M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Egunerokorik ez, emakumerik gabe

Ataria 2018ko mar. 8a, 15:21

177 herrialdetan deitu duten nazioarteko greba feministarekin bat egin dute ehunka emakumek, aurreikuspen guztiak gaindituz. Tolosan azken urteotako manifestaziorik jendetsuena egin dute, nahikoa dela esan eta beste sistema bat aldarrikatuz.

Adin, jatorri eta pentsaera ezberdineko emakume askok bat egin dute greba deialdiarekin, eta Tolosako kaleak bete dituzte. Trianguloan bildu dira eguerdian, eta ondoren manifestazioa egin dute.

Aspaldian herrian ezagutu den mobilizaziorik jendetsuena izan da: manifestazio burua San Frantzisko eliza parera iritsi denerako, Rondilla kalearen hasieran oraindik emakume asko zeuden. Gora borroka feminista!, Hemen gaude emakumeen alde!, edo Martxoaren 8an emakumeok planto! bezalako oihuak entzun dira manifestazioan zehar.

Merkatariek ere bat egin dute mobilizazioekin. Establezimendu asko itxita izan dira manifestazioak iraun duen bitartean –Eroski bera ere itxita egon da–, eta askok aldarrikapen mezuak izan dituzte erakusleihoetan.

Manifestazioaren amaieran, performance txiki bat egin dute Trianguloan. Goizeko ekitaldiekin amaitzeko, bertsoa ere abestu dute Aita semeak abestiaren doinuekin.

"Pozez txoratzen" ziren martxoaren 8ko greba eskualdean antolatzeko ardura izan duen asanbladako kideak, mobilizazioak "aurreikuspen guztiak gainditu baititu". Zentzu horretan, emakume guztiak zoriondu dituzte: "Zailtasunak zailtasun, gure egunerokoa utzi, elkartu eta kalera ateratzea erabaki dugu. Zorionak!". Halaber, greba feministaren aldarriak lau haizetara zabaltzeko dei egin dute: "Zer gertatzen da gure inguruan emakumeok geratzen garenean? Egunerokoak berdin funtzionatzen jarraitzen al du?". Euskal Herri osoan izan den mobilizazio masiboak argi erakutsi du ezetz, ez dagoela egunerokorik emakumerik gabe.

Bide horretan, sistema patriarkalak lan munduan eragiten duen sexu bereizketarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute: "Sistema honek indarkeria ekonomikoa erabiltzen du emakumeon aurka. Gure enplegua ez du berdin baloratzen. Lan feminizatu asko gutxiesten ditu, baita ikusgaitz bihurtu ere. Prekarietatea da nagusi, eta horrek gure autonomia ekonomikoa kolokan jartzen du. Ondorioz, kontziliazioa ezinezkoa da gutako askorentzat, bai arlo pertsonalean, baita alor sozialean edota politikoan ere", azaldu dute.

Asuncion klinikako langileei eta Tolosaldea Bus-etik kaleratutako emakumeari ere babesa helarazi diete: "Klinikako langileak emakumezkoak dira hein handi batean. Sektore feminizatua da eta lan baldintza duinak ezinbestekoak dira. Prekarietateak herritar guztioi eragiten digu, baita emakumeoi ere. Urbanoaren ordutegia ere murriztu dute, eta ondorioz emakumeon mugikortasuna ere murriztu dute".

Indarkeria matxistaren aurrean ere haserrea erakutsi dute emakumeek: "Haserre gaude emakume izate hutsagatik bortxatzen gaituen mundu honekin. Gorputz disidenteak erailtzen dituztenekin".

Aldarrikapenetatik harago, hausnarketarako eguna ere badela azaldu du asanbladak: "Emakumeok gure artean batu eta horrek duen balioaz jabetzeko balio behar du honek guztiak. Aniztasunetik ikasi behar dugu. Elkarren babesa izan eta besteon errealitateaz ikasteko aukera dugu".

Egunak eskualdean hemen duen guztia hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!