Amets Arzallusen agurra
Igor Elortza durangarrak egin du hirugarren. Txapelketa osoan zehar erakutsi duen maila mantendu du gaurko finalean. Ideietan sendo aritu da, arrazoi borobilak botaz eta adibidez zortziko txikian Unai Iturriagarekin, talo postuan zeudela botatako bertsoak dotoreziaz osatu ditu.
Eskualdeko ordezkaria izan da laugarren sailkatua. Harituz Bertsozale Elkarteko kide Mikel Artolaren eskutik jaso du saria. Aurretik, Oionen eta Maulen izandako aho zapore garratza gozatu du gaurko finalean. Ederki aritu da Iruran bizi den andoaindarra, bereziki, puntutakako saioan Igor Elortzarekin batera. Olentzero eta Aita Noelen paperean sartuta, gogoan geratzeko bertsoaldia osatu dute biek.
Aitor Sarriegi beasaindarrak saio irregularragoa egin du baina goia jo du bakarkako ariketetan. Arratsaldekoan esate baterako, preso duen bikotekideari bisita egitera alabarekin batera doanaren paperean kantatu du. Lehen bertsoaren bukaera borobildu du bertsolariak.
Unai Iturriagak egin du gaur seigarren. Hasierako agurrean iragarri du azkeneko txapelketa duela aurtengoa eta bukaeran ere hori berretsi du. Esker onezko hitzak izan ditu bertsozaleentzako. Ale ederrak utzi ditu gaurko saioan ere, goizean eta sei puntuko motzean egin du saiorik ederrena. Aitor Sarriegirekin batera haurdun geratzen den 16 urteko nerabe bezala kantatu du Unaiek.
Beñat Gaztelumendik lehen aldia zuen Txapelketa Nagusian eta egin beharreko lanak polito bete ditu. Erregular aritu da saio osoan. Goizean zehar izan ditu printzaldi batzuk eta arratsaldeko bakarkako lanean ere ez du bertsoaldi makala osatu. Adimen urritasuna duten pertsonen ballet irakasle bezala aritu da, Beñat. Agurreko bertsoa, beti ondoan izan duen anaiari eskaini dio.
Sustrai Colinak ez du saio txarrik egin finalean. Goizean freskoago sumatu dugu, ordea, arratsaldean baino. Txalo zaparrada jaso du bukaeran. Ez ditu Maulen eta Murgian egindako saioak berdindu.
Aitor Mendiluze irurarrak saio erregularra burutu du goizean. Zortziko handian nahiz txikian ale ederrak utzi ditu. Lujanbiorekin aritu da handian eta Colinarekin. Arrazoietan sendo aritu da Mendiluze; Puntu erantzunetan, oker handirik gabe baina lotuago ikusi dugu irurarra. Goia, sei puntuko motzean jo du, Arzallusekin bikote eginda. Goizeko bertsoaldirik osoenetakoa osatu dute biek: euren seme-alabak biluzik topatu dituzte elkarri argazkiak atereaz, kezkaz hartu du kontua Mendiluzek eta ez dio garrantzirik eman Arzallusek. Dotore erantzun dio bigarren bertsoan gure eskualdeko bertsolariak argazkiei erreferentzia : “baina iristen bada sare sozialetara, hauek ez dute izango zure begirada”. Kartzelako ariketarako “egoerak beste aldean jarria zaitu” gaia izan dute bertsolariek bertsotarako. Hezkuntzari heldu dio Mendiluzek eta arrazoi sendoak bota arren ez du lana erabat borobildu.
Gainerako zazpi bertsolariak ere fin ibili dira goizeko saioan. Inork ez du oker handirik egin. Gogoangarriak gertatu da, zortziko txikian Igor Elortzak eta Unai Iturriagak egin duten bertsoaldia, talo postuan edota Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek egin dutena. Puntu erantzunetan, Arzallus gailendu da, nabarmen. Eta seiko motzean, Lujanbio edota Iturriagaren lanak ere nabarmentzekoak izan dira, lehen aipatutako Mendiluze eta Arzallusen bertsoaldiarekin batera. Kartzelakoan, gai zabala zuten bertsolariek eta hortaz, norberak beretik kantatu izan du. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusenak komentatu ditu jendeak gehien.
Bazkal aurretik agurra kantatu du Beñat Gaztelumendik:
“Gazteenaren harrokeriek ondorio hau dakarte, baina ohore bat da izatea oholtza handi honen parte, ta orain denok jatera, joango gera batera fotokootatik aparte egoerak berriz alde banatan ipintzen gaituen arte”.
2013 abe 17 Irura
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!