Ispilu beraren bi isla

Olatz Artola 2017ko urr. 22a, 09:51

Maixa Lizarribar eta Xabier Berasaluze 'Leturia' elkarrizketako une batean.

Erromerietan aritu dira urte luzez trikitia eta panderoa eskuetan hartuta. Ia Euskal Herriko plaza guztiak ezagutzen dituzte musikari esker. Musikak hori eta gehiago eman die, barruan zutena loratzen lagundu die, baina lore artean arantzak ere topatu dituzte.

Xabier Berasaluze Leturia (Amasa-Villabona, 1954) gaztea zenean eta Maixa Lizarribar (Altzo, 1971) are gazteagoa zenean ezagutu zuten elkar, Altzon, herriko festetan, Maixaren etxebean. Pentsa zeinen gazteak ziren, garai hartan Maria Jesus akordeoi jotzailearen Pajaritos kanta zegoela moda-modan. Ipintzarekin joan zen Leturia eta kantu hori jotzeko eskatu zieten etxekoek. Ezin izan zuten lizarribartarren eskaria bete, pentagramako notak zeintzuk ziren ez zekizkiten eta.

Burugogorrak omen dira biak eta kantarekin tematu ziren; hurrengo bisitan kantua jo zieten. Ondo gogoan dute biek egun hori eta ordutik hainbat plazetan egin dute topo, baita plazetatik kanpo ere. Gaurkoan Altzon egin dute hitzordua TOLOSALDEKO ATARIA-rekin, musikaren argi-itzalez hitz egiteko.

Musika bizibide izateak, plazaz plaza eta diskoen salmentaz eguneroko ogia lortzeak, gehiago du itzaletik argitik baino...

M. L.: Gu bere garaian dezente mugitzen ginen ta asko jotzen genuen, baina diskoen salmentatik ezin da jan, ez. Ez dakit euskaldunik egongo den horretaz bizi denik…

X. B.: Euskal Herrian oso zaila da hori. Gu poparean genbiltzan garaian orain baino binilo eta kasete kontsumo handiagoa zegoen. Zenbakiei begiratuz gero, hemen gutxi gara, are gutxiago euskaraz bizi garenak, kultura euskaraz kontsumitzen dutenak… murrizten eta murrizten joanez gero, oso talde mugatura iristen gara.

Gaur egunean are gehiago. Egun diskoak aurkezpen txartelak dira. Galera egiteko besterik ez dute balio. Hori bai, ez dira diskoak lehen bezala egiten, diskoetxeetan eta. Orain etxean egiten dira lan asko.

M. L.: Baina ere berean, errekonozitua izateko, oso lan ona egin behar duzu. Edo kanpotik bira bat egin, adibidez.

X. B.: Bai, zeren hemen ez dago merkatu handirik. Ezaguna izateko kanpoan jo behar duzu. Eta horrez gain, gaur egun, medio berri guztietan egotea ere ezinbestekoa da.

M. L.: Sare sozialetan. Gainera, badirudi hor ez bazaude ez zarela existitzen. Eta irratian ez bazaude ere, ez zara existitzen.

X. B.: Ez, ez. Hilda zaude.


Irratia aipatuta, gai hori soslai izan dute hainbatetan.

M. L.: Irratian zure kanta jartzen zuten aldiro, bazirudien jotzen ari zinela. Eta gaur egun ere horrela da. Irratiak sekulako eragina dauka. Zer gertatzen da? Euskal musika gutxiago entzuten dela orain irratian. Kanpoko musika jartzea aberasgarria iruditzen zait, baina portzentajeak ez dira egokiak.

X. B.: Lehen sei euskal kantu jartzen bazituzten, orain bakarrarekin nahikoa da. Katalunian ba omen zegoen lege bat 5-1 izan ordez alderantzizkoa zena, 1-5. Eta nik uste dut hortik joan behar dugula.

Bat datoz irratian euskal musikaren presentzia urriegia dela. Eta hari horretatik tiraka, euskaraz kantatzeko hautuaz aritu dira.

M. L.: Duela urte batzuk egon ziren taldeak pittin bat ezagunagoak izateagatik gaztelaniaz kantatzen hasi zirenak eta sekulako egurra eman zitzaien. Nik ez dut gaizki ikusten. Zuk egin nahi duzun produktuaren araberakoa da. Zuk horretan sinisten baduzu eta hori egin nahi baduzu, aurrera, azkenean egiten duzuna musika da.

X. B.: Gu euskaldunak gara eta euskaraz kantatzen dugu, egoskorrak izan gara horretan.

M. L.: Bai, nik ez dakit beste hizkuntza batean kantatzen…

X. B.: Gutxi gara, gure kultura minoritarioa da, zaharra da, geurea da… Bada euskaraz egingo dugu eta listo, besterik gabe.

Kolaborazioak salmentarako amu?

