Bosgarrenez jarraian, nagusitasun arrosa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 20a, 11:51
Nerea Perez, Ioana Alijostes eta Irati LarraƱaga, atzo, Zarautzen eskuratutako bandera atzean dutela, Euskotren ligako garaikurrarekin.

Duela aste bat, matematikoki Euskotren liga irabaztea lortu bazuen ere, atzo eman zieten garaikurra San Juan Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruko kideei. Bertan, hiru tolosar izan dira aurten: Nerea Perez patroia eta Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga arraunlariak.

2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018. Horixe da San Juaneko Batelerak ontziak Euskotren ligan lortu duen garaipenen zerrenda. Palmaresa handitzen jarraitzen dute gipuzkoarrek, eta aurtengo lorpenaren lekuko izan dira Tolosako hiru emakume.

Nerea Perez patroiak adierazi duenez, "hasieran ez genuen uste horren ondo ibiliko ginenik, baina gainontzeko taldeengandik maila bat gorago ikusten zarenean, helburua guztia irabaztea izaten da". 2018an, ordea, jokoan egon diren hamalau banderetatik, hamahiru lortu dituzte. "Ezin gara kexatu". Eskuratu ezin izan zuten garaipena, Arraun Lagunak traineruarentzat izan zen, Ondarroako uretan, sorpresa handia eman ondoren. Egun horretan, gainera, sanjuandarrak hirugarren izan ziren, Orioren atzetik.

Zoriontasunak motibatuta

Liga irabazi ahal izateko ahalik eta puntu gehien biltzea izaten da helburua. Hala ere, astebururo 8 puntu lortzea ez da nolanahiko eginkizuna. Hori dela eta, entrenamenduetatik harago joan nahi izan du Perezek. "Taldean izan dugun giro aparta ezinbesteko baldintza izan da. Gose handiko hamalaukoa osatzen dugu, beti gehiago nahi duena, onena lortzeko edozertarako kapaza dena". Anbizio horri esker, "orain gauden tokira iritsi garela" dio.

Taldeko giroak bultzatuta, arrosek, bost liga irabazi dituzte jarraian. Eta lehen aipatutako nahi eta gogo horri eutsiz gero, "beste urte batzuetan, gerra apur bat emateko gai izango gara". Hainbeste urtetan lidertzan mantentzea, baina, ez da edonork lor dezakeen zerbait. "Ez gara hortaz nekatzen, eta beti goaz beste baten bila". Arraunlariak bertan mantentzea, ordea, "oso zaila" dela dio Tolosako patroiak. Kontxako banderako estropadak igaro arte ez dugu jakingo zein izango den datorren urterako asmoa".

Garaipenak eskuratzeko egin beharreko lan serioaren atzean, San Juaneko neskek, badute umorearekin eta alaitasunarekin lotutako anekdota bitxi bat. Izan ere, estropada bakoitzean lortutako garaipenarekin batera, bandera astindu eta arraunak gora jaso ondoren, Izaro Andres abeslari mallabitarraren La Felicidad kantua abestu ohi dute. "Taldeko kantua kontsidera daiteke. Asteburu honetan, gainera, bi aldiz jarri zuten megafoniatik, estropadak jokatu baino lehen, eta guk, seinale bat zela aipatzen genion elkarri. Motibaziorako bide bat izan zitekeen agian, balizako estatxa hartu baino minutu bat lehenago jarri baitzuten".

 

 

Kontxarako prest, 'faboritoak'

Hain zuzen ere, Donostiako badian jokatuko den bandera preziatuan parte hartzea izango da emakumezko traineruen hurrengo helburua. Ezusteko handirik ezean, San Juanek, banderaren lehian ibili beharko luke. "Helburua, noski, beste behin irabaztea da, baina jakitun gara beste taldeak ere hor egongo direla, eta indartsu joango direla". Hankak lurrean eduki behar dituztela aipatzen du Perezek, nahiz eta denboraldiari amaiera borobila emateko aukera gertu ikusi.

Horrelako kasuetan, askotan aipatu ohi den faborito hitza ez du alde batera uzten Batelerak ontziko patroiak. "Zer esango dizut, ba? Bai. Egin dugun denboraldia eta gero, hautagai nagusietako bat garela pentsatzen dugu". Hala ere, uste horrek presio bat eragiten diotela aitortzen du. "Orain arte lortutakoa kasualitatea ez dela izan demostratu nahi dugu, egiten dakiguna ondo eginez eta burua erabiliz, altxor preziatu hori lortu ahal izateko".

Euskotren ligan banderarik lortu ez badu ere, San Juani buruko min bat edo beste eman dion taldea Orio izan da. Oso gertu izan dute estropada askotan. Horren erakusgarri da sailkapen nagusian lortu duten bigarren postua. "Hasieratik genekien ondo ibiliko zirela. Kontxan ere antzeko zerbait espero dugu. Talde indartsua da, bandera bat irabazteko nahia duena, eta denboraldian zehar iltzatuta izan duten arantza hori atera nahiko duena". Horiak indartsu aterako direla uste du, nahiz eta "guk gurea ondo eginez gero, oraindik urrats bat gorago gaudela" aipatu.

Euroak berdin, lehen aldiz

Kontxako banderak, behintzat, aurrerapauso bat eman duela dirudi. Azken urteetan ez bezala, aurten, gizonezko eta emakumezko traineruei, sailkatzen diren postuen arabera, diru kopuru bera emango diote saritan. Azken edizioetan, txikiak baziren ere, aldeak izaten ziren lehen hiru postuetako ordainsarietan. Aurten, hori aldatzea erabaki dute, eta Perezek iritzi hau du horri buruz: "Ematen duenez, emakumezkoen arraunak geroz eta garrantzi handiagoa du, nahiz eta oraindik asko geratzen den egiteko. Hala ere, horrelako erabakiak eskertzekoak dira".

Ea ba, zortea izaten duten, eta iaz itsaso zakarrean emandako erakustaldia berriz ikusterik izaten dugun, baina aurten, ur lasaiagoetan izan dadila. Bestetik, Tolosaldea Arraun Klubak ere izango du denboraldia behar bezala amaitzeko aukera eta nahia, hilaren 30ean, Donostian jokatuko den sailkatze estropadan arituko baita eskualdeko trainerua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!