"Pena da berriro alabarekin barkuan ez topatu izana"

Mikel Iraola 2015ko ira. 14a, 13:42

Zer nolako sentsazioa utzi dizu estropadak?
Oso pozik nago. Lehorretik beti ere arraunlariak baino lasaiago bizitzen da.

Nola ikusi duzu estropada?
Kanpoaldera Hondarribiarekin batera joanda, bagenekien barrualdera gehiago izango ginela. Demostratu da.

Zein izan da gakoa?
Zozketaren ondoren gora etorri gara, Hondarribiaren kalea ez baitzen onena. Dena den laugarren kaletik gora joatea ere zaila zen, eta horregatik jo dugu erdialdera eta horrenbeste urbildu gatzaio Oriori. Itzulerako luzea bikaina izan da.

Urdaibairekin ez duzu jarraituko. Horrela amaitzea ez da makala.
Arrakasta totala da. Hiru denboralditan irabazi dugu, eta bestean bulegoetan kendu ziguten lortutako bandera. Urte onak izan dira, eta azken garaipen hau ginga da egindako lan horri. Pena nesken mailan Zumaiak ez irabazi izana eta alabarekin berriro ere barkuan ez topatu izana. Dena den, zorionak San Juani.

Zer da eta erabaki duzu Zarauzko entrenatzaile izatea?
Denboraldia hasi eta berehala deitu ninduten. Pentsatzeko denbora behar nuela esan nien, aukera guztiak aztertzeko eta etxekoekin baloratzeko. Salsamendirekin ere asko hitz egin dut, nolabait "baimena" eskatu nion. Berak proiektu polita zela esan zidan eta bultzada handia eman zidan aurrerapauso hori egiteko.

Zer nolako proiektua du Zarautzek?Gora begirako proiektua da, etxetik gertu dagoena gainera, eta horrek lanarekin hobeto partekatzeko aukera ematen dit, bizitzeko ere lana egin beharra baitago. Zentzu batean nire nahia betetzea izango da. Lehen entrenatzaile izatearen ardura dut, baina beheko mailako entrenatzaileekin harremanetan landu nahi dut, gorantz joateko helburuarekin.

Zer suposatzen dizu aldaketa berri honek?
Erronka handia da niretzat. Talde baten atzetik izen bat eta herri bat daude, eta horrek errespetu handia sortzen dizu. Ardura garrantzitsua da, eta gogotsu nago horri heltzeko.

Noiz hasiko zara lanean? Eta zein helbururekin?
Bihar egingo dut Zarauzko zuzendaritzarekin bilera, eta arraunlariekin aurkezpen moduko bat egin nahi dut. KAE ligan mantentzea eta ohorezko txandetan sartuz gora begira egotea izango da helburua.

Zer nolako lotura izango duzu orain TAK-ekin?
Hau guztia publiko egin aurretik TAK-eko zuzendaritzarekin hitz egin nuen. Kirol mailan jauzia ematea izango da niretzat, aukera polit bat. Eskualdeko klubarekin lotura hor egongo da, babes logistikoa edo behar dutenerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!