Arnasguneak, ukituta

"Euskaldun giroak bere horretan segitzen du Asteasun"

Ainhoa Oiartzabal 2014ko mai. 30a, 12:19

Duela hamabi urte etorri zen Idoia Zulaika Asteasura bizitzera, eta beste hainbat urte daramatza Olatz Otaegi asteasuarrak Larraulen bizitzen. Euren seme-alabak Asteasuko Pello Errotan ari dira ikasten, eta eurak bertako guraso elkarteko kide dira. Zulaika, gainera, jangelan aritzen da lanean.

Asteasu herri euskalduna da Tolosaldean. Zuek hala bizi al duzue herria? Euskaraz bizi al zarete egunerokotasunean?
Olatz Otaegi: Gu bai. Gure etxean euskaraz egiten da, umeekin hala egiten da, familiartean ere bai,... Guk ez dugu nabaritu euskara gutxiago egiten denik. Beharbada kanpotik etorri diren herritar berriei egingo zaie erdaraz, baina ez dut gaizki ikusten.
Idoia Zulaika: Herria handitu egin da, etxe asko egin dituzte eta kanpoko jendea etorri da Asteasura bizitzera. Batzuetan, familia horietako gurasoetako bat edo biak erdaldunak dira, eta ume horiek erdararako joera dute. Ondorioz, gero umeak herrian biltzen direnean, ez txikiak direnean, baina bai handiagotan, erdarara jotzen dute batzuetan. Atentzioa deitzen du zure seme-alabak erdaraz entzutea, hemen denok euskaraz egin dugunean.


Zuen kasuan zuen seme-alabek erdara erabili ohi duten beren ikaskideekin?
I.Z.: Segun eta zeinekin elkartzen diren. Normalean, beren lagun taldean, euskaraz egiten dute.
O.O.: Baina batekin edo bestearekin erdara egiteagatik ez da jaitsi euskararen maila. Hemen Asteasutik atera eta edozein tokitara joateko erdara behar dute, eta nik ez ditut nire umeak euskaraz egitera soilik itxi nahi. Zenbat eta gehiago jakin, hobe.


Asteasun 2001ean etxean euskaraz %70,70k egiten omen zuen, 2006ean %54,31k. Zer diozue?
O.O.: Hemen eskolan geletan egin diren zenbait inkesten arabera, 235 umetatik 60k soilik egiten omen zuten etxean dena euskaraz. Niri atentzioa deitu dit datu horrek, ez dut uste hala denik. Baina etxean den-dena euskaraz egitea ezinezkoa da. Telebista erdaraz ikusiz gero eta liburuak gaztelaniaz irakurriz gero ezin baduzu esan dena-dena euskaraz egiten duzula... nahiz eta etxean erabat euskaraz hitz egin...
I.Z.: Nik nire alabei galdetu nien zer erantzun zuten eta batek esan zidan dena euskaraz egiten zuela jarri zuela baina besteak esan zidan ezetz; telebista erdaraz ikusten duelako.


Asteasun kale giroan erdara gehiago erabiltzen da gaur egun?
O.O.: Gure garaian ere erdaldunak baziren, eta beraz erdara entzuten zen lehen ere. Orain beharbada gehiago, jende gehiago dagoelako, baina euskaldun giroak bere horretan segitzen du Asteasun. Euskaldunok euskaraz egiten dugu.
I.Z.: Eguneroko hizkuntza euskara da. Hemen eskolan badira Hego Ameriketatik etorritako ikasleak adibidez, eta denbora gutxian ondo moldatu dira euskaraz hitz egiteko. Nahiz eta ez hitz egin, ulertzen dute, eta gu jangelako langileok euskaraz egiten diegu dena. Eta ikasleei ere esaten diegu euskaraz egin diezaien, ikas dezaten. Hor ibiltzen dira, moldatzen dira. Euskaraz, erdaraz,... denetarik pixka bat.


Telebista erdaraz gehiago ikusten al da LTDaren ondotik?
O.O.: Bai, erdaraz aukera gehiago dago umeentzako.
I. Z.: Nireek telebista erdaraz ikusten dute; irakurri ez, nik uste zailagoa egiten zaielako erdaraz, baina telebista bai. Eta hemen, gehienek.
O.O.: Neskek batik bat. Serieak-eta ikusten dituzte erdaraz. Disney Channelen ematen dituztenak.


DBH egitea herritik irten behar dute; orduan, ohiturak aldatzen al dituzte?
I.Z.: Umeak nahastu egiten dira beste herrietako umeekin, eta kuadrillak aldatu egiten dira. Aldaketa handia gertatzen da orduan. Baina hemendik kanpora ez ezik, kanpotik hona ere etortzen dira haurrak. Bidegorriak asko lagundu du horretan. Baina hizkuntza ohituretan berdin segitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!