Ateak zabalduko zaizkie San Pedro festei

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 26a, 10:48

Asteasun, Leaburun, Urkizun eta Larraitzen ospatuko dituzte San Pedro jaiak eta eguna

Sanjoanak amaitu berri dira, baina ez dago atseden hartzeko denborarik, eta San Pedroak ate joka ditugu jada. Asteasun gaur emango diete hasiera sorginaren jaitsierarekin, eta bihar Leaburun eta Urkizun. Larraitzen ere ospatzen dute eguna.

Esan bezala, Asteasun gaur emnago diete hasiera jaiei eta aurten txupinazoa botatzeko ardura Asteasuko boluntario taldeak izango du. Duela hiru urte hasi ziren Asteasun herriko talde bati ardura hau ezartzen, eta Joxe Ramon Aiertza kultur zinegotziak azaldu bezala, aurten talde hau aukeratu dute «hasi berriak» direlako, «lan interesgarria» egiten dutelako, «elikadura taldea beraiek kudeatzen dutelako eta hirugarren adineko jendearentzat ekimenak egiten» laguntzen dietelako. Aurten ospatuko duten ekitaldi berezietako bat ikurrinari egingo dioten «omenaldia» da. Gure Esku Dago-k «ekimen berezi bat» antolatu du bihar 19:00etarako. Eta udaletik ere dei egin diete herritarrei ekimenean parte hartzeko eta ikurrinak euren etxeetan jartzeko. Horretarako ikurrinak udaletxean bertan eskura daitezke. Bihar «200 lagun inguru» herri afarian biltzea ere espero du Aiertzak. Bestalde, aipagarria da asteartean debutatu zuen Julen Urruzola herritarrak ere, profesional bezala lehen partida jokatuko duela larunbatean herrian. Urruzolak berak, eta Herriarteko txapelketan finalerdietara iritsi diren herritarrek omenaldia jasoko dute pilota partiden artean.

Gauzak honela, «inguruko herritar guztiei» Asteasura gerturatzeko gonbitea egin die Aiertzak.

Leaburun, ostiralean hasiko dituzte festak. Festa batzordetik bereziki azpimarratu nahi izan dute larunbat arratsaldean egingo den sega jaialdia. Izan ere, bertan segalari «profesionalagoak» ikusteko aukeraz gain, gaztetxoak ere ikusi ahal izango dira sega erakustaldia egiten, eta hau «ez da batere ohikoa». Horrez gain, Belauntza eta Leaburu beste behin «festa giroan, baina aurrez aurre» jarriko dituen apustua izango da. Jose Luis Zelaia belauntzarrak eta herriko Jon Otegik 500 metro ebaki beharko dituzte. Herri afarian, berriz, «urtero bezala 120 lagun inguru» biltzea espero dute. Igande goizean jan eta edateko aukera izango da txakolin dastaketa eta hamaiketakoarekin, dantzariak dantzan dabiltzan bitartean. Eta arratsalderako herri kirol jaialdia dute prestatuta. Bestalde, aipatu festetako egunetan zehar marrazki lehiaketako lanak ikusgai egongo direla ostatuan.

Festa batzordetik «eskualde guztiari» gonbitea luzatu diete Leaburura gerturatzeko, baina «dei berezia» egin nahi izan diete herritarrei «eurenak diren festez gozatzeko eta ondo pasatzeko».

Urkizun festak antolatzeko ardura Alurtxiki elkarteak du, eta bertako kide den Iñaki Iraolak dioenez «giro berezia» sortzen da festa egun horietan auzoan. Elkartea sortu zenean bi helburu zituen. Bata auzoko beharrak «bideratu eta kudeatzeko», udaletxearekin «zubilana» egitea. Bestea, «nahiko itzalia zegoen landa eremua berpiztea eta indartzea». Horretarako, udalaren laguntza jasotzen dute eta urtean «12-15 ekimen» antolatzen dituzte; tartean auzoko festak. Horregatik, elkartetik Iraolak ere «denak» gonbidatzen ditu Urkizuko festetara joan eta «ondo pasatzera».

Egitarauak

ASTEASU

EKAINAK 26, GAUR

17:30. Asteasuko Pilota Eskolako Txapelketako alebinen finala: Lander Aizpuru - Oinatz Otegi. Eta Atzapar Pilota Elkarteak antolatuta, nesken pala txapelketako finala: Uxue Aranburu - Itxaso Segurola.

18:15. Arkupeko pilota txapelketako finalak.

19:00. Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatutako Asteasuko Pala Txapelketako finala.

20:30. Sorginaren jaitsiera. Txupinazoa Asteasuko Bolondres taldeak egingo du. Jarraian, kalejira.

22:30. Bertso saioa. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Iker Zubeldia. Gai jartzailea: Haritz Mujika.

Ondoren. Erromeria Iñolaz taldearekin.

EKAINAK 27, BIHAR

HAURREN EGUNA

10:00. Haurren krosa eta marrazketa lehiaketa.

12:00-14:00. Haur parkea, frontoian.

14:00. Haurren arteko bazkaria, plazan.

15:00 - 17:30. Haur parkea frontoian.

17:45. Haurrentzat emanaldia: Motxila bete ipuin.

Ondoren. Zezen txiki eta poneyak.

19:00. Ikurrinaren aldeko ekitaldia, Gure Esku Dago ekimenak antolatuta.

21:00. Herri afaria.

Ondoren. DJon.

EKAINAK 28, LARUNBATA

KUADRILLEN EGUNA

11:00. Asteasuko auzoen arteko futbol torneoa, eskolan

14:30. Kuadrillen arteko bazkaria.

