Galtzekorik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 29a, 17:59

Tolosaldea traineruko arraunlariak, aste honetan, Donostian egin duten entrenamenduetako batean. JABI MARKEZ

Bihar, arratsaldeko 17:30etik aurrera, XI. Emakumezkoen Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatuko dute 16 klubek. Tartean da Tolosaldea trainerua. Datozen igandeetako estropadetan parte hartu ahal izateko, aukera apur batzuk ditu eskualdeko taldeak, eta bere entrenatzailearen ustez, horiek aprobetxatzera joango dira.

Emakumezkoen arrauna eta eskualdea elkartuz gero, Pasai San Juan klubeko Batelerak ontziko kideak, edota garai batean Getaria-Tolosa izenez parte hartzen zuen trainerua (Kontxako Banderan bi aldiz bigarren eta beste bitan hirugarren) etortzen zaizkigu burura. Hala ere, aurten, eskualdeko ontziaz ere hitz egin beharrean gara. ETE ligan parte hartu dute estreinakoz, eta bihar, bertako arraunlari askoren ametsa egia bihurtuko da Donostian.

Heldu da unea. Egun oso bat baino gutxiago geratzen da Kontxako Banderarako sailkatze estropadak hasteko. Guztira, 16 ontzi ariko dira lehian, eta tartean, Tolosaldea irtengo da. Zozketak bihar erabakiko du eskualdeko neskak zein tokian irtengo diren. Beti egin bezala, erlojupeko proba izango da, eta ziaboga bakarra izango dute ontzi guztiek, mila bat eta erdiko distantzia osatu beharko dutelarik.

Sailkatze estropadako zazpi ontzi azkarrenek, Donostiarra (etxeko ontzia, zuzenean sailkatzen dena) izango dute zain datozen bi igandeetan (irailak 2 eta 9). Eta hor, noski, Tolosaldeak ere bere arrastoa utzi nahi du. Bereak eta bi egiten saiatuko dira neskak, nahiz eta kontziente diren gauzak oso zail daudela.

 

 

Faboritoei dagokienez, sanjuandarrak ageri dira goren-gorenean. Guztiok lekuz kanpo utziko gintuen sorpresarik ezean, azken lau urteetako irabazleek garaipena errepikatzeko aukerekin egon beharko lukete. Orio eta Arraun Lagunak taldeek ere bai. Hondarribiak erakutsi du horiekin lehiatzeko kapaza dela, eta beraz, aditu guztiek, Euskotren ligako lau ontziak ikusten dituzte barruan.

Hortik atzera, sorpresaren bat edo beste espero daiteke. Hibaikak eta Deustok (ETE ligako bigarren eta hirugarren sailkatuek), galiziarrekin batera, aukera batzuk dituzte faltako liratekeen hiru postuak betetzeko. Baina, orduan, non kokatuko litzateke Tolosaldea? Bada, Jose Luis Perez Koteli (Venta de Baños, 1960) emakumezkoen ontziko entrenatzailearen esanetan, "aukera batzuk" dituzte. "Denboraldian zehar Deustoren aurretik geratu garela erakutsi dugu, baina berez, matematikei kasu handirik ez egitea da onena".

"Aste honetan, Donostian ari gara entrenatzen, eta neskak oso ondo ari dira arraunean", dio Perezek. Normala denez, horrelako festa handi baten aurrean "pixka bat urduri" daudela ere aitortzen du. Hala ere, edozein oztopori aurre egiteko gai direla erakutsi dutela azaltzen du. "Atzo, galerna batekin egin genuen topo, eta zerbait zaildu ziren baldintzak, nahiz eta beraiek ederki asko aritu. Orduan, horrelako egoera batetik irteten jakin zutenean, posible zela sinetsarazi nien".

 

 

Itsasoaren egoera, hain zuzen, ez da oso nahasia izatea espero, baina bai etenik gabeko olatu txikiez (1-1,5 metro) osatutakoa. "Horrela bada, seigarren eta zazpigarren postuengatik lehian ibiliko garen talde guztiek izango ditugu aukerak aurrera egiteko. Gainera, aste honetan, galiziarrak lanean ikusteko aukera izan dut, eta ez dirudi gu baino hobeak direnik. Beraz, horiek ere gurekin borrokan ibiltzea espero dugu".

Garai batean, Koteli ere arraunean ibiltzen zen, eta zenbait alditan Donostiako badian aritu zen Kontxako Banderarako sailkatu nahian. Palentziarrak, ordea, ez zuen inoiz hurrengo asteburuetako txartela lortzerik izan, eta beraz, barruan duen arantza hori ateratzen saiatuko da bihar. Kasu honetan, baina, kanpotik aritu beharko du, neskak animatzen.

Emakumezkoak baino gehiago, neskatoak direlako. Oso traineru gaztea osatzen dute eskualdeko arraunlariek. "Esperientzia falta apur bat nabari zaie, baina ez da ahaztu behar horietako gehienak aurten hasi direla traineru batean. Hala ere, urte honetan zehar, teknikoki sekulako jauzia eman dute, eta lehen estropadatik hona asko hobetu dute aspektu horretan".

 

 

Gaztea bai, baina arina ere bai. "Gutxi pisatzen dute guztiek, eta horri zerbait positiboa bilatu nahi izanez gero, itsasoan azkarrago ibiltzea ahalbidetzen du". Hala ere, ez dugu ahaztu behar, arraunlari hauek Tolosan hasi zirela behin kirol hau praktikatzen. Hobeto esanda, Oria ibaian. Beraz, nahikoa egin dute honaino iristen. "Nahikoa bai, baina aukera berri bat hor dugula ikusita, hori aprobetxatzen saiatu behar dugu", nabarmendu du Perezek.

"Badakit duten onena emango dutela. Aste honetan ere, oso ondo aritu dira entrenatzen, eta jakitun naiz olatuak aprobetxatzen saiatuko direla, badakitelako". Ez dute ezer galtzeko, irabazteko, berriz, asko; eta beraz, karta guztiak mahai gainean jarrita jokatuko dute. Gose puntu bat nabaritzen zaio entrenatzaileari: "Sailkatzen bagara, egindakoaz gozatzeaz aparte, lehen igandean, lau onenen artean sailkatzen saiatuko gara. Hori lortuz gero, ahalik eta emaitza onena eskuratzera".

Azkenik, eskualdeko herri guztietatik jasotzen ari diren babesa eskertu nahi izan du Perezek. Bultzada handi horrek indarrak ematen dizkietela neskei, eta sailkatze estropadan portu ingurua marea urdin bat izan dadila gustatuko litzaioke, eskualdeko neskek duten aukera apur hori geroz eta gertuago ikusi ahal izateko. Gaur, ordea, gaurko kontuak. Bihar, biharkoak. Orduan ikusiko da zer gertatzen den.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!