Historia egin dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 9a, 14:18

Tolosaldeak azken tokian amaitu du gaurko estropada ere, baina emaitza garrantzia handirik ez zuen zerbait izan da gaurkoan. Beste igande batez, Donostiako portua abordatu dute eskualdeko zaleek eta euren urdintasunak.

San Juango Batelerak ontzia izan da onena, bosgarren urtez jarraian, Kontxako badian. Donostiako bandera preziatuenaren lehian, ez dute aurkaririk izan pasaitarrek, eta erraz nagusitu dira.

Tolosaldeari, berriz, guztiz aurkakoa gertatu zaio. Lehen kale madarikatutik irten dira gaur ere eskualdeko arraunlariak. Hasieran, gainera, estatxarekin arazoren bat izan du Laienek eta atzeratu egin da irteera, duela astebete bezala. Aurreneko minutuetan, gainontzekoen erritmoa eusten saiatu da Enbata, baina ezinezkoa izan da eta ziabogan jada 11 segundoko atzerapena zuen. Bigarren luzean, laugarren kaleraino joan da Tolosaldea, eta azkenean, 34 segundokoa izan da errenta, txanda irabazi duen Hibaikarekiko.

Hala ere, eta orain arteko beste bi egunetan bezala, Kontxako estropadek duten une berezienetako bat, ontziak arrapalara iristen direnekoa da. Orduan lehertu da Tolosaldearen festa. Txarangarekin batera, ontzia eraman dute portura, eta hor hasi dira dantzan arraunlari zein zaleak. Gero, San Juaneko neskak zoriontzera ere jaitsi dira.

Banderari dagokionez, honela geratu da sailkapena:

XI. Emakumezkoen Kontxako Bandera:

  1. San Juan: 21:29:30
  2. Orio: 21:41:24
  3. Riveira: 21:48:52
  4. Arraun Lagunak: 21:59:04
  5. Hibaika: 22:19:36
  6. Donostiarra: 22:26:00
  7. Kaiku: 22:37:78
  8. Tolosaldea: 23:10:70
Erlazionatuak

Tolosako bost arraunlari, Kontxan txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 ira 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!