Agurtu dituzte aurtengo Sanpedroak

Maier Ugartemendia 2014ko uztailaren 1a

Asteasun, Leaburun eta Urkizun jaiak, eta Larraitzen eguna ospatu dituzte; Asteasun atzo erretirodunen egunarekin agurtu zituzten jaiak

Festarik festa, atsedenik hartzeko denborarik gabe ibili dira asteburuan San Pedro jaiak ospatzen zituzten herrietan. Ostegunean hasi eta atzo erretirodunen egunarekin amaitu zituzten jaiak Asteasun. Leaburun eta Urkizun ostiralean hasi eta igandera arte luzatu ziren. Larraitzen, berriz, San Pedro eguna bera ospatu zuten.
Asteasun ostiralean umeak izan ziren protagonista, larunbatean kuadrillen eguna eta pilotariena izan zen. Batez ere, Julen Urruzolarena, profesionaletan San Joan egunean debutatu ostean, herrian bertan jokatzen zuen lehen partidan herritarren omenaldi polit bat jaso baitzuen.
Atzo arte ibili ziren festan asteasuarrak. Erretirodunen eguna izan zen, eta meza eta hamaiketakoaren ondoren, herri kirol erakustaldia ikusteko aukera izan zuten. Joxe Ramon Izeta eta Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak eta Ugaitz Mugertza eta Joseba Otaegi aizkolariak aritu ziren plazan. Ondoren, euren bazkaria ere izan zuten, frontoian. Arratsaldean, Asteasuko trikiti eta pandero eskolako emanaldia izan zuten. Ondoren, sorginaren igoerarekin eman zieten amaiera aurtengo festei.
Urkizun ostiralean mus txapelketa izan ondoren. Larunbatean haurrak izan ziren protagonista nagusi, jolasak eta bazkaria izan baitzituzten. Igandean, patata tortilla eta sagardo lehiaketa, toka eta bolo txapelketa ere izan zituzten.
Leaburun ere giro ederrean igaro dituzte festak. Larunbateko sega jaialdia eta herri afaria izan dira ekitaldirik jendetsuenak. Sega apustua Jose Luis Zelaia belauntzarrak irabazi zuen; lau segundogatik gailendu zitzaion Jon Otegi Arbola herritarrari. Igandeko dantzarien emanaldian, txakolin dastaketan eta herri kirol erakustaldian ere jende asko bildu zen, eta horrela agurtu zituzten festak.
Larraitzen ez dituzte jaiak ospatzen, baina bai San Pedro eguna bera. Meza nagusiaren ondoren, trikiti eta pandero doinuek alaitu zuten auzoa.

Erlazionatuak

San Pedro eguna, Larraitzen

Izarne Olano 2014 eka 29 Abaltzisketa

Haurren gozamena airean, Asteasun

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 eka 27 Asteasu

Ateak zabalduko zaizkie San Pedro festei

Maier Ugartemendia 2014 eka 26

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!