San Martin jaiak eskualdean

Ataria 2017ko azaroaren 8a

Amezketan kultur astearekin jarraituko dute gaur eta Amasan, larunbateko mondeju janaren ondoren, festak hasiko dituzte. Alkizan hiru eguneko egitaraua prestatu dute.

Egiazko negua, sanmartinetan hasten omen da eta aurten zein girorekin datorren ikusita bete-betean asmatuko du esaera zaharrak. Eguraldia ez da aitzakia izango, ordea, jai hauetaz gozatu ahal izateko. Amezketan, kultur astea abiatu zuten aurreko astean eta larunbatean, San Martin egunarekin errematatuko dituzte ekitaldiak. Gaur, esate baterako, Gutik Zura dokumentala eskainiko dute kultur etxean.

Amasan, Uxo-Toki elkartean mondeju jana eginaz, jai giroan sartu ziren larunbatean eta gaur Martina sorgina elizako kanpandorretik jaitsita hasiko dituzte festak. Igandera arte, jaien lehen txanda izango dute, eta beste egun bat gehituko diote egitarauari: azaroaren 18a. Egun horretan, umeen krosa, herri bazkaria eta ohikoa den bertso saioa izango dituzte, besteak beste.

Jai faltarik ez da izaten Alkizan urtean zehar. Iraila hasierakoekin batera, sanisidroak eta sanmartinak ere ospatzen baitituzte. Aurten, haur, gazte eta helduentzako ekitaldiak prestatu dituzte, etzi hasi eta igandera bitarte. Larunbatean, San Martin egunean, bertso afaria izango da Ostatuan eta bertara joateko izena bihar arte eman ahal izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!