"Taldekide guztiok dugu meritua"

Mikel Iraola 2015ko ira. 14a, 13:07

Pasa den urtean lehorretik bizitu behar izan zuen Kontxako estropada Nerea Perez tolosarrak. Aurten, ordea, bera izan da patroi lanetan. Berak astindu zuen lehenengoz bandera.

Zorionak, hasteko.
Eskerrik asko

Kontxako Bandera lehorretik edo trainerutik irabaztea, ezberdina da ezta?
Noski. Dena den, lehorrean geratu direnei ere zoriondu behar zaie. Beraiek ere taldea osatzen dute, eta haiek gabe ere ez litzateke posible izango. Denok dugu meritua.

Ziabogan Zumaia aurretik zen. Une horretan nola ikusi duzu estropada?
Guk atzetik joan ahal genuen, beraiek ez. Abantaila guk genuen. Ziabogara arte nahiko paretsu joan ginen, eta ondoren olatu bat hartu eta joan egin ginen. Hori izan zen gakoa.

Zure taldekide batek esanak dira hauek. "Daukagu patroi bat 'la ostia' dena. Itzulerako luze horrengatik zorionik ez zaizu falta izan.
Esan dizudan moduan, hartu genuen olatu hori gakoa izan zen, bost segundoko tartea zabaldu baikenuen. Jendeak zoriondu nau, bai, baina ez dut uste 'la ostia' naizenik (barreak).

Zer sentitu zenuen bandera astintzean?
Poz asko, disfrutatzeko unea zen. Gero arranblara iritsi eta guztia arrosez ikustea ikaragarria izan da.

Zein unerekin geratuko zinateke?
Taldekideekin eta entrenatzaileekin besarkatzeko momentu horrekin. Herri guztia pozik ikustea ere sekulakoa da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!