Hogeigarrenez, urtea elkartasun arnasestuka amaituko dute 1.400 pertsonak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 19a, 13:05

Samaniego eta Orixe ikastetxeek iragarri dute aurtengo Elkartasun Krosa; iazkoaren arrakasta ikusita, 100 dortsal gehiago prestatu dituzte aurten, eta eskuragarri dira jada.

Hogeigarrenez urtea korrika amaituko dute tolosarrek. Korrika, edo elkartasun arnasestuka, Samaniego eta Orixe ikastetxeek Kolonbiako Guabas ibaiaren ertzetara bideratuko baitituzte lasterketako irabazi ekonomikoak, urteroko moduan, Mando Liburuzaina proiektuari jarraipena emateko.

Abenduaren 31ko hitzorduaren berri emateko, udal ordezkari zein antolatzaileek agerraldia egin dute udaletxeko pleno aretoan eta, besteak beste, parte hartzearen gorakada azpimarratu: iaz jende asko dortsalik gabe geratu zela-eta, aurten 100 gehiago jarriko dituzte salgai.

Bide horretan, Ivan Gallego antolatzaileak dortsala aurrez eskuratzeko gomendioa eman nahi izan die herritarrei. Horretarako, Shanti Kirolak dendara bertaratu beharko da, eta 8 euroren truke dortsala eta aurtengo elastiko horia eskuratu. Gainerakoan, abenduaren 31n bertan 12 euroan erosi ahal izango dira dortsala, betiere, aurrez denak saltzen ez badituzte.

Urteroko moduan, bazkalondo goiztiarrak hartuko dute San Silvestre eguneko krosa, gaztetxoeneki. 15:30ean LHko 2. mailatik beherako neska-mutilek ibilbiderik laburrena egin ahal izango dute, gurasoen laguntzaz, eta izenik eman beharrik izan gabe. Jarraian, benjamin neskak eta mutilak ariko dira, 700 metroko ibilbidea osatuz; alebinek, berriz, 1.400 metroko lasterketa egin beharko dute. Azkenik, gaztetxoen txanda biribilduko dute infantilek, 1.400 metroko ibilbidean. Horiek guztiek Zerkausia izango dute irteera puntu, eta baita helmuga ere.

Helduek, ordea, Plaza Zaharrera bertaratu beharko dute, 16:45ean, Elkartasun Krosari ekiteko. 5.050 metroko ibilbidea izango da, betiko moduan. Ivan Gallegok jakinarazi du, gainera, iazko ibilbide aldaketari eutsiko diotela aurten ere: "Lasterketako parte hartzaile kopurua dela-eta korrikalari zenbaitek doblatu egiten zituzten besteak. Hori saihesteko, iaz, lehen itzulia moldatu egin genuen, Nafarroa etorbidetik Zubi Berrira joz, eta Naparzubitik barrena, Gorriti plazara; bigarren itzulian, berriz, Nafarroa etorbidetik Triangulorantz jo beharko dute korrikalariek, Zumalakarregitik barrena, bi bira handiak osatzeko".

Antolatzaileek eta Olatz Peon alkateak azpimarra jarri nahi izan diote Elkartasun Krosaren helburu hirukoitzari. Batetik, gogo solidariotik sortutako egitasmoa dela nabarmendu dute, Cocuyo elkartearen jarduerak sustatzeko baliatzen baitituzte lorpen ekonomikoak. Bigarrenik, kirola egitea sustatzeko modua ere bada, azaldu dutenez: "5 kilometroko ibilbidea edonork egin dezake, eta urtea arnasa berotuz amaitzeko aukera paregabea da, lasai-lasai korri eginez". Azkenik, ondo pasatzeko hitzordua izateari berebiziko garrantzia eman diote: "Abenduaren 31koa ez da marka ona egiteko lasterketa bat; elkartasun lasterketa bat da, festa bat. Ondo pasatzeko helburuz eman behar da izena, beraz, urtean barrena izaten baita nahikoa kros, erlojuari begirako markak egin ahal izateko". Bide horretan, San Silvestre eguneko kroseko belaunaldi truke naturalari ere fokua jarri dio Olatz Peon alkateak, berau txalotuz.

Omenaldia Juanjo Arrietari

Azken urteotan, sari banaketa ekitaldia omenalditxoak egiteko baliatu izan dute Samaniego eta Orixe ikastetxeetako antolatzaileek. Horrela, aurten Juango Arrietari eskainiko diote errekonozimendua: "Bera izan zen Elkartasun Krosaren sustatzaile nagusietako bat, eta ikastetxeko irakasle ere bai. Duela urte batzuk krosa desagertzear egon zenean ere, indar handia egin zuen egitasmoari eusteko. Horregatik, eskertza keinu bat egin nahi izan diogu", azaldu du Gallegok.

Parte hartzaileei begira, berriz, otorduak zozkatuko dituzte. Izena banaka ematen duten korrikalariek bi pertsonarentzako otorduen zozketan parte hartu ahal izango dute, eta lauko taldeetan izena ematen dutenek, berriz, lau pertsonarentzako otorduak irabazteko aukera izango dute.

Azkenik, mozorro originalak ere izango du saria. Gero eta gehiago dira urtea mozorrotuta amaitzea aukeratzen duten herritarrak, eta sormena sarituko dute antolatzaileek, otordu bat opari emanda.

Erlazionatuak

Eskualdea korrika

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 abe 20

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!