M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Borrokarako giharra erakutsi dute emakumeek Tolosaldean

Ataria 2018ko martxoaren 8a

Eguerdian eta arratsaldean elkarretaratzeak egin dituzte herriz herri, gaurko greba feministaren deialdia osatzera etorri dira mobilizazioak.

Hezkuntzan, administrazio publikoan, osasungintzan eta beste hainbat sektoretan egin dituzten lanuzteen testuinguruan elkarretaratzeak egin dira eguerdian Abaltzisketan, Asteasun, Berrobin, Albizturren, Ibarran eta Iruran, esate baterako.

Mobilizazio jendetsuak egin dira goizean Amasa-Villabona eta Tolosan, eta aldarrikapenekin jarraitzeko elkarretaratzeak egin dira 19:00etan, Malkar plazan eta Zerkausian, hurrenez hurren. Azken hau jendez bete da, eta afari-merienda egin dute Tolosako hainbat elkartek prestatutako janariarekin.

Anoetan kazerolada egin dute ordu berean, eta Alegian, Amezketan eta Bidania-Goiatzen ere elkarretaratzeak egin dituzte. Amezketan, elkarretaratzearen ondoren kantu jira abiatu dute eta lehenengo abestia plazan bertan kantatu dute. Berastegin manifestazioa egin dute batukadarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!