Arnasguneak, ukituta

Arnasguneak, ukituta

Ainhoa Oiartzabal 2014ko eka. 1a, 12:00

Euskaraz bizi diren eskualdeko herrietan euskarak espazioa galdu duela diote azken azterketek

Euskararen arnasguneak: espazio bat non euskaldunen proportzioa oso altua den, harreman sareak euskaraz bideratzen diren eta euskara modu naturalean transmititzen den. Horra hitz gutxitan zer diren euskararen arnasguneak. Tolosaldea, oro har, horixe da, baina urte gutxitan aldaketa esanguratsuak gertatu dira ekosistema horren baitan, eta horrek argi gorria piztu du zenbait euskaltzale eta adituren artean.
Xabier Bengoetxea irakasleak 2011n Tolosaldeko lau arnasgune (Alegia, Amezketa, Asteasu eta Berastegi) aztertu zituen euskararen erabilera sendotzen ala ahultzen ari ote zen jakiteko, eta lortutako emaitzek joera bera erakusten dute Bengoetxea beraren hitzetan: «Lehen erabat euskararenak ziren eremuetan deskonpartimentalizazioa ematen da. Bi hizkuntzek sarbidea dute eta nahasketa gertatzen da». Bengoetxearen arabera, deskonpartimentazioa mintzaldaketaren atariko posible eta, sarri, probablea da: «Bi hizkuntzen konpartimentazioa, diglosia egonkorra, apurtuz doa. Horren ordez, diglosiarik gabeko elebitasuna hedatuz doa. Hori, sarritan, mintzaldaketaren lehen urratsa izan ohi da». [Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa ikerketa lana, hiznet.asmoz.org helbide elektronikoan].

Biztanleak eta erdaldunak, gora
Xabier Bengoetxeak aztertu dituen herrietan, 1981etik aurrera biztanleak beheraka joan dira, baina 2001etik aurrera norabidea aldatzen hasi zen: herriak biztanle berriak irabazten hasi ziren. Horrek zer eragin soziolinguistiko ekarri du arnasguneetan? Bengoetxearen datuen arabera, biztanleriak gora egin duenean, euskaldunen dentsitatea beherantz hasi da. Batik bat, 2001etik 2006eko tartean. Etxean egiten den hizkuntza nola aldatu den nabarmendu du: «Euskaraz egiten dutenak beheraka doaz, nabarmen; %90,11 (1991n), %83,34 (2001ean) eta % 61,99 (2006an). Bost urte horietan sekulako beherakada ikusten da, beldurtzeko modukoa». Hau da, erdaldunen dentsitatea goraka doa. Txikia izan arren oraindik proportzioa, eragina, inpaktua handia da.
Halaber, euskara hutsezko jarduna galduz doa etxe-giroan, eta elebikoa zabaltzen ari da. Deskonpartimentazioaren fenomeno hori «mintzaldaketaren atariko izan daitekeen lehen urratsa». Bengoetxearen arabera, gertaera horri ez zaio behar adinako garrantzirik eman orain artean.
Biztanleen gora-beherek ez ezik, kultur kontsumoak ere berebiziko garrantzia du hizkuntzaren auzian. Bengoetxeak erabat beharrezkoa jotzen du hizkuntzaren etengabeko elikatzea: «Batetik, terminologia eta esapideak beste hizkuntza batean elikatzen baditugu beste hizkuntza hori indartzen dugu nahi gabe». Arnasguneetan, lehen ez bezala, beste hizkuntza komunitateko erreferenteak partekatzen dira, eta erreferente kulturalak erdarakoak izateko arriskua dago.

Lehentasunezkoak dira
Euskara bezalako hizkuntza bat ahul dagoenean, arnasguneak dira hizkuntzak dituen birika osasuntsuenak, eta edozein indarberritze prozesu martxan jartzeko abiapuntu dira. Horregatik, gogoeta egiteko deia egiten du Bengoetxeak: «Lehendabiziko urratsa zer gertatzen zaigun eta zergatik jabetzea da. Norabideak aldatu behar ditugu. Arnasguneetako hiztunak euskaldun oso izan behar du: entzun, erabili, gozatu,... bizitza normal batean egiten diren gauzak hizkuntza horretan egin behar ditu». Hori inoiz baino posibleago dela dio, belaunaldi berriak euskaraz bizitzeko eta euskaraz kontsumituz beren hizkuntza elikatzeko ahalamena badutelako.

 

 
 

'Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa

Asteasu

  • Biztanleria: 1.290 (2001) / 1.438 (2006)
  • Euskaldunak: %81,24 (2001) / %75,59 (2006)
  • Ama hizkuntza euskara: %77,83 (2001) / %71,42 (2006)
  • Etxean egiten den hizkuntza euskara: %70,70 (2001) / %54,31 (2006)

Alegia

  • Biztanleria: 1.583 (2001) / 1.664 (2006)
  • Euskaldunak: %82,75 (2001) / %77,88 (2006)
  • Ama hizkuntza euskara: %75,17 (2001) / %70,13 (2006)
  • Etxean egiten den hizkuntza euskara: %71,13 (2001) / %52,94 (2006)

Amezketa

  • Biztanleria: 980 (2001) / 942 (2006)
  • Euskaldunak: %93,37 (2001) / %90,02 (2006)
  • Ama hizkuntza euskara: %92,55 (2001) / %89,60 (2006)
  • Etxean egiten den hizkuntza euskara: %90,20 (2001) / %71,95 (2006)

Berastegi

  • Biztanleria: 973 (2001) / 981 (2006)
  • Euskaldunak: %90,75 (2001) / %85,42 (2006)
  • Ama hizkuntza euskara: %91,68 (2001) / %86,14 (2006)
  • Etxean egiten den hizkuntza euskara: %87,05 (2001) / %65,34 (2006)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!