Arnasguneak, ukituta

"Geroz eta gehiago entzuten dugu haurrek elkarren artean erdaraz egiten dutela"

Ainhoa Oiartzabal 2014ko mai. 30a, 12:21

Euskara, kultura eta hezkuntza zinegotzia da Berastegin Mirari Saizar. Bertan jaio eta bertan bizi da duela 32 urtez geroztik, eta berak zuzenean halakorik sumatu ez badu ere, haurrek elkarren artean geroz eta gaztelania gehiago erabiltzen duten kontua zabaldu da herrian.

Berastegi euskararen arnasguneetako bat da Tolosaldean. Hala kontsideratzen duzue zuek berastegiarrok?
Oraintxe arte nik behintzat ez dut ezagutu kontzeptu hori, baina esango nuke hemen jaio eta bizi garenok Berastegi beti kontsideratu izan dugula herri euskalduna. Bertan jaio eta bizi garenok denok dakigu euskaraz eta oro har, euskaraz bizi gara herrian. Herri guztietan bezala, eta ni umea nintzenean ere bai, badira euskaraz ez dakiten herritarrak edo euskaraz egitera ausartzen ez direnak, baina gutxi batzuk dira.
Euskara modu naturalean bizi dugun herria gara, eta modu naturalean transmititu da.


Datuei erreparatuta, euskaldunen kopurua murriztu egin da. Nabaritu duzue?
Euskaldunak gutxitzen bainoago, euskararen erabilpena gutxitzen ari den kezka sortu da herritarren artean eta udalean bertan. Beste hainbat herritan bezalaxe, urte gutxitan etxe asko egin dira eta jende asko etorri da hara bizitzera. Batzuek erakutsi dute interesa euskaraz aritzekoa, baina beste batzuek ez.
Oro har, bai egon dela atzerapena, batik bat, guraso jendearen artean. Eta ez bakarrik gurasoen artean; geroz eta gehiago entzuten dugu haurrek ere elkarren artean geroz eta gehiago egiten dutela erdaraz. Hori adibidez duela 30 urte ez zen gertatzen. Eta horrek sortu du kezka; hain euskalduna den herri batean zergatik ari den gertatzen hori.
Etorri bezala joango den joera ote den edota beste zerbaiten seinale ote den...Kezka hori herritarrei zabaltzeko premia sortu da guraso eta herritar batzuen artean.


Hirigintzarekin batera, kultur kontsumoa ere jotzen dute hizkuntza ohiturak aldatzeko aldagaitzat. Zer diozu?
Egia da telebista digitala iritsiz geroztik kate kopurua ikaragarri handitu dela, eta kate gehienak gazteleraz dauzkagu. Eta akaso bai, baina nik ez nuke esango horrek bereziki eragiten duenik. Zeren eta lehen ere telebista kate gehienak erdaraz genituen, eta Berastegin, kalean, euskaraz bizi ginen; kalean euskara entzuten zen.
Beti gertatzen zaigu, ordea, jende multzo batean gutxiengoa izan arren euskaraz ez dakiena beti egiten dugula gaztelaniara saltoa. Eta horrek horrela jarraituz gero, geroz eta talde gehiagotan egin beharko da gaztelaniaz ez badugu konpromisoa hartzen euskaraz egin eta jendea euskaraz egitera bultzatzekoa.
Gaurko gazte jendeak bestelako kontzientzia dugu, eta badakigu euskara ez dela salbu dagoen hizkuntza, eta guk hartu behar dugula hizkuntza erabiltzeko konpromisoa herri euskaldunetan euskaraz bizi ahal izateko. Berastegin egotea jada ez da berme bat kalean euskaraz entzuteko.


Umeak gaztelaniaz entzuteak piztu ditu alarmak?
Jende heldua gaztelaniaz entzuteak ez dakit hainbeste larritu izan gaituen inoiz baina umeak erdaraz entzuteak Berastegi batean bai harritzen gaituela. Eta kezka ere sortzen du zerbaiten seinale ote den.
Kontua da lehen baino etxe gehiagotan hitz egiten dela gaztelaniaz, baita Berastegin ere. Lehen ere baziren etxeak erdaraz hitz egiten zutenak, baina kaleko hizkuntza euskara zen, inork ez zuen zalantzan jartzen. Gaur egun, ordea, etxe gehiagoren hizkuntza da erdara eta gero kalean zenbait umeren joera erdarara jotzekoa da, eta horrek, ume euskaldun asko ere erdaraz hitz egitera bideratzen ditu.
Askoz ere ikerketa sakonagoak egin beharko dira, baina umeek helduok egiten duguna egiten dute azkenean. Helduoi ikasitakoa errepikatzen dute.


Udaletik proposatuko al duzue egitasmorik gai honen inguruan?
Gai honekin ezer konkreturik ez, baina hitz egin da bileretan eta abar. Udal honek bai izan du argi udal funtzionamendua euskaraz izango dela nagusiki, eta herrian zehar antolaturiko ekitaldietan euskara izango dela oinarri.
Ueman sartzeko plana ere legealdi hasieratik genuen buruan, baina diru kontuak direla-eta ezin izan genuen nahi bezain azkar sartu. Hala ere, ekaineko batzarrean, ekainaren 14ean Tolosan egingo den batzarrean, sartuko gara azkenean Ueman.


Ekainaren 14ean Tolosako batzarrena sartuko zarete Ueman. Konpromiso handiagoa hartuko duzue?
Orain arte ere hainbat ekimen jarri ditugu martxan: errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina, izen-abizenak euskaratzeko kanpaina, Euskararen Eguna ospatu izan dugu, mintzalagunaren proiektua...
Uema sartzera goazen honetan, harekin batera egin dugu udal barruko funtzionamenduari buruzko plan bat. Aztertu da udal honek zer zerbitzu eskaintzen dituen euskaraz, eta bete gabeko hutsuneren bat baldin badago, identifikatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!