Tolosaldeak ez, baina eskualdeko bik bai

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 30a, 08:57
Olatz Lopez eta Naroa Urkola, abuztuaren 4an Pasaian eskuratutako Ikurrinarekin.

Estrainekoz, 9 traineru aritu dira Emakumezkoen Traineru Elkartea (ETE) izena eraman duen ligan lehiatzen. Aurtengo denboraldian, Donostiarra izan da onena, eta bertan, eskualdeko bi arraunlari aritu dira: Olatz Lopez tolosarra eta Naroa Urkola anoetarra.

Eskualde honek urte asko daramatza, izan emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, goi mailako arraunlariak sortzen. Horren adibide da Tolosaldea izena daraman trainerua, baita Euskotren liga beste behin irabazi duten Batelerak ontziko kideak ere. Hala ere, aurten orrialde berri bat idatzi dutenak, Donostiarrako Naroa Urkola (Anoeta, 1991) eta Olatz Lopez (Tolosa, 1995) izan dira.
 
Donostiarrak 99 puntu eskuratu ditu guztira, bigarren izan den Hibaika baino 6i puntu gehiagorekin eta podiuma osatu duen Deustori 10 puntuko aldea ateraz. Ligan bandera gehien bereganatu dituen taldea izan da, eta horrek erregularitate bat mantentzera eraman du taldea. Jokoan zeuden 12 trapuetatik, 7 irabazi ditu talde gipuzkoarrak, nahiz eta behin betiko sailkapen nagusiak gauzak estu izan direla erakutsi.
 
"Egiari zor, ez genuen espero horrenbeste estropada irabaztea", dio Urkolak. "Euskotren ligara sailkatzeko jokatu genuen lehen estropadan, Deusto du baino puntutxo bat gorago zegoela iruditu zitzaigun. Hibaika, berriz, gure antzera, eta Kaiku oso gertu izango zirela pentsatzen genuen". Lopezi ere ezustean harrapatu dio bandera kopuruak. "Gainera, denboraldi osoan zehar oso estu izan dira gauzak ontzi guztien artean".
 
Liga irabazi ahal izateko indarguneari buruz galdetuta, Urkolak argi dauka: "Egunero hobetu eta talde bezala hazteko ahalegina beharrezkoa izan da". Liga gogorra izan denez, kolpeetatik ahalik eta azkarren burua altxatzea eta elkarri animoak ematea "lanean jarraitu ahal izateko ezinbestekoak" izan direla aipatzen du, "Baita egunero egiten dugunarekin gozatzea eta presiorik ez jartzea ere".
 
Eta non dago taldearen muga? Noraino iritsi daiteke Donostiarra? Bada, Lopezen esanetan, ez dute inongo langarik jarri. "Eguneroko lanak esango digu non gauden eta noraino iritsi ahal garen, baina presarik gabe, taldea lehengo urtean sortu baitzen". ETE liga irabazi ondoren, playoff-ean paper ona egin eta Euskotren ligarako txartela eskuratuz gero, gustura geratuko ginateke, aurtengo helburuak lortuta".
 
Hala ere, hori ez da donostiarren helburu bakarra izango. Gaur arratsaldean, 16 taldek Kontxako Bandera jokatu ahal izateko sailkatze estropada jokatu behar badute ere, etxeko estropadan aritzeko zuzenean sailkatuta daude Lopez eta Urkola. "Bi estropadetan, baina batez ere lehen igandekoan, ahalik eta lan onena egin eta mailarik altuena ematen saiatuko gara. Ea ohorezko txandan egotea lortzen dugun". Kontziente dira zaila izango dela, baina bertan izateko gogor borrokatuko dutela aitortu dute.
 
Ohorezko txandako taldea izan ala ez izan, aurten, lehen aldiz berdinduko dira sariak, gizonezko nahiz emakumezkoen kaegorietako taldeentzat. Hau da, sailkapeneko postuen arabera, diru kantitate bera emango zaie traineru guztiei. "Beste urrats bat da. Laburra bada ere, dagoeneko badu ibilbidea Emakumezkoen Kontxako Banderak. Hortaz, sariak berdintzeko garaia ere badela uste dugu". 
 
Eta zortzi ontzi onenen artean egoten saiatuko direnak ere, Tolosaldea Arraun Klubeko neskak izango dira. Eskualdeko bi arraunlariek, zenbait lagun izan dituzte aurten arerio, ETE ligan aritu baita talde urdina. "Oso neska gazteak direla kontuan izanda, lan polita egin dute. Bandera bat irabazteaz gainera, 3. postua ere lortu dute zenbait estropadetan", dio Lopezek. "Lehen urtea izateko, denboraldi txukuna egin dute. Ilusioz eta gogoz nahi dena lortu daitekeela erakusteko adibide garbia izan dira", gehitzen du Urkolak. Lanean jarraitzen badute, datozen urteetan gerra emango dutela aitortu dute. Azken mezu bat ere izan dute eskualdeko neskentzat: "Zorterik onena opa diegu gaurko estropadarako!".
 
Erlazionatuak

Galtzekorik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abu 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!