M. L.: Niri aberatsak iruditzen zaizkit nahasketa horiek. Disko bat hartu, hamar kolaborazio egotea… niri gustatzen zait.

X. B.: Baina marketinez jositako diskoak dira. Nik kolaboratu dut horrelakoetan eta panderoarekin disko osoa jo nuen. Baina gero zortzi konpasetan besterik ez nintzen agertu. Nire izena hor dago, hori bai. Egin zuenari ez zitzaion inporta nik zer jo behar nuen, izena agertzea, besterik ez. Beraz, zenbat eta jende gehiago azaldu, hobe.

M. L.: Baina hori lehen ere horrela zen. Duela hogeita bost urte guri horrelakoak gertatu zitzaizkigun. Diskoa zabaltzeko laguntza eskatu ziguten.

X. B.: Baina gero, urtebete pasako da eta disko horiek merkatutik desagertuko dira. Benito Lertxundiren hasierako binilo bat hartzen duzu eta oraindik bizirik dago.

Eta ez dira soilik hizkuntzen eta musika estiloen dantzaz aritu. Zuzenekoen bilakaerak ere izan dituzte hizketagai.

M. L.: Zuzenean jotzen egotea oso gogorra da. Egun batean plaza beteta daukazu eta sekulako zirrara sortzen dizu, baina handik bi egunetara akaso ez dago inor. Berrehun lagun badauzkazu, beren jarrerak zu motibatzen zaitu eta bi badauzkazu…

X. B.: Baina, azkenean, ez duzu jendearentzat jotzen. Tresnan zentratzen zara, gozatzen saiatzen zara eta, ondorioz, aurrean daudenek ere gozatu egiten dute.

M. L.: Baina beti esan izan ohi da plaza batzuk hotzak direla eta beste batzuetan ez dela ezer behar plaza berotzeko. Eragina duela nork jotzen duen? Nik uste dut baietz, lehen bazuen eta orain ere badu.

X. B.: Gaur egun jendeak nahiago du plazako zuzeneko musika baino tabernakoa edo txosnakoa, enlatatua. Hobe taberna edo txosnan, 10 metrora dagoen kontzertua baino. Orduan, zein da gure funtzioa?

Kalitate faltak eta iraungitze datak.

M. L.: Asko aldatu da kontsumoa, baina kalitatea ere ez zaie horrenbeste inporta.

X. B.: Batere ez. Hori da beste problema bat. Lehen kalitate kontrol bat zegoen, grabatzerakoan hutsa egiten bazenuen ikastera behartzen zintuzten… Orain etxean grabatzen denez, hori ez da ematen.

M. L.: Eta orain kantuak ere berehala erretzen dira. Dena oso azkar doa. Gurpila behin eta berriz biraka ari da, azkar, eta ez bazara sartzen ez zaude hor, zutaz ahazten dira. Beti egon da gurpil hori, baina gaur egun askoz ere azkarrago doa.

X. B.: Eta ez bazara gurpilean sartzen ez zara ezaguna, ez duzu saltzen; baina sartzen bazara, erre egiten zara.

M. L.: Kamiseta batekin berdina egiten badugu, pentsa musikarekin…

Eta horrela aritu ziren, luze eta zabal, gurpilari bueltak eta bueltak ematen, gai batetik bestera saltoka, eta behin eta berriz musikaren merkatuaren itzal luzea hitzen aterpe izaten. Etorkizuna ilun ikusten dute, beraz, tunelaren amaieran beti argia dagoela pentsatu behar besterik ez da geratzen.

 

KUTTUNAK

Trikiti itxura duen Maixa Lizarribarren lehen jostailua. Gabonetako oparia izan zen, zortzi bat urte zituela oparitu zioten.

LABURREAN

Disko bat: Zaldiboboren Basajaun diskoa.
Musika talde bat: Zaldibobo.
Kontzertu bat: Bi esango ditut: 1987an Altzoko plazan Tapia eta Leturia eta Zabaleta eta Mutrikurekin ikusitakoa eta Altzoko plazan 1991n Ixiar eta biok jotakoa.
Plaza bat:1991ko Altzoko plazako erromeria.

 

KUTTUNAK

Bat ez, hiru ekarri ditu. Pandero handi bat; Euskal Herriko folkarekin lotura duten kriskitinak, garai batean asko jotzen zena eta oraindik dantza taldeek erabiltzen dituztenak; eta hirugarrena, ezkontzako
zapatak tatxuelekin.

LABURREAN

Disko bat: Joel Savoy-en azkena,  I Wanna Sing Right: Rediscovering Lomax in the Evangeline Country.
Musika talde bat: Benito Lertxundi eta La Bottin Souriante.
Kontzertu bat: La Bottin Souriante eta ikusi nahi dudana Bruce Springsteen-en akustikoa.
Plaza bat: Iturriozko erromeria San Juan egunean.

 

Ikusi elkarrizketaren bideoa hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!