"Ametsa bete dugu"

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 30a, 20:09

Ikaragarria egin du Tolosaldea traineruak. Bere lehen urtean, Emakumezkoen XI. Kontxako Bandera jokatzeko sailkatu da eskualdeko taldea. Sekulako poza zuten neskek, eta horren erakusle izan da arranplako giroa. Eskualdeko zale ugari gerturatu dira bertara, arraunlariak zoriontzera.

"Kontxako Bandera irabaztea bezalakoa da hau", zioen emakumezkoei itxaroten ari ziren zaleetako batek. Eta argi ikusi ahal izan da hori. Izugarrizko poza zuten guztiek. Malkoren bat edo beste ere isuri zaie arranplara, bertan bizitakoa ezin zelako diruarekin erosi. Emozio handiko uneak izan dira estropada amaitu eta autobuseraino iritsi bitartekoak.

Baina eskualdetik gerturatutako ehunka zalek ez ezik, gainontzeko taldeetako lagunak eta familiako kideak ere inguratu dira. Nerea Perez San Juaneko patroi tolosarra segituan hurbildu da bere aitarengana (Jose Luis Perez Koteli, Tolosaldeako entrenatzailea) besarkada estu bat emateko. Arranplatik irten, eta Aquarium atarira heldu bitartean, txaloak, txaloak eta txaloak jo dizkiete neskei. Merezitakoak, noski. Ondoren, elkarri besarkadak eman eta hitz egiteko tarte bat hartzeko unea heldu da.

Eider Zubeldia eta Estibalitz Segurola arraunlariek "sekulako ilusioa" zuten, eta "oso oso pozik" zeuden. "Hau gozamen hutsa da. Lan asko egin dugu, baita merezitako emaitza lortu ere". Gaurko arraun saioa amaitu osteko erreakzioari buruz galdetuta, hauxe izan da beraien erantzuna: "Erotu egin gara denak, besarkatu gara elkarri, builaka eta negarrez... Zerbait genuen barruan eta askatu egin behar genuen hori dena".

Malen Oiartzabal arraunlariak ere ezin izan die malkoei eutsi, nahiz eta emozioa jasan eta erantzuteko tartea hartu duen: "Sailkatu garela jakin dugunean, oso hunkigarria izan da. Hasieratik genekien estropada ona egin dugula, oso sentsazio onekin atera gara uretatik, baina azkeneko momentura arte ez genekien, eta hor egon gara azkenekoa iritsi arte ezjakintasun horretan. Azkenean ametsa bete dugu eta oso oso pozik gaude". "Estropadak beti dira gogorrak. Ehuneko ehun ematera atera gara. Bagenekien zaila zela, baina bagenekien ahal genuela, eta azkenean ikusi dugu baietz".

Hurrengo helburua, datorren igandean ahalik eta denbora onena egitea izango da. Kotelik zioenagatik, bigarren igandean ohorezko txandan aritu ahal izateko denbora egitera joango dira. Oiartzabalek, berriz, lasaiago hartu nahi du: "Gozatzera joango gara Kontxako Banderara, bi igande izango dira gozatzeko".

Hauxe, beraz, gaurko sailkatze estropadak eman duena. Datozen bi igandeetan, gozatzera joango dira neskak. Irabazteko aukera oso gutxi izango dituzte. Gainera, kontuan izan behar da etorkizunerako sortutako taldea dela, eta beraz, oraindik oso gazteak direla. Esperientzia hartzen joan behar dute, talde giro hori alde batera utzi gabe. Hori izan baita gaurko 'garaipena' lortzeko gakoetako bat.

Hona hemen gaurko zazpi ontzi onenen emaitzak. Hauei Donostiarra gehituko zaie irailaren 2an eta 9an. Gauzak oso estu izango dira datozen bi igandeetan:

1. Riveira              11:17:02

2. San Juan           11:17:14

3. Orio                  11:21:58

4. Arraun Lagunak 11:25:52

5. Kaiku                11:34:44

6. Hibaika              11:35:02

7. Tolosaldea       11:40:44

8. Deustu              11:42:52

9. Hondarribia        11:44:22

10. A Pobra - Cabo 11:51:56  (10 segundoko zigorrarekin)

11. Perillo              11:51:56

12. Hernani            12:01:10

Dagoeneko igande honetarako txandak zein izango diren zehaztu dute. Lehen txandan Riveira, Orio, San Juan eta Donostiarra ariko dira. Bigarren txandan egongo dira Tolosaldea, Hibaika, Kaiku eta Arraun Lagunak. 11:00etan hasiko dira lehen txandakoak.

Erlazionatuak

Arranpla urdindu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abu 30 Tolosaldea

Galtzekorik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abu 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!