Bigarren urtez jarraian, garaile

Mikel Iraola 2015ko ira. 14a, 13:03

Pasa den urtean bezala, Nerea Perez eta Anjel Larrañagak Kontxako Banderaren zatitxo bat ekarri dute eskualdera. Poza eta samindura uztartu ziren eskualdeko gainontzeko arraunlarien artean.

Poza, helburuak bete zituztenentzat. Tristura, bandera irabaztea lortu ez zutenentzat. Denetarik utzi du aurtengo Kontxako Banderak. Irabazleen izenetan, ordea, aldaketarik ez. San Juan eta Urdaibai. Eta horiekin batera, eskualdeko bi izen: Nerea Perez eta Anjel Larrañaga.

Pasa den urtean, lehorretik ikusi behar izan zituen bere taldekideak Kontxako Bandera lehen aldiz irabazten Nerea Perez patroi tolosarrak. Aurten, ordea, bera izan da sanjuandarren patroi, estropada bikaina eginda, gainera. Eneko Goiak berari eman zion bandera. (Irakurri hemen elkarrizketa).

Anjel Larrañagak ere bigarren urtez irabazi du Urdaibaiko bigarren entrenatzaile gisa. Lehorretik "lasaiago" ikusi du estropada. Tolosarrak aurten amaituko du bere egonaldia Bermeoko taldearekin, eta datorren urtean Zarauzko lehen entrenatzaile izango da. (Elkarrizketa)

Ez da aldaketa bakarra izango. Ioana Alijostes tolosarrak ere erretiroa hartuko duela iragarri zion atzo TOLOSALDEKO ATARIAri. "Urte asko dira, lan asko dago, eta arraunak gauza asko ematen dizkizun arren, kendu ere egiten ditu eta jakin behar izaten da noiz geratu. Orain arte egin ez ditudan gauzak egin nahi ditut". Hasiera batean, behin-betiko erabakia dela dio, baina "inoiz ez da jakiten. Denboraldi hasieran gogoa etor dakidake, eta hilabete pare batean aldatu daiteke gauza. Baina hasiera batean erabakia irmoa da".

Ioana Alijostes (Zumaia)

"Amorruarekin nago, urte guztiko lana ezin izan dugulako errematatu. Baina era berean ere lasaituta, urduritasun asko izan baitugu azkenaldian. Irteeratik irabaztera joan gara, eta azkenera arte mantendu dugu esperantza, eta ongi joan arren, ez da posible izan. Dena den urte nahiko ona egin dugu, bandera batzuk irabaziz".

Oihane Iraola (Orio)

"Estropada ona egin eta gozatu egin dugu. Pena daukat azkenean urruti xamar geratu garelako. Uste dut EuskoTren ligan ez garela hain urruti ibili. Presiopean lehiatzen jakitea falta zaigu, urduritasuna nabaritu baita. Talde hau ezberdina izan da estropada hauetan, edo entrenamenduetan".

Xabier Zabala (San Juan)

"Estropada ona egin dugu. Txanda irabaztea zen asmoa eta lortu dugu. Pena bakarra ohorezko txandan ez sartzea izan da. Baina bi estropadak oso txukunak izan dira. Neskak ere bikain aritu dira, beraz, motiboak dauzkagu ospatzeko. Zorionak eman behar dizkiet, eta ea datorren urtean ere irabazten duten".

Iñigo Jauregi (Hondarribia)

"Pena handia izan da, baina horrela izaten da estropadetan. Espero dut gaurkoaren kontrako egun gehiago tokatzea. Uste dut kaleek eragina izan dutela. Bi taldeak oso paretsu ginen eta eskatzen nuen bakarra zen kale ezberdintasunik ez izatea. Ez da horrela izan, baina hori da arrauna. Puntu gazi gozo horrekin gelditzen naiz, hortaz. Gainontzean, harro egoteko moduko urtea izan da. Hurrengo igandean egingo dugu gure ospakizuna. Zaleei ere eskerrak eman nahiko nizkieke, oso hunkigarria izan baita eman diguten berotasuna".

 Julen Gorostiaga (Donostiarra)

"Lehengo astekoa ikusita helburu bakarra genuen: zazpigarrenarengandik gertuago egotea, eta lortu dugu. San Pedrok atera zigun tartea baino diferentzia gutxiago izan dugu Tiranekiko. Pozik nago, pasa den igandean lehorretik ikustea egokitu zitzaidan-eta. Denboraldia gainera hiru banderekin amaitu dugu, eta ea hurrengo urterako beste aurrerapauso bat ematen dugun".

Ugaitz Mendizabal (San Pedro)

"Pasa den igandean asko kosta zitzaigun, baina oraingoan estropada ona egin dugu. Kanpoaldera joaten asko kosta arren, itzulera ona egin eta ongi amaitu dugu. Tiran pasatzea zen helburua, eta lortu dugu".

Erlazionatuak

"Taldekide guztiok dugu meritua"

Mikel Iraola 2015 ira 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!