Bertsolari Txapelketa Nagusia

Oihana Iguaran Barandiaranen iritzia: "Ezin Kabitu"

Oihana Iguaran Barandiaran 2013ko abe. 17a, 14:05

Gaia ematean, doinurik ez baina neurria jarri didate. Neurgaitza hemen kabitzen saiatuko naiz, atzo bertsolariek mundu bat 10/8an nola. Atzokoaz bada zer kontatua eta zer kantatua.

Goizetik utzi zuten argi bertsolariek festan geundela. Gaztelumendik,»jolasera eta jokora» zetozela aitortu zuen. Gauza bakarrarekin ez zegoen Arzallus jolasteko prest: «amets egiteko eskubidea»rekin. Ametsak oso jolas serioa dira.

Eta txapela amets baino, jolas bihurtu zen. Nik behintzat, dozena bat txapel banatuko nituelako: Sustrairi bat, emango ez duenari eskatzeagatik; Beñati beste bat, bere aldean sentiarazteagatik; Maialeni bat, barrea barreago delako minarekin nahastuta; Mendiluzeri bi, puntukako ariketa eder hori oparitzeagatik; Sarriegiri, berdindu ezin den kartzelako lanagatik; Igorri, hankak hain duin lokazteagatik; Ametsi, ironiagatik; Unairi, ezin delako hobeto hil.

Txapelik ezean, txaloak banatu nituelako; Joxe Agirrez oroitu nintzelako; harrotasuna Harituz doalako... Goizean malkoak irentsi, eta arratsean erautsi; ezin eutsi.

Baina nire kontraesanek duten koherentzian, zutik harrapatu ninduen txapeldunaren izenak. Gai jartzaileak azkenean esan zuen: «Amets Arzallus Antia» (eta nik Amets Arzallus handia ulertu nuen). Eta bai, jolasean bazen ere topa egin genuen gure kafe-kikarekin. Topa Ametsengatik, ametsengatik eta Iparraldera joan zen lehen txapelagatik.

Jokatu zuenak irabazi egin zuen, eta jolastu zuenak gehiago. Txaloz eta malkoz hustu nintzen, hemendik zortzi urtera gogoratuko ditudanez bete. Hustuta bezain BECteta atera nintzen.

Oihana Iguaran Barandiaran
Harituz-eko kidea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!