Eskualdea korrika

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abenduaren 20a

Tolosakoarekin batera, hainbat San Silvestre lasterketa izango dira, aurten ere, Tolosaldean.

Alegian, urtea korrika agurtuko dute herritarrek, 16:00etan hasita. Izen-ematea zabalik da kultur etxean eta, 6 euroren truke, kamiseta izango da opari. Egunean bertan izena emanez gero, ezin izango da elastikorik jaso.

Ibilbidea aldatu egin dute, ikusle gehien biltzen diren guneetatik pasatzeko asmoz: 4.380 metro egingo dituzte.

Lizartzan, berriz, 17:00etan egin dute hitzordua. Haur, gazte nahiz helduk elkarrekin ekingo diote lasterketari, plazatik errepide nagusira, eta handik zubirako bidea eginez. Helduenek 6 itzuli inguru osatuko dituzte, eta festa giroan agurtuko dute 2017a. Ez da izena emateko beharrik izango, eta txokolate jatea egingo dute amaieran.

Berastegin 18:00etan hasiko dira korrika, adinez gazteenak, lehenik, eta helduenak gero. Urepele elkartean hilaren 30era bitarte izena emateko aukera izango da, eta bost kilometroko ibilbidea izango da helduena.

Azkenik, Amasa-Villabonan 16:30ean izango da urte amaierako krosa, eta 6,5 kilometro osatu beharko dituzte, 3 itzulitan. Izen-ematea Urkamendi elkartean egin beharko da, egunean bertan, 11:00etatik aurrera. www.kirolprobak.eus-en ere egin daiteke jada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!