Ataria TB

Aranburutarrak aurrez aurre

Ataria 2026ko apirilaren 30a

Familiatik datorkie iraupen-eskiarekiko sentitzen duten maitasuna. Igor aita iraupen-eskiko arduraduna da Alpino Uzturren. June alabak, berriz, balantze oso onarekin amaitu berri du iraupen-eskiko denboraldia.

Zuretzat zer da parekoa?

Igor: Gauzak oso argi dituen neska bat. Bizitzan zer nahi duen eta zer gustatzen zaion badaki. Oso tematia eta langilea da.

June: Hasteko, aita. Bizitzako arlo askotan laguntzen dit helburuak eta ametsak betetzen. Oso langilea da.

Nola definituko zenuke?

Igor: Oso langilea eta nekaezina da.

June: Beti besteei laguntzeko prest egoten den pertsona da. Oso langilea da.

Zer ezaugarri positibo 
nabarmenduko zenuke parekoaz?

Igor: Oso neska alaia da, nahiz eta batzuetan, denok bezala, bere haserreak izan. Pasioz bizi du gehien gustatzen zaion hori.

June: Gustuko dituen lanetan gogotik egiten du lan, dena aurrera ateratzeko. Bizitakoa besteei erakusteko gaitasuna dauka.

Eta ez hain positiboa?

Igor: Ez da erraza erantzuten! Ez daukat ia ezer txarrik esateko. Purrustadak botatzen ditu tarteka, eta hori ere beharrezkoa da batzuetan. Jenio bizia ere badu.

June: Nik ere antzekoa esango dut! Haserrealdi batzuk ere izaten ditu noizean behin.

Nora joango zinateke gustura parekoarekin?

Igor: Edonora! Familian plan asko egiten ditugu. Zaletasun bera dugu ia denetan; beraz, edozein lekutara joango nintzateke berarekin.

June: Nik ere bai, baina zerbait aukeratzekotan, eskiatzera joango nintzateke berarekin.

Berarekin pasatako une bereziren bat?

Igor: Lehenbizikoz lasterketa batera eskiatzera joan ginenekoa. Candanchun (Aragoi, Espainia) geunden, eta elurte ederra bota zuen. Biak bakarrik geunden lasterketa bezperan. Oso une polita izan zen niretzat.

June: Antzeko zerbait esan behar nuen. Lehiatzen hasi nintzenean, biak bakarrik joaten ginen asteburuetan; ama eta Iker etxean geratzen ziren. Une bikainak pasatu ditugu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!