskualdeko traineruak: I. Errenteriako Hiri Ikurrina.

Estua izan zen erlojuaren aurkako lehia Pasai San Pedroko uretan, segundo bakarreko aldea izan baitzen lehen hiru sailkatuen artean. Ziabogan parean ziren TAK, Deustu eta Hibaika, 5:48ko denbora eginda. Bigarren luzean, ordea, eskualdekoak izan ziren azkarrenak. 11:20,00ko denbora egin zuten, eta ordura arteko denborarik onena izanik, zain geratu behar izan zuten.

Merezi izan zuen itxaronaldiak. TAKeko traineruak baino segundo bat gehiago behar izan zuten Deustuk eta Hibaikak. Bideo-finisha erabili behar izan zuten horretarako, baina ordurako ez zegoen dudarik, Tolosaldea zen garaile. 11:21,26ko denbora egin zuten bizkaitarrek, eta hamar ehuneneko gehiago behar izan zituzten errenteriarrek.

Pozarren ziren eskualdeko arraunlariak. Eta ez da gutxiagorako, traineruen munduan hasi berria den arren palmaresa estreinatu baitu TAKek.

Gaur goizean oraindik pozez txoratzen zegoen Koteli Perez entrenatzailea: «Banuen esperantza. Ongi ari gara lanean, baina orain arteko estropadetan ez dugu zorte askorik izan korronteekin eta kaleekin. Atzo, ordea, erlojuaren aurka guztiok baldintza berdinetan aritu ginen, eta begira zer lortu genuen. Esan nien neskei, gaur non gauden erakusteko eguna da, eta sekulako estropada egin zuten».

Ospakizunak Tolosan jarraitu zuen: auto karabana egin zuten herrian barrena, bozinak joz, eta mokadutxoaz gozatu zuten arraunlari, teknikari eta zaleek elkarrekin. Izan bedi bandera hau askoren lehena. Zorionak, TAK!

Larunbatean, bosgarren

Ezbairik gabe atzoko lorpenak bete ditu titularrak, baina asteburuan estropada bikoitza izan dute TAKeko neskek. Larunbatean Orion jokatu zuten estropada, eta bosgarren izan ziren.

Donostiarra izan zen azkarrena, Deustu, Kaiku eta Hibaikaren aurretik. Donostiarrek baino 34 segundo gehiago behar izan zituzten eskualdeko neskek. Ziabogan arazo ugari izan zituzten, eta denbora asko galdu zuten.

Sailkapenak

I. Orio Kanpina Bandera

  1. 1. Donostiarra 12:02,25
  2. 2. Deustu +09,84
  3. 3. Kaiku +10,93
  4. 4. Hibaika +24,55
  5. 5. Tolosaldea +34,97
  6. 6. Hernani +46,79
  7. 7. Lea-Aribai +1:00,58
  8. 8. Lapurdi +1:33,32
  9. 9. Colindres +3:58,65

I. Errenteriako Hiria Ikurrina

  1. 1. Tolosaldea 11:20,00
  2. 2. Deustu +1,26
  3. 3. Hibaika +1,36
  4. 4. Donostiarra +4,16
  5. 5. Kaiku +29,30
  6. 6. Lea-Artibai +35,00
  7. 7. Hernani +35,46
  8. 8. Lapurdi +1:01,52
  9. 9. Colindres +1:16,14

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!