Bertsolari Txapelketa Nagusia

Beñat Azaldegi Lakuntzaren iritzia: "Emozio BECtekada"

Beñat Azaldegi Lakuntza 2013ko abenduaren 17a

Zirraren eguna edo 13.500 laguneko emozio betekada. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak utziriko aje gozoarekin gaude, oraindik, igandean Barakaldora hurbildu ginenok. Betekada diot, protagonistek ongi beteriko bertsoek barrenak bete zizkigutelako goizetik arratsera bitarte. Eta betekada, 13.500 lagunek osaturiko plaza erraldoia indar betekada bat delako, jendez gainezka ikusita.

Gu betetzeko, zortzi protagonista husteko prest. Hasieratik nabaritu zitzaien dena ematera zihoazela, eta beherakada puntualen bat salbu (oraindik ez dut gogoratzen noiz eta norena), maila izugarriko bertsoaldiak eskaini zizkiguten. Ederki surfeatu zuten, bakoitzak bere firmatxoa utziz, Bizkaia Arenako olatu erraldoian.

Amets Arzallus txapeldun. Garaipen justu eta aski merezia. Hala ere, igandekoa bertsolari belaunaldi oso baten garaipena dela esango nuke. Txapela hendaiarraren burura, baina urte askotan elkarrekin plaza ugari egin eta beren bertsolari-bizitzaren garai indartsuenean, samurrenean, txapelketak harrapatu dituen bertsolari generazio oso baten garaipena izan zen igandekoa.

Belaunaldi honetako partaide, eta gure eskualdeko kide da, Aitor Mendiluze. Murgian eta Maulen abesturikoarekin erabat asetuta geratu ez, eta bere buruarekin zorrak kitatzera joan zen finalera. Zorrak kitatu soilik ez, entzulearen bihotzak ere josi zituen eguneko momentu askotan. Bejondeizula Aitor!

Azken aipamena Harituz Tolosaldeko bertsozale elkarguneari. Ez da kasualitatea sari banaketan lekutxoa izatea, zerbait ondo egiten ari garen seinale da. Biba zuek!

Beñat Azaldegi Lakuntza
Harituz-eko kidea

Erlazionatuak

Oihana Iguaran Barandiaranen iritzia: "Ezin Kabitu"

Oihana Iguaran Barandiaran 2013 abe 17 kultura

Aski eta asko izatearen magia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 abe 17 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!