«Etxeko koloreak defendatzera goaz, 28 herrien indarra eta ilusioa barruan eramatera»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 29a, 18:43

Andrea Zumeta, Laiene Izagirre eta Malen Oiartzabal, gaurko entrenamenduaren aurretik.

Tolosaldea Arraun Klubak, inoiz izan duen erronka handienari egingo dio aurre, bihar. Kontxako Bandera jokatzeko sailkapen estropada jokatuko dute, lehen aldiz atera duten emakumezkoen traineruarekin. Eskualdeko ontziko hiru kiderekin izan gara, urteko zita garrantzitsuenaren atarian.

Laiene Izagirre (Gaintza,2003) patroia eta Andrea Zumeta (Tolosa, 1998) eta Malen Oiarzabal (Tolosa, 1999) arraunlariak, Tolosaldea Arraun Klubeko kideak dira. Beste 15 talderekin batera, bihar, datozen bi igandeetan Donostiako estropada preziatuan euren izena agertzea nahi duten kirolariak dira hirurak. Badakite zaila izango dela, nahiz eta itsasoaren baldintzak kontuan hartu behar izaten diren, eta hori dela eta, aukeraren bat edo beste dutela pentsatuz utzi nahiko dute Aquarium ondoko aldapa, itsasoratu aurretik.

Nola aurkitzen zarete, animikoki nahiz fisikoki, une garrantzitsua iristeko 24 ordu baino gutxiago falta direnean?

Malen Oiartzabal: Indartsu ikusten dut taldea. Neguan eta udan zehar egindako lana nabari da. Talde giro ona sortu da eta animoak ere sentimendu horrekin batera gorantza joan dira. Datorrenerako prest gaude, oso prest.

Andrea Zumeta: Gaurko entrenamendua soilik geratzen zaigula jakinda, urduri gaude, baina baita gogo handiekin ere. Espero dut fisikoki gure puntu onenean egotea, gure entrenamenduak horretarako prestatuta egon dira eta.

Nolakoak izan dira aste honetan Donostian egindako entrenamenduak? Zer moduz dago itsasoa?

M. O. : Aste osoan zehar ibili gara badian atzera eta aurrera. Gozamen hutsa izaten ari da, eta nahiz eta lehorrekoak garela nabari den, itsasoari neurria hartu diogu pixkanaka. Ibaiak itsasoan izaten du helmuga eta guk ere bide horri ekin diogu.

A. Z. : 4 entrenamendu egin ditugu guztira, eta uste dut asko balio izan digutela estropada eremuarekin konfiantza hartu ahal izateko. Ziur nago estropada egunean seguruago egongo garela. Nahiz eta itsaso mugituarekin topatuko garen, ez dugu horri aurre egiteko ontzirako inongo elementu osagarririk erabiliko.

Biharko olatu txiki batzuk espero dira. Hori zuen aldekoa da edo kontrakoa?

M. O. : Aldekoa, baldintza aldrebresenak komenigarrienak izaten direlako. Ontzi guztientzat dira hala, ezustekoak errezago ematen baitira.

A. Z. : Olatuek eragin handia izango dute, eta horietan egongo da gakoa edo indargunea. Horiek hartzen asmatzen badugu aldekoa izango da, bestela kontrakoa.

Uste duzue sartzeko aukerak izango dituzuela? Nun eongoa garrantzia osteguneko proban?

M. O. : Bai, nola ez! Aukerak beti daude. Ezta erreza, eta hankak lurrean ditugu baina amestea eta gogor borrokatzea besterik ez zaigu geratzen. Urteko proba garrantzitsuenean, dena perfektu atera beharko zaigu.

A. Z. : Ontiko arraunlari guztiek dakigu sartzeko aukerak ditugula, baina baita zaila izango dela ere. Gauza asko hartu behar dira kontuan: arraunean txukun ibiltzea, ziaboga ondo hartzea, olatuak...

Laiene Izagirre: Sinistuz gero, seguru nago sartzeko aukerak izango ditugula. Dakigun bezala egin behar dugu; horrela, probabilitateak izango ditugu.

Adituek diotenez, Euskotren ligako lauak sartuko dira, ETE ligako Hibaika eta Deusto gertu, eta galiziarrak ere aukera askorekin. Zuek zer uste duzue?

M. O. : Euskotren ligako laurak barruan izango dira eta galiziarrak ere gertu ibiliko dira. Gainontzekoen artean, akats gutxien egiten dituena izango da barruan. Gu behintzat, helburu horrekin irtengo gara uretara.

Zuen antzeko mailan dabiltza Hernani, Kaiku edota galiziarrak. Zertan zarete hobeak? Zerk ematen dizue indarra horiei irabazteko?

M. O. : Harrobiko arraunlariak gara denok, molde berekoak, eta gaztetasun, erotasun eta pasio puntu garrantzitsu bat dugunak. Gure arraunketaren filosofia honela definitzen dugu: burua hotz izan, eta lana, lana eta lana egin. Bultzada handiena, berriz, honakoa izango da: etxeko koloreak defendatzea, 28 herrien indarra eta ilusioa barruan eramatea.

Sabino Alijostesek behin esan zuen ibaieko estropadetan itsasokoetan baino hobeto moldatu izan zaretela. Horrela da? Zergatik?

M. O. : Egia da, txikitatik kilometro mordoa egin baitugu errekan, etxean.

A. Z. : Guk ibaiean ikasi dugu arraunean, eta negu guztia bertan igarotzen dugu. Udaran, berriz, itsasoan ibili behar izaten dugunean, komeri handiagoak izaten ditugu

L. I. : Ibaiean ikasi dugunez, itsasora ateratzen garenean zailtasunak izaten ditugula nabaritzen dugu. Beste mundu bat da.

Horregatik pentsatu daiteke aukera gutxiago izan ditzazkezuela?

M. O. : Liburu bat azalagatik ez epaitzen ikasi dugun bezala, estereotipo bat da hori ere. Udara osoa daramagu Orion, itsasoan. Estropada berezia da, edozer gerta daiteke, eta aukerak borrokatu egin behar dira, guztia bezala.

A. Z. : Bai, baliteke; hala ere, topera joango gara, eta guk diogun bezala, guztia ematera irten behar dugu.

L. I. : Itsasoa delako, ezin gara egiten dugunarekin konformatu. Badakigu aukerak ditugula, eta beraz, horretara goaz, estropada haustera.

Kontxakoa berezia izango da, noski, edozein arraunlarintzat. Zertan bereiziko zenukete?

M. O. : Arranpla urdindu ahal izatea. Hori litzateke bereziena, oilo ipurdia jartzeko modukoa. Kontxa, kontxa da, arraunlari ororen ametsa. Malkoren bat eroriko zaigu, seguru.

Sailkatuko bazinate, zer? Ospatzera edo estropada ondo prestatzera?

M. O. : Madalena bat bezala negar egitera, ospatzera eta datozen igandeetan gozatzera.

A. Z. : Bai ospatzera, baita estropadak prestatzera ere; baina gehienbat, datozen igandeetan gozatzera.

L. I. : Emozioz betetako egunea izango litzateke. Sailkatuz gero, gozatzera irtengo ginateke.

Erlazionatuak

Galtzekorik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abu 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!