18:00. Musika kalean: Jainekin txaranga.

18:30. Esku pilota partidak:

· Afizionatu maila: Arrieta-Gorrotxategi, Labaka-Erasun.

· Profesional mailan: Jaunarena-Pascual, Aritz Lasa-Julen Urruzola.

23:00. Rock kontzertuak: Desira, Dolce&Tangana eta Kauta.

EKAINAK 29, IGANDEA

SAN PEDRO EGUNA

10:00. Diana.

11:00. Meza nagusia.

Ondoren. Elizmendin, hamaiketakoa eta soka dantza.

Jarraian. Asteasuko Pilota Eskolako Txapelketako finalak:

· Benjaminaurrekoak: Manex Usabiaga - Alain Balsera.

· Benjaminak: Gorka Huitzi - Enaitz Agirrezabal.

18:00. Herri kirolak Asteasuko gazteen eta helduen artean.

19:00. Asteasuko musikarien kalejira.

Ondoren. Sagardo dastaketa eta patata tortilla txapelketa.

22:30. Ezten giro taldearekin erromeria.

EKAINAK 30, ASTELEHENA

ERRETIRODUNEN EGUNA

11:00. Meza.

Ondoren. Aitzondo Elkarteak eskainitako hamaiketakoa.

13:00. Herri kirolak.

· Harrijasotzaileak: Joxe Ramon Izeta eta Ostolaza.

· Aizkolariak: Ugaitz Mugerza eta Joseba Otaegi.

14:30. Erretirodunen bazkaria frontoian. Bertan izango dira: Zapre eta Zaharra trikitilariak. Eta Telleria eta Zeberio bertsolariak.

18:00. Musika jaialdia plazan. Asteasuko Trikitixa eta Pandero eskola.

Ondoren. Sorginaren igoera.

LEABURU

EKAINAK 27, BIHAR

10:00-14:00. Tolosaldeko Ataria Irratia zuzeneko irratsaioa egiten izango da Leaburuko plazan.

16:30. Txupinazoa.

17:00. Haur jolasak.

Ondoren. Txokolate jatea.

20:15. Azken ostiraleko elkarretaratzea, plazan.

21:00. Barrikotea, sagardo dastaketarekin.

Ondoren. Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak, Aldasoro txiste kontalaria lagun dutela.

23:00etatik aurrera. Musika Festa Batzordearen tabernan.

EKAINAK 28, LARUNBATA

11:00. Herri krosa.

16:00. Mus txapelketa, Zazpibide elkartean.

17:30. Sega jaialdia, Ermitaren atzealdeko zelaiean:

· Eskualdeko segalari gazteen erakustaldia, tartean herriko hiru segalariak ere ariko dira.

· Segalari Adituen Lehia nazioarteko eran, emakumeak nahiz gizonezkoak.

· Sega apustua: Betiko eran, 500 metro ebakitzea, Arbola herritarra, Jose Luis Zelaia belauntzarraren aurka.

19:30. Triki poteoa herriko trikitilariekin.

20:45. Andoni Otegiri bidaltzeko zorion argazkia, pilotaleku ondoan.

21:00. Herri afaria, zikiro jana.

Ondoren. Herriko trikitilariekin dantza saioa egiteko aukera izango da

22:00. Disko festa haur eta gaztetxoentzat Festa Batzordearen tabernan.

00:00etatik aurrera. Musika izango da Festa Batzordearen tabernan.

03:00. III. Parrandazaleen arteko zaku karrera.

EKAINAK 29, IGANDEA

SAN PEDRO EGUNA

10:00. Meza nagusia San Pedro elizan.

11:00. Herriko dantzarien emanaldia

Ondoren. Hamaiketakoa Herriko Ostatuan.

12:00. IV. Txakolin dastaketa herriko plazan.

12:30. Toka txapelketa herrikoia.

18:00. Herri kirol saioa:

· Aizkolariak: Felix Etxeberria eta Donato Larretxea.

· 5 metroko altueran egurra mozten: Jose Mari Esnaola.

· Harri-jasotzailea: Joseba Ostolaza

· Giza-proba lege zaharrean: Iñigo Aurrekoetxea.

Ondoren. Trikitilarien emanaldia

URKIZU

EKAINAK 27, BIHAR

21:00. Txupinazoa eta kanpaiak San Pedro jaiei hasiera emanez.

21:30. IV. Alurtxiki Mus Txapelketa elkartean.

EKAINAK 28, LARUNBATA

12:00. Ume jolasak egun guztian zehar.

14:00. Bazkaria elkartean guraso eta haurrentzako.

21:00. Auzo afaria Alurtxiki

elkartean trikitilariek alaiturik.

EKAINAK 29

11:00. Tortila patata prestaketa frontoian.

11:30. Sagardo eta tortila patata lehiaketa.

12:30. Meza nagusia.

12:30. Toka txapelketa.

18:00. Umeentzako jolasak.

18:00. Bolo txapelketa.

Egun guztian zehar: trikitilariak, elkartean barra, urdaiazpiko zozketak, etab. izango dira.

LARRAITZ

EKAINAK 29, IGANDEA

12:30. Meza nagusia.

Ondoren. Hamaiketakoa eta trikitilariak

Arratsaldean. Trikitia iluntzera arte.

Erlazionatuak

Agurtu dituzte aurtengo Sanpedroak

Maier Ugartemendia 2014 uzt 01

San Pedro eguna, Larraitzen

Izarne Olano 2014 eka 29 Abaltzisketa

Haurren gozamena airean, Asteasun

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 eka 27 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!